Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 05 / 30

Bazkoaldiko 7. astea

2020ko Maiatzaren 30a, Zapatua

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Pas-A-7-S-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 21, 20-25 )

Aldi haretan, hau esan eutsan Jesusek Pedrori:
- «Jarraitu egidazu».

Pedrok, atzera bihurtuta, Jesusek maite eban ikasle ha ikusi eban etorten (afaltzekoan, Jesusen bular ondoan etzunda egoala, «Jauna, nor da salduko zaituana?» esan eutsona). Pedrok ha ikusi ebanean, honan esan eutson Jesusi:
- «Jauna, eta hori?».

Jesusek:
- «Ni etorri arte hori hemen gelditzea nahi badot, zuri zer? Zu erdu Neugaz».

Holan sortu zan zurrumurrua anaien artean: ikasle ha ez zala hilgo. Jesusek, ostera, ez eutson esan, ez zala hilgo, beste hau baino: «Ni etorri arte hori hemen gelditzea nahi badot, zuri zer?».

Ikasle hauxe da, jazoera honeen autormen egiten dauana; berak idatzi ditu honeek, eta badakigu honen autormena egiazkoa dana.

Beste gauza asko ere badira Jesusek eginak; eta gauza guztiak banan-banan idatziko balira, nik uste mundu guztian ere ez litzakela lekurik izango, idatzi leitekezan liburuak sartzeko.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Joan ebanjelioaren azkenaldi hau, ikasle maitearen misinoagaz bat eginda dago. Pasartea zati bitan banatu geinke, zati bakotxa beste hainbeste txikiagotan banatuz: ikasle maitearen etorkizunari buruz (20-23. aa.) eta ebanjelioaren bigarren amaiera (24. a.). 21. kapitulu honen idazleak, Pedro eta ikasle maitearen arteko konparaketa eginez, zalantza barik, identifikatu nahi dau “Jesusek maite eban ikasle ha” (Jn 3, 23; 19, 26; 21, 7. 20). Pedrok “ikasle maiteari” buruz Jesusi egiten deutsen itaunak, jarraian, zalantzarik ez dauan erantzuna hartzen dau Maisuagandik: Jaungoikoak gizaki bakotxagaz daukazala bere asmoak.

- Baina baleiteke argi pixka bat emotea bertsikulu misteriotsu honeen gainera, hau idatzi zan denporetako historiko giroaren barri emonez. Dirudienez, behintzat, eztabaida honen sustraia ez dago Pedro eta Joanen kristau alkarteen arteko gatazkatan, lehenengoaren nagusitasuna dala eta. Idazlearen asmoa hau izan zala dirudi: a) “ikasle maitea” ez zala hilgo zabaldu zan zurrumurruak ez daukala egiaren aztarrenik; b) bere heriotz horrek, hilten zanean hilten zala, Pedro apostoluaren martiritzak beste balio eukala Jaunaren aurrean.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Azken baten, hemen aurkitzen gara “ikasle maitearen” adierazpen bategaz. Hauxe da: “Jazoera honeen autormen egiten dauana eta berak idatzi ditu” (24. a.). Hauxe da testigantza: “Jesusek hain maite eban ikaslea” (20. a.): honenbestegaz gelditzen gara, testu honen inguruko polemikak alde batera itzita, gehitua dala ala ez, edo Pedro eta Joanen ikasleen arteko ikamikak kentzeko. Berau da Jesusen ondoan bizi izan dauan esperientzia kontatu deuskuna, orain ere Beragaz bizi eta jarraitzen deutsolarik.

- Zalantza barik, “ikasle maitea” Joan baino gehiago da; Pedro edo Antonio ere bada... Jesusegaz topo egin dauana da, Maisuak bizi dauana esperimentatu dauana eta horretan oinarritzen dau bere bizitza, bere bidea eta bere testigantza. Hemen dator Jesusen deiaren konbite bikoitza: “Zu erdu Neugaz” (22. a.); hori da “ikasle maitea” izateko sekretua.

- Eta hor burututen dogu Pazkualdiko bidea, konbite bi honeekaz: “Zu erdu Neugaz”, zoragarrizko konbitea; zorrotza baina pozgarria; eta guzti hau “ikasle maitea” izatera helduteko da, hau da, Jesusen BARRITASUNA sentidu eta esperimentatu dauana. Holan izan bada, zure eta nire bizitzan... ZORIONAK! Zorioneko BIZITZA!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, eskerrak zure Ebanjelioakaitik, han batzen eta eskeintzen deuskuzuzan zure berbea, mezua eta guganako maitasunagaitik."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue