castellano euskera batua euskera bizkaiera

Gure bizitzaren oinarriak

# # #

Pasiotarren bokazinoa

1

San Paulo Kurutzekoak lagunak batu ebazan, alkarrekin bizi eitezan Kristoren Ebanjelioa gizakiei zabaltzeko.

Hasieratik “Jesusen Behartsuak” deitu zituen, hareen bizierak ebanjelio-pobretasunean oinarrituta izan behar eben ezkero, hau hain beharrezkoa dalako beste ebanjelio-aholkuak betetzeko, otoitzean irauteko eta Kurutzearen Hitza etenbarik zabaltzeko.

Bestalde, lagun horreek “Apostoluen antzera” bizi eitezan nahi izan eban, eta otoitz, penitentzia eta bakardade espiritu sakona landu egien, horrela Jainkoarekin batasun estuagoa lortu eta haren maitasunaren lekuko izateko.

Bere garaiko gatxak argi sumatuz, aspertu barik aldarrikatu eban horreintzako osagairik onena Jesukristoren Nekaldia zala, hau dalako “Jainko-maitasunaren egintzarik bikainena eta harrigarriena”.

2

San Paulo Kurutzekoaren barruan Espiritu Santuak eragina izan dauala ezaguturik, Eleizak bere aginpiderik gorenaz baieztu zituen gure Kongregazinoa eta honen Erregelak, bizieraz eta apostolutzaz Nekaldiaren Ebanjelioa zabaltzeko aginduarekin baieztu ere.

Agindu honek beti gordeten dau bere indarra eta balio osoa.

Beraz, hori gaurkotzeko batzen gara apostolutzako alkarteetan, Jainkoaren Erreinua etorri daiten lan eginez.

Jainkoaren laguntzan fidatuz, Ebanjelioaren arnasari eta gure Sortzailearen ondareari leialtasunez eutsi nahi deutsegu, giza ahuleriaren mugak gorabehera.

3

Kristo bere ospean etorri arte haren Nekaldiak mundu honetan jarraitzen dauala jakinik, Aitarengana doan gizadiaren pozaldi eta nahigabeetan partaide gara. Gizakien atsekabeetan parte hartzen ahalegintzen gara, batez ere behartsu eta baztertuen atsekabeetan, eta honeen sufrimentuak arintzeko kontsolamentua emoten ahalegintzen gara.

Kurutzearen indarrez, ha Jainkoaren jakituria dalako, adoretsu ahalegintzen gara gizakiak nahigabetzen dabezan gatxen sustraiak argitzen eta kentzen.

Hori dala eta, gure egitekoa Ebanjelioa zabaltzea da, Kurutze-Hitzaren ministeritzaz baliatuz, horrela gizaldi guztiak Kristo eta haren biztueraren indarra ezagutu dagien, haren nekeetan partaide eta haren heriotzan antzeko izan daitezan, haren aintza lortzeko. Danok hartzen dogu esku apostolutza honetan, nork bere ahalmen, gaitasun eta eginkizunen arabera.

4

Onartzen ditugu Kristo kurutziltzatuari jarraitzeko Aitak egin deuskun dei bereziak gutariko bakoitzari dakartson eskabide larriak, hau da, Kristoren Ebanjelioa gure bizitzako arau nagusi eta erizpide bihurtzeko ahalegin etengabea; anaiarteko alkartean pozez bizi eta lan egiteko borondate iraunkorra, Konstituzino honeek San Paulo Kurutzekoaren arnasaren arabera betez; gure barruan otoitz espiritua suspertzeko eta besteei otoitz egiten irakasteko asmo sendoa; eta, gainera, senideen preminekaz ardura bizia, horreek Kurutzearen Hitzaz kristau bokazinoaren betera gidatzen ahaleginduz.

5

Jesukristoren Nekaldiagazko gure sagaratzea

Geure bizitzaren eta apostolutzaren batasuna Jesukristoren Nekaldian bilatzen dogu. Hauxe da Jainko-indarraren agerpena, gatxaren indarra suntsitu eta Jainkoaren Erreinua eraikitzeko munduaren barruan dabilana.

“Bere haundi-izateaz hustu eta esklabu-izaera hartu eban” haren bizitzan eta egitekoan parte hartzera deituak izan garalako, Kristori begira gagoz etengabeko otoitzean, harek bere bizia gure alde emonez Jainkoak gizakiei deutsen maitasuna agertzen daualako, baita honeek Aitarengana heltzeko jarraitu behar daben bidea ere. Gogoemote honek gero eta gaiago egiten gaitu haren maitasuna adierazteko eta besteei laguntzeko, horrela euren bizia Kristogan Aitari eskeindu deioen.

6

Kristoren Nekaldian dogun partaidetza -norberarena, alkartekoa eta apostolutza mailakoa-, botu berezi baten bidez adierazten da. Botu honen bidez, Kristoren Nekaldiaren oroimena hitzez eta egitez sustatzera behartzen dogu geure burua, horrela Nekaldiak gizaki bakoitzarentzat eta munduaren bizirako dauan esanahia eta indarra sakonago ezagutarazteko.

Botu honen bidez gure Kongregazinoak badau bere lekua Elizan eta bere egitekoa betetzen ahalegintzen da bete-betean.

Lotura honen argitan bizi ditugu ebanjelio-aholkuak, botua egunoroko bizitzan betetzen ahaleginduz.

Horrela, gure alkarteak salbamenaren legamina izaten ahalegintzen dira Elizan eta munduan, eta Kristoren Nekaldiaren oroimena bizi dogu geure garaian.

# # #

 

 

 

Jatorria - Bidea

 
 
bidean@bidean.net
orue