castellano euskera batua euskera bizkaiera

Historia

Aitamen historikoa

JESUSEN BIHOTZ SANTUAREN PROBINTZIA

1.          Aparteko intuizinoa

Pasiotar Familiaren ibilbide historikoak jatorri zehatza dau: XVIII. mendeko Italia; eta gizon karismadun handi bat: Paulo Danei Massari, PAULO KURUTZEKOA lez ezagutzen doguna.
1694ko urtarrilaren 3an jaio zan. 1720an aparteko esperientzia bizi izan eban, berrogei eguneko erretiroan. Hemen itxuratu eban bere intuizinoa: “Jesusen behartsuak” izango dira. Hona hemen Familia barriaren lehen deitura.
Hemen hasten da Familia honen historia bizia: garapen denbora; etenbako bilaketa; Erromako Eleizearen onarpena lortzeko eskaera; lehenengo komentua; ekintza apostoliko betea; 1741eko maiatzean lorturiko Familia barriaren onarpen ofiziala; hedapen indartsua; eta bere Familiaren onerako eta Eleizearen zerbitzuan jarri izan eban bizitza betea.

Espirituak Eleizeari egin deutson dohain ederra,
bete-betean besteentzat bizierazoz frutu oparoak emoten dituana.

 

2.      1775: mistiko baten ondarea

Kurutzeko Paulo Erroman hil zan 1775eko urriaren 18an, egiaz iradokitzailea dan proiektua zehaztu eta bideratu ondoren.
Kurutzeko Paulok apostolu bizitza oparoa itzi eutson Eleizeari, espiritualtasun berezia, eta 166 erlijioso botodunen taldea, Italian zehar 11 komunitatetan banandurik.

Gizon paregabe honen ondarea Familia eder bat da,
orain, Paulo Kurutzekoaren espirituak eraginda,
haren bidetik aurrera egin nahi dauana.
Baina… beti kurutzea bide-erakusle dauala.

3.    1810-1840: argiuneak eta ilunaldiak eta itxaron beharra

1810ak eragozpen handiak ekarten deutsoz Kongregazino gazteari, Napoleon I.ak korporazino erlijiosoak ezabatu eta erlijiosoak sakabanatu ziranean; baina, apurka-apurka, indarbarritu ondoren, urrats erabakigarria emon eban: Italiatik kanpora zabaldu zan; lehenengo Ingalaterrara, eta gerotxoago Estatu Batuetara eta Erdialdeko Amerikara. Nahiz eta nahiko oztopo aurkitu bidean.

Baina barruan daroan biziak birjaioerazo egiten dau
eta harrigarriro hedatzen da.
Krisiaren ondoren indar barriz dator argia.

 

4.    1878: egundoko zabalkundea

Aita Bernardo Maria Silvestrelli, Kongregazinoko Jeneral barriagaz, Pasiotar Familiaren edegite nagusia eta berebiziko zabaltzea jazoten da. Fundazino barriak egiten dira Espainian, Argentinan, Australian, Chilen, Kuban.

Bizi hazi hau gure lurrean ereina izan da
eta muskil barria ernemintzen hasten da.

5.    1878-1880: Probintzia BARRIAREN ernemina

Hainbeste ahaleginen ondoren, batez ere Santanderko aukera baztertu eta gero, 1879. urtean Bilbora helduten da bost erlijiosoko lehen taldea, eta, hasiera batean, Atxuriko komentu batean hartzen dabe ostatu, eta geroago, Familiako Erregelen eskakizunei erantzuteko, emakume aberats batek doan emondako Deustuko leku bakarti batera igaroten dira.

Hazia ernemindu da
eta Kurutzeko espiritua frutuak emoten hasten da Euskal Herrian.
Berebiziko balentriakaz burutuko dan historiaren hasiera da.

