castellano euskera batua euskera bizkaiera

Gure bizitzaren oinarriak

# # #

Pasiotarren bokazioa

1

San Paulo Gurutzekoak lagunak bildu zituen, elkarrekin bizi zitezen Kristoren Ebanjelioa gizakiei zabaltzeko.

Hasieratik “Jesusen Behartsuak” deitu zituen, haien bizierak ebanjelio-pobretasunean oinarritua izan behar zuenez gero, hau hain beharrezkoa baita beste ebanjelio-aholkuak betetzeko, otoitzean irauteko eta Gurutzearen Hitza etengabe zabaltzeko.

Bestalde, lagun horiek “Apostoluen antzera” bizi zitezen nahi izan zuen, eta otoitz, penitentzia eta bakardade izpiritu sakona landu zezaten, horrela Jainkoarekin batasun estuagoa lortu eta haren maitasunaren lekuko izateko.

Bere garaiko gaitzak argiro sumatuz, aspertu gabe aldarrikatu zuen horientzako sendagairik onena Jesukristoren Nekaldia zela, hau baita “Jainko-maitasunaren egintzarik bikainena eta harrigarriena”.

2

San Paulo Gurutzekoaren baitan Espiritu Santuak eragina izan duela ezaguturik, Elizak bere aginpiderik gorenaz baietsi zituen gure Kongregazioa eta honen Erregelak, bizieraz eta apostolutzaz Nekaldiaren Ebanjelioa zabaltzeko mandatuarekin baietsi ere.

Mandatu honek beti gordetzen du bere indarra eta balio osoa.

Beraz, hori gaurkotzeko biltzen gara apostolutzako elkarteetan, Jainkoaren Erreinua etor dadin lan eginez.

Jainkoaren laguntzan fidatuz, Ebanjelioaren arnasari eta gure Sortzailearen ondareari leialki eutsi nahi diegu, giza ahuleriaren mugak gorabehera.

3

Kristo bere ospean etorri arte haren Nekaldiak mundu honetan jarraitzen duela jakinik, Aitarengana doan gizadiaren pozaldi eta nahigabeetan partaide gara. Gizakien atsekabeetan parte hartzen ahalegintzen gara, batez ere behartsu eta baztertuen atsekabeetan, eta hauen sufrimenduak arintzeko kontsolamendua ematen saiatzen gara.

Gurutzearen indarrez, hura Jainkoaren jakituria baita, adoretsu saiatzen gara gizakiak nahigabetzen dituzten gaitzen sustraiak argitzen eta erauzten.

Hori dela eta, gure egitekoa Ebanjelioa zabaltzea da, Gurutze-Hitzaren ministeritzaz baliatuz, horrela gizaldi guztiek Kristo eta haren biztueraren indarra ezagutu ditzaten, haren nekeetan partaide eta haren heriotzan antzeko izan daitezen, haren aintza lortzeko. Denok hartzen dugu esku apostolutza honetan, nork bere ahalmen, gaitasun eta eginkizunen arabera.

4

Onartzen ditugu Kristo gurutziltzatuari jarraitzeko Aitak egin digun dei bereziak gutariko bakoitzari dakarzkion eskakizun larriak, hots, Kristoren Ebanjelioa gure bizitzako arau nagusi eta irizpide bihurtzeko ahalegin etengabea; anaiarteko elkartean pozez bizi eta lan egiteko borondate aspergaitza, Konstituzio hauek San Paulo Gurutzekoaren arnasaren arabera betez; gure baitan otoitz izpiritua suspertzeko eta besteei otoitz egiten irakasteko asmo sendoa; eta, gainera, senideen premiekiko ardura bizia, horiek Gurutzearen Hitzaz kristau bokazioaren betera gidatzen saiatuz.

5

Jesukristoren Nekaldiarekiko gure sagaratzea

Geure bizitzaren eta apostolutzaren batasuna Jesukristoren Nekaldian bilatzen dugu. Hauxe da Jainko-indarraren agerpena, gaitzaren indarra suntsitu eta Jainkoaren Erreinua eraikitzeko munduaren barnean ari dena.

“Bere handi-izateaz hustu eta esklabu-izaera hartu zuen” haren bizitzan eta egitekoan parte hartzera deituak izan baikara, Kristori begira gaude etengabeko otoitzean, hark bere bizia gure alde emanez Jainkoak gizakiei dien maitasuna agertzen baitu, baita hauek Aitarengana heltzeko jarraitu behar duten bidea ere. Gogoemate honek gero eta gaiago egiten gaitu haren maitasuna adierazteko eta besteei laguntzeko, horrela beren bizia Kristogan Aitari eskain diezaioten.

6

Kristoren Nekaldian dugun partaidetza -norberarena, elkartekoa eta apostolutza mailakoa-, botu berezi baten bidez adierazten da. Botu honen bidez, Kristoren Nekaldiaren oroitzapena hitzez eta egitez sustatzera behartzen dugu geure burua, horrela Nekaldiak gizaki bakoitzarentzat eta munduaren bizirako duen esanahia eta indarra sakonago ezagutarazteko.

Botu honen bidez gure Kongregazioak badu bere lekua Elizan eta bere egitekoa betetzen saiatzen da bete-betean.

Lotura honen argitan bizi ditugu ebanjelio-aholkuak, botua egunoroko bizitzan betetzen saiatuz.

Horrela, gure elkarteak salbamenaren legamia izaten saiatzen dira Elizan eta munduan, eta Kristoren Nekaldiaren oroitzapena bizi dugu geure garaian.

# # #

 

 

 

Jatorria - Bidea

 
 
bidean@bidean.net
orue