castellano euskera batua euskera bizkaiera

Biografia

Bila dabilen baten Bidea

#

NOR DA GIZON HAU?

#

BILA DABILEN BATEN BIDEA

#

1694: Ovadan jaiotzen da

Paulo Frantzisko Ovadan  jaio da urtarrilaren 3an, Genovatik 50 kilometro iparmende-baldera. Lukas Danei eta Ana Maria Massariren semea da, 16 seme-alabetatik bigarrena; horietatik 11 haurtzaroan hil zitzaizkien. Familia honetan jaiotza-heriotza izan zen oinarrizko esperientzia. Tabako eta teladenda txiki bat da beraien diru-iturria, hara-hona aldatu beharrean maiz. Familia aurrera ateratzeko aukera hobe baten premiak eraginda, Lukas eta Ana Maria Castellazzora aldatu ziren. Hori dela eta, Paulok ez du izan erregulartasunez eskolara joaterik. Baina amaren nortasun aberatsak Paulorengan eragin handia izan du; egon ere, bizitzako eragozpen ugariei sinesmen sendoz eta biziz aurpegi ematen ohituta dago.

#

1713. zirt-zarteko haserako unea

Haurtzarotik Jesus Gurutzekoarekin maiteminduta zegoenez, gorputz eta anima Beretzat izatea nahi izan zuen...Senitarteko apaiz baten hitzaldiak argituta, Kristo Gurutzekoaren maitasun-garra piztu zitzaion. 19 urteko dela, hartzen du lehen erabaki sendoa: bere izate osoa Jainkoari begira jarri, bere bizitza osoan eta betiko Jainkoari konsakratuz. Berak ere aldikada horri “Penitentzira bihurtzea” deitzen dio.

Baina... Norantz jo?

#

1715. Jainkoaren bide-bila

Jainkoaren ahotsa entzutea iruditu zitzaion harako Aita Santuaren deian, Venecia turkiar gudarostearen mende erortzeko arriskuan zegoela eta, haren esanera jartzeko gogoa piztu zitzaion.  Bere borondatez izena eman du, martiri hiltzeko gogo beroz. Baina otoitz-aldi baten argitan zera ikusi du: ez dela hori bere bokazio-bidea. Eta familiara itzuli da.

1715. urtetik gora, Paulo bakardadera begira bizi da, ermitari bezala bizitzeko gogoz; hala ere, beste bost urte emango ditu familian, bere premiatan lagunduz.

#

1720: eremuzale-biziera hartzen du

Jainkoak gero eta indartsuago deitzen dio bakardadera. Bere gogo-ametsak Alejandriako  gotzainari –Gattinarako Prantzisko Arboreo jaunari- agertzen dizkio. Honek apaiz argi eta jainkozale batzuen kontseju-eske bidaltzen du. Gotzainaren irizpide hau betetzearren, atzera-aurrera luzeak egin ondoren, eremuzaleen ezaugarrizko jantzia eskatu zion. Gattinara jaunak bai pozik eman ere. Horrela dela, azilaren 22. eguna erabakiorra da bere bizitzan: bere familiari agur egin eta eremuzaleen jantzi beltza hartzen du, bere gogo-zuzendari den Gattinara jaunaren eskutik.

#

1720: esperientzia bitxia

Ondorengo sei asteetan (1720ko azaroaren 23tik 1721eko urtarrilaren 1era) San Carlos elizako -Castellazzo inguruan- sakristia osteko logelan egon zen, ostatu baldintza urri-urriekin. Gogo jardunen antzeko zerbait izan zen, ermitau eta sortzaile helburua prestatzen hasteko.

#

1720: berebiziko INTUIZIOA

Paulok bere “Gogo-bizitzako egutegitxoan” ezartzen ditu egun hauetako barne-sentipen eta bizipenak: hor agertzen du norainoko otoitz-mailara iritzi den, baita bere bizitza osoan bizi eta erakutsiko dituen urrats nagusiak. Lehenbiziko egunean ezarriko du bere bizitza osoko oinarrizko jokabide eta jomuga: “Ez dut besterik jakin nahi, ez beste pozbiderik dastatu nahi: Kristorekin gurutziltzaturik bizitzea nahi dut soilik”.