6.    1880: lehen komentua eta Pasiotar alkartearen lehen urratsak

1880ko otsailaren 12an egin zan Deustuko komentuaren bedeinkapena eta alkarte bizitzari, misino jardunari eta bokazino hezkuntzari hasiera emon jakon Erregelen arabera. Ondorengo uztailaren 4an nobizio-etxea egin eben eta, egun batzuk gerotxoago, hilaren 12an, Madrilgo gobernuak Espainian finkatzeko baimena emon eutsen Pasiotarrei. Aita Amadeo Garibaldi Komisario Jeneral, nagusi eta nobizio maisu izendatu eben.
Bitartean, eleizea eregiten jarraitu eben, hilabete gitxi batzuk geroago, 1881eko maiatzaren 28an, bedeinkatua izan zalarik.

Proiektua martxan jarri eta berebiziko indarrez zabaldu zan;
urte gitxitan, ernemina zuhaixka bihurtu zan.


7.    1881-1886: erlijiosoak ugari eta hedapen barria

Italiatik eta Frantziatik heldutako erlijioso gehiagori, nobizioei eta botodun barriei esker, Deustuko alkartea hazten joan zan. Horregaitik, fundazinoa zabaltzeko leku barri bat bilatu zan, eta 1882an etxe barria edegi zan Peñafielen (Valladolid).
Baina Deustuko pilaketak nobizioentzat leku bakartiagoa eskatzen eben, eta Angostoko Ama Birjinaren Santutegiaren ondoan aurkitu zan leku hori, Villanañen (Araba). 1885. urtea zan. Urte berean beste alkarte bat edegi zan Mondoñedon (Lugo).
Aita Jeneralak, 1885eko urriaren 6an, lau alkarteakaz Probintzia-ordea egin eban.

Eta onarpen ofiziala lortzen da:
JESUSEN BIHOTZ SANTUA izango dau deitura,
eta bihotz handiko eta seme ugariko ama suertatuko da.

8.    1886: Erlijioso Probintzia barria eregiten da

Halako zabalkundea eta pasiotar bizitzarako bokazinoen ugaritasuna ikusita, 1886ko azaroaren 26an Probintzia BARRIA sortu zan Jesusen Bihotz Santuaren deituraz, era ofizialean, 1887ko urtarrilaren 1ean, bere ibilbidea hasten ebalarik. Aita Amadeo Garibaldi izango da Nagusi Probintziala 1899ra arte; urte honetan Kongregazinoko Kontseilari Jeneral hautatua izan zan. 1905ean Jesusen Bihotz Santuaren Probintzia honetako Nagusi Probintziala lez etorriko da barriro.

Zabalkundea erruz gertatzen da
eta mugak “apurtu” egiten dira
itsas bestalderaino heldu arte.

9.          Zabalkunde denborak

Zuhaitz gaztea oso indar handiz joian zabaltzen. Eta pasiotar presentzia eta apostolutza gauzatzeko arlo barriak edegi ziran: Peñarandan (Burgos), 1887an; Korellan (Nafarroa), 1899an; Santanderren, 1902an; Zentronikon (Nafarroa), 1903an.
Eta edegite hori itsasoz bestaldera ere zabaldu zan, Chile eta Kuban hainbat fundazino egiten ziralarik. Era berean, 1893. urtean Jesusen Bihotz Santuaren Probintziak bere ardurapean hartu ebazan Mexikon aurretik eregiak egozan fundazino bi. Horregaitik, XX. gizaldiaren hasieran, Probintziak 11 komentu eta egoitza bi ebazan.

Familiara ugari batu diran bokazino barrien kopuruak
eta bere barruko indarrak
ernemin barriak sortuazoten ditu.

