castellano euskera batua euskera bizkaiera

Erlijiosoak

Bide bateko datuak

1. Bide baten hasiera

Pasiotar Familiak Kurutzeko Pauloren intuizinoan dau bere sorrera; eta berak bilaketa-esperientzi askoren ondoren, batez ere, 1720. urteko azaroaren 23tik 1721. urteko urtarrilaren 1ra, Castelazzoko bakardade aldia deritxona, egitekoa laguntzaz ondo aztertuta bideratu ondoren, 1725. urteko Urte Santuan Benedikto XIII.gandik ahoz jaso eban lagunak batzeko baimena. Horra “Jesusen Pobreak” izeneko Familia Barriaren hasierako urratsa.

2. 1737: Lehenengo komentua

1737. urtean eregiten da lehenengo “Erretirua” (holan deitzen eutsen Kurutzeko Paulok komentuei), Aurkezkundekoa, Argentaro mendian, bizibide barrira atejoka etozanei leku emoteko. Pauloren lehenengo laguna bere anaia Joan Bautista izan zan, geroko guztian fundatzaile lanetan eta bere gogo-zuzendaritzan banandu-ezineko laguna heriotzara arte.

3. 1741: Familia barriaren onarpena

Castelazzoko esperientzialdian, Paulok “Jesusen Pobreentzat” Erregela bat idatzi eban; orain, alkarte-bizitzako esperientzia-aldiaren ondoren, bere behin betiko onarpenerako aurkeztu eban. 1741. urteko maiatzean eskuratu eban hau, bere izenburua aldatuz: “Jesukristo gure Jaunaren Kurutze Santuaren eta Nekaldiaren Klerigu Oinhutsak”, Nekaldiaren OROIPENA zabaltzeko boto berezi bat ezarriz.

 

4. Familia barriaren hedakunde itzela

Onarpenaren ondoren, Kongregazinoaren hedakundea ikusgarria izan zan; urte gitxiren buruan, bederatzi alkarte sortu ziran, Argentaro Mendikoaz gain. 1767. urtean Erroman bertan edegi ahal izan eban ostatu-egoitza txiki bat. 1769. urtean Kongregazinoa Probintzia bitan banandu zan: Erromaz Iparraldekoa (Aurkezkundea) eta Hegoaldekoa, Lazio aldean.

5. 1773: Erroman finkatzea

1773. urtean Erroman etxe handiago bat eregiteko baimena jasoten dau, Joan eta Paulo Santuen basilika ondoan. Hemen izango da Paulo azken Kapituluburu Nagusia, Erregelen behin betiko onarpena eskuratuko dau eta 1775. urteko urriaren 18an berton emongo dau azken arnasea, bere ondorenean halako proiektu zoragarria indarrean izten ebalarik.

6. 1800: Familia barriaren argi-ilunak

Dagoeneko indarrean dago Familia barria, bere itzelezko eragozpen eta guzti. Gizaldiaren azkenetan ezabatua izan zan, eta XIX. gizaldiari 195 erlijiosok emoten deutsoe hasiera. Barriren barri, 1810. urtean, erlijioso-alkarte guztiak Napoleon I.ak ezabatu ebazan eta erlijiosoak hara-hona sakanatu ziran eta banaka bat bidean galdu ere bai.


7. 1838 eta ondorengoak: hedakunde ikusgarria

Orain bai, hain erreza izan ez zan susperraldiaren ondoren, kontuan hartzeko hedakundea nabarmendu zan, Italiako mugetatik haratago: Frantzia, Belgica, Ingalaterra (1842), Ertamerika (1864-65), EE. BB. (1873).

Baina 1878. urtetik gora hartzen dau hedakundeak itzelezko indarra: España, Argentina, Australia, Chile, Cuba...., A. Bernardo Maria Silvestrelli Nagusi Jenerala zala.

1879. urtean heldu ziran lehenengo Pasiotarrak Bilbora, eta hurrengo urtean ezarrita egoan Deustoko alkartea.

8.  1900: Eragozpen guztien gainetik aurrera doa

XX. gizaldian 1.290 erlijiosok osotzen dabe Kongregazinoa, ondorengo urteetan lau Probintzi barri eratuz: Argentina, España, Italia eta EE.BB., 12 indarrean jartzeraino.

Baina eragozpenak beti izan dira bideko lagun, bai Mexikon eta bai Europan Lehenengo Mundu Gudua tarteko.
Baina 1913. urtean Peru-ko misinoa sortzen da, Familia barriak bide barri bati sorrera emonez. Urteak joan ahala, fundazino barriak bata bestearen ondoren datoz eta misiolari garra gehituz doa.

9. 1920: Bizitzaren eta historiaren 200. urtemugaren ospakizuna

Kongregazinoaren bigarren mendeurrenaren ospakizuna (1720-1920) Pasiotar Familiaren bizitzan une esanguratsua da: “Boletin” baten argitalpena hasten da eta honek barru-bizitza sendotu egiten dau, alkarteko batasunaren mistika errotuz. Bestalde, ondorengo urteetan, Kongregazinoa eten barik doa hedatzen eta erlijiosoen kopurua haundiagotzen begibistan.

10. 1925–1964: Erronka barriak eta edakunde indartsua

Aldikada honetan jazoera batzuk garraztuten dabe Pasiotar Familiaren ibilbidea (China-ko lehenengo martiriak, Mexico-ko jazarpenak, Españako Gerra zibila, Bulagaria-koa, etb). Eta hori eta guztiz ere, erlijoso-kopurua eta pasiotarren presentzia lurralde ezbardinetan (Indonesian, Afrikan, Latinamerikan, etb) aurrera doa. Era berean, formakuntzan zerbitzu barriak eskeintzeak “aire” barria sortzen dau pasiotarren Kongregazinoan, argitaratzen hasi diran argitalpen barrien haize gozoen bultzadaz.

11. Vatikano II. Kontzilioa: aire barritzaileak

Kontzilio aldiko eta ondoren urteak eragin haundikoak izan ziran, Kongregazinoko bizitza bide barrietara zabalduz. Orain lortzen da erlijioso-kopururik haundiena: 4.072 (ez ahaztu Kongregazinoa XX. mendea 1.290 erlijiosok osotzen ebela; zenbakiz behintzat gorakada nabarmena da).

Baina Kontzilio ondorengo urteak ere krisi giroa sortzen dabe; 1980. urterako erlijiosoen kopurua 2.970ra jatsita egoan, 81 nobizio baino ez Kongregazino osoan.

12. 1984-2000: Mugaz gainetik

1984. urteko martiaren 2an onartuak izan ziran Estatuto barriak eta, aldikada honetan, Kongregazinoa lehen baino ere gehiago zabaltzen da Hirugarren Mundurantza (Latinamerika, Afrika eta Asia), Pasiotar Familiarentzat hauspo bihurtu zalarik.

13. Kongregazinoa GAUR

Honenbestegaz gaurkora heldu gara, XXI. mendearen hasierara. Hauxe izan da erlijiosoen kopuruari begira izan dan gora-behera guztia. Prozesu baten datuak doguz. Hurrengo atalean osotuko dogu gaur-gaurko datuak emonez, holan BIDE honen ikuspegi osoa izan daigun.

 

 

Presentziak, gaur

 
 
#
# # #
# # #
bidean@bidean.net
orue