Bakardade-aldi honetan idazten ditu  “Jesusen Behartsuen” Erregelak, sortzaile-ametsak betez.

#

1721: heldutasun-bidean

Berrogeikada hau burutzean, inguruko baselizetako bakardadean bizitzen jarraitzen du, inguruko haurrei katekesia emanez eta igandetan predikatuz.

#

1721. bizitzako konpromesua

Trentoko Konziliotik  aurrera, (XVI. G.) ordena berri bat sortu ahal izateko, beharrezko zen Aita Santuaren baimena: horregatik, Gattinara jaunak baimen hori eskuratu zezala eskatu ziola eta, Paulok Genovatik Erromarako bidea hartu zuen. Erromara iritzi eta, besterik gabe, Vatikanoko atea jo zuen, baina ez zuen inondik inora Inocencio XIII. Aita Santuarekin egoterik iritzi. Santa Maria Nagusia elizan, “Salus Populi Romani” izeneko Andre Mariaren aurrean otoitzari eman zion; bere aurrean egin zuen pasiotarren lehenbiziko botoa: “Gure burua behartzen dugu Kristoren Nekaldiaren oroitzapena bultzatzera eta misio-lagunak elkartzen saiatzera”.

#

1722-1725: bila eta bila

Castellazzora itzuli zenean, Joan Bautista bere anaia bildu zitzaion, sortzaile-lanetan hur-hurreko lagun eta bere gogo-zuzendari bere heriotzara arte (1765). Elkarte-bizitza eramatea erabaki ondoren, bi anai Castellazzotik alde egin zuten. Baselizaz-baseliza dabiltza hiru urtez; aurrena Orbetelloko Argentario mendiko Jaunaren Gizakundeko baselizan; hurrena, Gaetako Cadenako Andre Mariaren baselizan. Behartsuen bizitza eginez, inguruetan katekesia emanez eta ingurumariko eliz-lanetan lagunduz. Hegoalderantz jo zuten, Troia aldera; hemengo gotzainak ere, lehenago Gattinarako gotzainak bezala, Erromara bidali zituen, Aita Santuaren baimen-eske.

#

1725: familia BERRIAREN lehen urratsak

Urte Santua zen. Paulok eta Joan Bautistak Jubileuko Barkamenak irabazi nahi zituzten. Kardinal baten laguntzaz, Benedikto XIII. Aita santuak Erromako eliza batera egin zuen bisitaldiaz baliatuz, “Jesusen Behartsuak” proiektua berari agertu zioten. Aita Santuak hitzez baietza eman zien, baina inolako idazkirik gabe, eta lagunak biltzeko baimena ere bai. Civita izeneko Andre Mariaren baselizara erretiratu ziean hilabete batzuetarako.

#

1726. nekeminaren ikutua

Itriko baselizan beste eremuzaleekin elkarbizitzaren esperientzia ez zen emankorra izan. Corradini kardinalak aukera berri bat jarri zien aurrean: Erroman oraindik amaitzear zegoen Gallicano ospitalean gaixozain zerbitzuan jartzea; ezkabiak jotako gaixoak zainduko zituzten; benetan eginbehar neketsua, gutxirentzat eramangarria. Horregatik egoitzako zuzendariak IRAUPEN-BOTOA eskatzen zion ospitaleko langilegoari. Paulo eta Joan Bautista hartara jarri ziren. Ospitaleko zuzendari sendagileak, apaiza zenez, gaixoen espiritu-bizitzako ardura eskaintzen die; eta, guztien onari begira, apaizgintza hartzeko prestatu daitezela adierazten die.

3

1727: apaiz-ministeritza

Ekainaren 27an, Benedikto XIII. Aita santuak apaiz ordenatzen ditu. Paulok 33 urte ditu.