10. Probintzia barri biren sorrera

1893. urtean, Jesusen Bihotz Santuaren Probintziak Mexikoko etxe bien ardura hartu eban. Hori zala eta, Espainiako komunitateetatik ikasle talde batek, abade bat buru ebela, harako bidea hartu eben, eta nazinonalitate ezbardinetako alkartea (italiarrak, iparramerikarrak, mexikarrak eta espainiarrak) eratu eben. Urteak aurrera, 1905eko Kapitulu Jeneralak, Probintzia barri baten sorrera onartu eban, Familia Santuaren deitura izango ebana, eta bere egoitza nagusia, urteen joan-etorrian, Zaragozan finkatuko zana.
Urte batzuk geroago, 1923. urtean, erlijioso Probintzia barria sortuko zan, Odol guztiz Baliotsuarena, eta bere egoitza nagusia Madrilen izango ebana.

Misino espirituak indar berezia hartzen dau
eta hedadura barria jarten da bidean.

11.        Misino zabalkundea

Probintziarentzat egundoko garrantzia izango eban jazoera suertatu zan MISINO LURRETARA zabaltzea. Hain zuzen, 1913. urtean Perura helduten da. Urte honetatik aurrera, Pasiotarrek Peru aldeko Amazonas inguruko lurraldean eginiko ebanjelizatze lana, historia honen alderdi azpimarragarrienetakoa da eta Eleizearen ezarpenerako eta mundu barriaren aurrerabiderako Kongregazinoak, maila sozial eta ekonomikoan pobre eta apalduenetakoa zan eskualdean, emon dauan ekarpena nabarmentzen dau.

Proiektua sendotu egin da
eta bere-berea dauan nortasun berezia hartu dau
heldutasun onargarria lortuz.

12.        Erlijioso Probintziaren behin betiko sendotzea

Probintzia berari biren sorrerak, Familia Santuarena (1905ean) eta Odol guztiz Baliotsuarena (1923an), garapen historiko baten hasiera markatzen dau, nortasun eta ezaugarri bereziak dituana. Lehen unean Euskal Herrian, Nafarroan, Galizian, eta Perun egoan kokaturik Probintzia; baina geroago Kolonbiara, Puerto Ricora eta Dominikar Errepublikara zabaldu zan. Etxe eta erlijiosoen kopuruari dagokienez hirurogeigarren hamarkadan, 380 erlijiosoakaz, lortu zan kota garaiena; baina ondorengo urteetan zenbaki hau apurka-apurka beheraka etorri zan, nahiz eta Hispano Amerikan itxaropena biztuten dauan bokazino gehiagotze txiki bat izan.

Mundua eta kultura aldatzen doaz,
azkar baino azkarrago aldatzen,
eta horrek Pasiotar Familian
eragin handia izango dau.

13.          Vatikanoko II. Kontzilioa

Azken 35 urte honeetan, ALDAKETA nagusitu da, bere argiune eta ilunaldi eta guzti. Erlijioso kopuruaren gitxitzeak, batez ere, itaun kezkagarri bat sortzen dau. Hemendik sortu dira berebiziko erronkak, LAIKOTZARI eta honek Pasiotar Familiak burutu nahi dituan proiektuetan izan behar dauan esku hartzeari buruz, batez ere.

Bokazino krisiak pertsonen gitxitzea dakar beregaz,
baina, baita ere,
beste mila aukeren ateak zabaltzen deuskuz.

14.        Familia honen egoera gaur eta hemen

Gaur, Jesusen Bihotz Santuaren Probintziako erlijiosoak 73 dira Euskal Herrian eta Galizian, eta 79 Perun, Puerto Ricon eta Dominikar Errepublikan sakabanaturik.
Ikaragarri gitxitu da erlijiosoen kopurua; horregaitik, beharrezkoa gertatzen da alkarteen eta erlijiosoen berregituraketa, etorkizunak aurrean jarten dituan erronkei aurre egin ahal izateko. Jesusen Bihotz Santuaren Probintzia prozesu honen eraginpean aurkitzen da.

Ibilitako bidea emonkorra izan da frutuetan.
Etorkizuna…
ERRONKA ikaragarri eta iradokitzailea da!
 

Euskal Herria

 
 
#
# # #
Euskal Herria Historia
# # #
bidean@bidean.net
orue