castellano euskera batua euskera bizkaiera

Idazkiak

"" "" ""

ESKUTITZAK - Aurkezpena

1. Hona hemen Paulo Kurutzekoak gogo gartsuz landu eban esparru zabala. Berak autortzen deuskunez, “astero 20, 24 eta 30 eskutitz idatzi ohi ebazan”. Gitxi batzuk gordeten dira: 2.000ren bat. Zergaitik hori? Sarritan berak aginduten eutsen jasotzaileei sutan erreteko. Beragandik eskutitz asko jaso ebezan beste pertsona batzuk ere bardin autortzen deuskue: desagertu egin ebezala: esaterako, Rosa Calabresi, Paulogaz zortzi urtetik gora eskutitzez hartemona izan ebanak. Gaixoaldi larri baten danak erretzeko agindu eban -500tik gora- inok euren barririk ez egian jakin.

Paulo Kurutzekoaren egitekoaren joan-etorriak gogoan hartzen badoguz -apostolutza, komentu barriak eregitea eta Kongregazinoaren zuzendaritza-, errez ulertzekoa da gau beranduko orduetan sarri jardun beharko ebala. Berak dinonez, euretariko asko prixaz idatziak dira denporarik ezagaitik. Beste batzuetan idazkeratik ere nabari da. Sarritan asko kostatzen jakon idaztea, bere gaixotasunaren mugak eraginda. Halan ere, gordeten diran eskutitzak ia danak bere eskuz idatziak dira.

 

2. Beragaz eskutitzez hartuemona ebenak gizarte maila askotarikoak ziran: Aita Santuak, kardinalak, politika eta gizarte munduan eragile ziran pertsonak, familiako aita-amak, gazteak, etb. Euretarik gehienak abade eta erlijosoei zuzenduak dira, batez ere, Pasiotarrei eta monja kontenplariei. Harritzekoa da zelan bat-eginten dauan jasotzaile bakotxaren egoera jakin bategaz.

 

3. Eskutitzen edukiari dagokionez, talde bi azpimarratu daikeguz: Kongregazinoko zuzendaritzakoak eta espirituzko gidaritzakoak. Hamabi komentu eregiteak eta Erregelak hainbeste bider onartzeak eta baieztatzeak kontau ezin ahala eskutitz idaztera behartu eben, espirituzko gidaritzakoak gehiago badira ere. Holakoetan ez da barri-emote hutsa edo kontseju jakin batzuk emotea: behin baino gehiagotan -eta sarri hiru-lau idatzitako orrialdeetan- jasotzailearen sinismen-mistikako bizitzagaz zerikusia daukan gaia agortu arte.

 

4. Eskutitzei darioen konfidentzial giroak agertzen dauanez, zuzentzen ebazanakaz adiskidetasunez jokatzen eban. Behin baino gehiagotan edegiten deutse bere bihotza eta bere ardura eta lanen barri emon ere bai, bere pozak eta esperientzi positiboak kontatuz. Fundatzaileak komunikatu beharra sentitzen eban. Eta barru-bizitza komunikatzeko ahalmen honen bidez ikasleen konfiantza irabazten eban, euren kontzientzia osoan zabalduz. Konfiantza eta adiskidetasun hau ez zan bere helburu, arimak Jainkoagazko batasunera eroateko bide baino. Gordeten diran eskutitzik gehienak espiritu-zuzendaritzakoak diranez, Pauloren espirituzko bizitzaren pentsakeraren barri zehatzena euretatik jaso dogu. Hor-hemenka agertzen diran zehaztasunetan agertzen dira bere nortasunaren ezaugarriak. Eskutitz honeek doguz, euren bizitasunari esker, Paulo Kurutzekoaren izpilu argi.

 

5. Idazkeraren aldetik ez dauke apartekorik ezer. Euren egikerea xumea da, eta azalpenak eta ideiak aukeratzen ibili bakoak. Laburbatuz, hauxe esan daikegu: gordeten diran ia 2.000 eskutiz honeek diala iturri nagusia, san Paulo Kurutzekoaren espirituzko dotrina ezagutzeko.

Hemen eskeintzen doguz ESKUTITZ guztietatik banaka bat. Ez dago beste biderik. Ikerketa honetan sakonago jo gura dauanarentzat, eskuratu daiteken iturria eskeintzen deutsogu eta danetatik aukeraketa on bat egin daiteke. “Cartas y Diario de San Pablo de la Cruz” ediciones Pasionario, Madrid, 1.968.

(Oharra: Eskutitz honeen aukera barri bat, askoz zabalago, osoago eta erderaz argitaratzear dago)

"" "" ""

 

 

 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
# # #
bidean@bidean.net
orue