San Gallicanoko esperientzia porrota garratza bilakatu zaie: han jarraitzekotan, “Jesusen Behartsuen”fundazioa airean geldituko zen, areago herriari Jesusen Nekaldia iragartzeko asmoa; gainera, bere izaera eta sentiberatasuna ez ziren eginkizun horretarako hain egokiak. Corradini kardinala bitarteko zela, Aita Santuarengandik lortu zuten Iraupen-Botoaren askapena, eta Argentario mendira erretiratzeko baimena. Han Orbetelloko baseliza batean ostatu hartu zuten, Napoles eta Toscana erreinuen tarteko mugetan. Hemen hasten da lehenbizikoz elkarte-itxurak hartzen.

#

1737: lehenbiziko komentua eta martxan jartzea

1730. urtean eman zuten lehenbiziko misioa inguruko herri batean: Talamonan. Urte batzuk geroago bildu zitzaien beraien anaia Antonio eta beste hainbeste gazte prailegai. Baselizatxoa baino bizileku zabalago baten beharrizana sortu zitzaien. Paulok “erretiroa” deitu zion, munduko zurrunbilotik aparte egotea azpimarkatuz. Lurraldea Napolesko erreinu-zatia zen; eta bertako Carlos erregeak (geroago Espainiako Carlos III.) urteko16 dukat errege-eskubideen ordain-saria barkatu zien. Andre Maria Elizan Eskainiaren etxe eta elizaren bedeinkapena 1737. urtean ospatu zen. Inguruetako gotzainak laster eskatu zien beren laguntasuna, ikazgin, egurgin, arrantzale eta artzainen kristau bizitzari eusteko.

1741: familia berriaren onarpen ofiziala

Ordurako Paulok idatzirik zeukan “Jesusen Behartsuen” Erregela, eta Aita Santuaren onarpena eskatu zuen. Batzorde batek testua aztertu zuen eta penitentziazko gogortasuna leundu zuen, erlijiosoak elkarbizitza eramateko eta apostolutzan aritzeko beste indar izan zezaten. Eta 1741. urteko maiatzean Benedikto XIV.ak onartu zuen, baina “Jesusen Behartsuak” ordez, “JESUKRISTO GURE JAUNAREN GURUTZE SANTUAREN ETA NEKALDIAREN APAIZ  ERREGULAR OINHUTSAK” deituak izango dira, Kristoren Nekaldiaren oroitzapena egin eta bultzatzeko boto berezia ezarriz. Nekaldiko aipamen hauengatik, herriak era askotara deitu izan ditu: “Pasioneruak”, pasionarioak”, “pasioko fraileak”, eta azkenik “pasionistak”. Egia esan, honelako deiturarik ez zuen sekula erabili sortzaileak berak). Aita Santuaren onarpenaren ondoren, guztiak egin zuten erlijioso-profesa, beraien abizenak aldatuz: harrezkero, Paulo beti izango da “Gurutzeko Paulo”.

 

#

1746: Nagusi Jenerala eta Lehenbiziko Kapitulua

Aita Santuak berriren berri onartu zituen Erregelak, baina Erregularrak eta Gurutza hitzak kenduz, eta lehenbiziko Kapitulua bedeinkatuz. Paulo Gurutzekoa bera hautatua izan zen Jeneral Nagusi izateko. Handik aurrera, elkartetxe edo erretiro berriak eraikitzeko pausoak  eman zituen, beraietako gogo-bizitzari eta apostolutza-garrari eutsiz; batez ere, eliz zerbitzu urria zeukaten padura lurralde eta irletan.

Geroago batetan, Paulo Gurutzekoa argitzen joan zen eskutitzetan bere sortzaile izateak sortu zion gurutze astuna: “Nire larritasuna gero eta handiagoa da eta beldurrez nago, zahartzaroan hau dena lur jota ikusiko ez ote dudan, dena ke-multzo bihurtuz”.

#

1744-1761: familia berriaren zabalkunde sendoa

Benedikto XIVak Konstituzioak onartu zituenetik, Kongregazioak, zuhaitz gazte bailitzan, laster zabaldu zituen hara-hona bere adarrak, kontrajarritako lagunarte jakin batzuen traba eta guzti: Vetralla (1744), Soriano (1744), Ceccano (1748, Toscanella (1748), Falvaterra (1751), Paliano (1752), Terracina (1752), Monte Cano (1758), San Jose (1761), nobiziadu-etxe izateko, Argentario mendian. 1767. urtean zabaldu ahal izan zuen Erroman egoitza-ostatu txiki bat, Santokristori eskainia.

1769. urtean Kongregazioa Tarquinia-Corneton ezarri zen, etruskotarren hiriburuan, eta bi probintzietan  banatu zen: bata Erromatik iparraldera, Aurkezpenaizenez, eta bestea hegoaldera, Lacio lurraldean, Birjina Nahigabetua  izenez. Urte berean  berronartuak izan ziren, “Jesukristo Gure Jaunaren Gurutz Txit Santuaren eta Nekaldiaren ikurrinpean borrokatzen duten elizgizon oinhutsentzat Erregelak”.

#

1771: bizi-adierazpen berria

1735. urtetik gora, ba zebilen Pauloren buru-bihotzetan beste amets bat: Pasiotar erlijiosen monastegi bat irekitzea.  Bere gidaritzapeko Luzia Burlini izan zen horretara bultzatu zuenetako bat; “Kalbarioko Usoak” deitzen zituen. Baina amets eder hau hezurmamitzeak etengabeko joan-etorriak eta ardurak eskatzen zizkion, eta Paulok nahiko eta gehiegi buruhauste zeukan bere misio-gintzan eta Institutoaren zuzendaritzan. Ordurako osasuna ere txepeltzen hasia zeukan, batez ere artrosisa zela eta. Baina, azken batean, 1771. urteko maiatzaren 3an ireki zen Tarquinian pasiotar emakumeen lehenbiziko monastegia.

#

1773: Erroman finkatzea: oparia.

Urte honetan, Clemente XIV. Aita Santuak eskaini zion aukera aproposa Erroman etxe ederrago bat izateko, Joan eta Paulo martiri santuei eskainitako basilika ikusgarri eta guzti; Paulo eta Joan Bautista Danei bi anaien izen berekoak, egin-eginean. Hantxe izan zen buru azken Kapitulu Orokorrean, Erregelen behin betiko onarpena jasoz.

#

1775: bizitza burutzea

Urriaren 18an Erroman hil da, Joan eta Paulo santuen etxean, egitasmo zoragarri bat martxan eta indarrean jarri ondoren.

82 urte betetzear zituela, 230 apostolutza-ekintzetan parte hartu izan  zuen (misio santuak eta gogojardunak), eta gogo-zuzendaritzako eskutitz pila bat utziz: 2.000tik gora ezagutzen dira gaur egun, hiru eratakoak: a) Senideei, adiskideei eta bere gidaritzapeko lagunei; b) Institutoari izkribuak edo erlijiosoei eskutitzak; eta d) beste batzuei arazo ezberdinei buruz. Gehienak argitaratuta daude.

Paulo Gurutzekoak ez zuen iritzi bere bi amets eder hauek martxan ikustea: a) “Ad gentes” misiogintza eta b) Ingalaterran finkatzea, Anglikarrak Eliz Katolikora itzultzen laguntzeko. Amets hauek geroago gauzatuko ziren. Paulo Gurutzekoak bere apostolu-bizitza emankorra utzi zion Elizari, Kristoren Nekaldiaren espiritualtasun berezia eta 166 erlijioso eginen laguntza.

#

Jarraitzaile-eredua

Pauloren santutasuna zabal eta sendo ezarrita zegoen Italiako lurralde askotan; hil eta berehala hasi zen bere beatifikazio eta kanonizazio-prozesua; baina gizarte eta politiko giro aldrebesak astiroagotu zuen hasierako abiadura: Frantziako Iraultza, Napoleon Italian indarrez sartzea, lekaide-lekaimeen elkarteak ezabatzea, Aita Santuaren aurkako italiarren batasun-mogimenduak, pontifize-estatuen desjabetzea, burgesiaren iraultzak... Joanak joan, Pio IXak beatifikatu zuen 1853.urteko maiatzaren 1an, eta kanonizatu 1867.urteko ekainaren 29an. Bere erlikiak 1880.urtean ireki zen kapera eder batean gordetzen dira, Joan eta Paulo santuen basilikari erantsia.



 

Jatorria - Bidea

 
 
bidean@bidean.net
orue