castellano euskera batua euskera bizkaiera

Santa MARIA GORETTI

Uztailaren 6a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (1 Kor 6, 13c-15a. 17-20)

"... Edo-ta ez al dakizue zuen gorputza Espiritu Santuaren jauretxe dela? Zuengan bizi da Bera, Jaungoikoak emanda. Ez zarete zeuon buruaren jabe, garesti erosiak baizik. Goretsazue, beraz, Jaungoikoa zuen gorputzarekin..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Korintoko kristau elkartean bada talde bat egin-egina eta heldua dirudiena. Beraien ustezko santutasuna bi aldetara agertzen da, itxuraz kontrajarriak. Batzuk sexuari buruz aszetismo erradikala proposatzen dute, era batera guztietariko sexu-harremanak ukatuz (1 Ko 7.a). Beste batzuk, ordea, neurrigabeko sexualkerira jota, Kristok ekarri digun salbamen bidean horrek inolako zerikusirik ez duelakoan. Paulok azken hauentzat ditu esatekoak. Korintoko "libertariak" beren aldrebeskeriaren zuribidetzat harako kristau askatasun eslogana hartu dute: "Dena zilegi dut" (6,12.a). Apostolua ez da kristau askatasunaren aurka jartzen, printzipioetan behintzat, baina zentzua erabat aldatzen du. "Libertari" direlako hauek, izan ere, munduko gauzen aurrean askatasun osoa, baina ahaztu gabe, beren portaera kristau bizitza osoaren oinarri gainean sinetsiz eta biziz, hartu duten biziera berriaz bat eginda: "Garesti erosiak zarete" (6, 20.a).

- Bigarren arrazoibide horrek gehiago eragiten dio sexutasun zentzuari. Paulo argi eta garbi dago greziarren dualismoaren aurka -gorputz eta arima kontrajarri gabe-; bere ustez, sexutasunak gizaki osoa hartzen du, eta ez gorpuztasuna bakarrik (18.a). Are gehiago, gorputza ere berpizkundera begira dago, beraz, ez da lizunkeriarako, "Jaunarentzat da" (13.a). Hain zuzen ere, Kristoren eta gizateri osoaren berpizkundea sinisteak gorpuztasuna ere gorengo mailara jasotzen du: elkarren arteko harremanez agertzen da eta indartzen da (edo ahultzen) Kristok kristauarengan duen jabetasuna, azken piztueran bete-betean agertuko denez.

- Azkenik, bada beste arrazoi bat ere: kristaua, den osoa, Kristoren eliz atal bihurtu da eta Espirituaren bizileku (15. 19). eta, horregatik, berak erabaki behar du: gorputza "haragi" huts bezala erabili, lizunkeriaz, edota Kristorekin beste erabateko harremanean biziz, Berarekin "espiritu" bat bakarra izanez, hau da, Espirituzko batasun misteriotsuan (17.a).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hainbeste eratako joeren artean (batera zein bestera izan), Paulo zuzen ari da salbamen dohainaren argitara ondorenak ateratzen, Kristorengan eskaintzen zaigunez. Eta, izan, egia da Kristorengan iritsi dugun askatasun bete-betea dela; baina, Paulok dionez, askatasun hori biziera berriari dagokionez erabili behar da: kristaua Kristori eskainia dago eta salbamen harian dago, eta gorputza bera ere batera hartzen da. Horregatik, eskaini zaion errealitate berri horrekin bat datorren askatasunean bizi behar du.

- Argi dago, kristaua, gorputz eta guzti, Kristoren atal da eta Espirituaren bizileku, Jaungoikoak eman digun Espirituarengan. Jauretxean liturgia ospatzen da, Jaungoikoaren aintza iragarriz; beraz, kristauaren gorputzak ere Jaungoikoari aintza eman behar dio. Hauxe da egoera eta kondizio berria eta horrela bizitzera deituak gaude. "Beraz, ez zarete jadanik zuenak, garesti ordainduz eskuratu baitzaizue Jaungoikoak" (20.a): egoera berriaren oinarri eta sustraia hemen daude. Eta hauxe da kristau izatearen eta egitearen irizpidearen jatorria.

- Apostoluak egiten digun deia, egoera berriari dagokionez bizitzera deia da, gaur eta guri, behin eta berriro, iristen zaigun deia. Nire bizitza osoa, nire pertsona izate osoa, betetasun horren barruan dago eta bertatik bizi da. Nire bizitzan dikotomiak eta "sailak" gainditzea, horra eskuartean dugun arazoa. Hauxe da biderako "espiritualtasuna", doantasunez gaur eta beti bizitzeko.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Jn 12, 24-26)

"... Egi-egiaz diozuet: gari-alea lurrean erori eta hiltzen ez bada, bakar gelditzen da; baina hiltzen bada, alea ugari ematen du… Bere bizia maite duenak galdu egingo du; eta bere bizia gorroto duenak mundu honetan, betiko bizitzarako gordeko du..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusen agiriko azken hitzaldia da, Jerusalengo jauretxean, eskua ezarri, kondenatu eta gurutzean hil zuten bezperan. Jesusek badaki zer datorkion gainera eta barrua larritu egin zitzaion; itzelezko estularriaren abisua argia zen, Jetsemaniko beldur ikara larriaren aurre-olatua. Baina testu honetan jasotzen dugu Jesusen ahotik, ze gogoz hartzen dituen Nekaldia eta Heriotza. Hauxe da ebanjelioak eskaintzen digun ingurugiroa.

- Nekaldia eta Heriotza izango dira "bere Ordua", bere unea, bere gailurra. Azalez begiratuta, gertaera horiek "ilunpeen ordua" dira gehiago, ilunpeak argia menderatzen duten ordua. Baina hori itxura baino ez da. Jesusek bere bizia galtzen du; baina, hain zuzen ere, horrexek betetzen du zentzuz eta balorez bere bizitza osoa. Jesusen heriotzari esker, guk Berarengan sinisten dugu, eta horrexegatik Jaungoiko ona benetan ezagutzeko eta geure burua bere seme-alabatzat ezagutzeko aukera dugu. Lurperatua den hazi horretatik sortuko da egiazko Berri Ona.

- Itzelezko testua da: Jesus Berak aditzera ematen digu zer diren bere Nekaldia eta Heriotza. Eta jentilei ere salbatzailetzat agertzen zaie. Iritsi da "goraldua" izateko ordua. Baina iritsi, Nekaldiaren eta Heriotzaren bidez iritsiko da aintzara: hori da lurrean erori eta bizi berria sortzen duen gari-alearen parabolatxoa. Hauxe bera izango da zerbitzariari zor zaion ondorena: Jesusi gurutzera eta aintzara laguntzea. Horrenbestekoa izango da Aitak eskainiko dion ohorea.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesusek adore handiz hartzen du Aitak proposatzen dion bidea: Bera izango da lurrera eroriko den gari-alea eta, hori, berriro indarrez jaiki eta bizi berria emateko. Kontzientzi argiz eta bihotz handiz jokatzen du Jesusek, Aitaren salbamen asmoak betez. Nork lituzken bere erabaki sendo eta argia, burua eskainita horrela egiteko!

- Ilunpeak argiari gehiago egingo diotela iruditu arren, itxuraz baino ez da, ondorengoa bestelakoa delako: bere eskaintzaz, bere bizitza osoa argitan gelditzen da; orain bai ulertzen direla, argi baino argiago, bere hitz eta egintzen indarra eta zentzua. Berak ez du "dotrinarik", ez "filosofiarik" proposatzen; baizik-eta, izateko eta bizitzeko EREDU bat eskaintzen digu. Lurrean erori eta usteltzen den gari-alearen parabolatxoak argitzen du, ezin hobeki, egin den bere aukera eta estiloa.

- Proposamen zoragarria gaur niri, guri egiten zaiguna, Jesusen jarraitzaileoi! Nire eskaintzatik, eta neurrigabeko eskaintzatik, ulertu ahal izango dut bizitzaren sakoneko zentzua, osorik emanez bakarrik berreskuratu ahal izango dudalako sekulako betetasunez. Honen egia jakiteko bide bakarra, horrela jokatzea da. Hemen aurkitzen gara. Anai-arreba, sorte on izan dezazula eta... ea iristen duzun!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue