Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 05 / 28

Bazkoaldiko 7. astea

2020ko Maiatzaren 28a, Eguena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Pas-A-7-J-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 17, 20-26 )

Aldi haretan, Jesusek begiak zerura jaso eta honan egin eban otoitz:
- «Aita guztiz Santua, ez deutsut honeekaitik bakarrik eskatzen, baita honeen berbeari esker Nigan sinistuko dabenakaitik ere; guztiak bat izan daitezala; Zu, Aita, Nigan zagozan lez, eta Ni Zugan nagoan lez; honeek ere Gugan bat izan daitezala, munduak sinistu dagian Zeuk bialdu nozula.

Zuk emon deustazun aintza, Nik euroi emon deutset, bat izan daitezan, Gu bat garean lez: Ni eurokan, eta Zu Nigan, batasun osora heldu daitezan, eta holan munduak ezagutu dagian Zuk bialdu nozula, eta maite izan dozuzala. Ni maite izan nozun lez.

Aita, hauxe da nire nahia: Zuk emon deustazuzanak, Ni egon naiten tokian Neugaz egotea, nire aintza ikusi dagien, Zuk Niri emondako aintza, mundua izan baino lehenagotik maite izan nozulako.

Aita zuzen Hori, munduak ez zaitu ezagutu; baina Nik ezagutu zaitut, eta honeek ere ezagutu dabe Zeuk bialdu nozula. Agertu deutset Nik zure izena, baita agertuko ere, Zuk Niri deustazun maitasuna eurokan izan daiten, eta Ni ere eurokan egon naiten».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Bere “Abade-Otoitzaren” hirugarren atalean Jesusek bere ikuspegia zabaldu egiten dau. Lehengo bere otoitza bere alde eta bere ikasleen alkartearen alde izan da. Orain bere otoitzak Beragan sinistuko daben ondorengo guztiak hartzen ditu (20-26. aa.). Eskari orokor baten ondoren, (20. a.), zati bi ezbardinakaz jarraitzen dau: batasunaren aldeko otoitza (21-23. aa.) eta salbamenaren aldekoa (24-26. aa.).

- Zeinen alde otoitz egin nahi dauan agertu ondoren, Jesusek sinistedun guztien sinismenean eta maitasunean oinarritutako batasun dohaia eskatzen deutso Aitari. Batasun honek bere jatorria dau eta “lez” (kathós) erabiliz, ezarten da, hau da, Aitaren eta Semearen baterako presentziaz, euren arteko batasun sakon misteriotsuan, sinistedunen alkatearen oinarri eta eredua dalarik. Bizi-giroko egoera honetan, guztiak “bat” egiten dira, Jesus onartzen eta bere Berbea sinisten daben neurrian. Ideal zoragarri hau, Jainko pertsonen arteko batasunean oinarritua, kristau alkartearentzat sinismenera dei gartsua da eta Jesusen misinoaren ezaugarri argia da. Jesusen eta kristau alkartearen arteko batasuna “batbizitzaren” antzera agertzen da: “Ni eurokan eta Zu Nigan” (23. a.). Beraz, Kristogan hazurmamintzen da batasunerantzako hobakuntza.

- Horren jarraian, Jesusek bere azken gurariak agertzen deuskuz: ikasleakaz historiako gizaldi guztietako sinistedunak alkarzten ditu eta eurakan ere ikasleei egindako agintzaria bete dedila eskatzen dau (24. a.). Azken eskarian, Jesusek bere aintza dau gogotan, baita misinoaren gaia ere, hau da, Aita ezagutzera emotearen gaia (25. aa.), eta guztiak misterioaren sakonean onartuak izan daitezala eskatuz amaitzen dau, betidanik Aitaren eta Semearen arteko maitasun bizitza berean. Aitagazko batasuna, maitasun-sorburu danez, sinistedunakan Jesusen Espirituaren barru presentziaren bidez sortzen da.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesusen “Abade-Otoitzak” gaur guztiokana helduten da, gizaldi eta lurralde guztietara luzatzen da eta. Izan ere, bere misinoa ez da judegu herrira mugatzen, ezta bere ingurutxora ere. Kanporatzen da, bazter guztietara helduz. Bere jarraitzaileak Jesusegaz bizi daben BATASUNA da guzti honen sekretua: “Zuk emon deustazuzanak, Ni egon naiten tokian Neugaz egotea” (24.a). Holan bakarrik ulertu ahal izango dogu Jesus Beragan dagoan Aitaren aintza.

- Jesusek berean dihardu: “Agertu deutset Nik zure izena...” (26.a): hauxe da bere bizitza markatzen dauan Misinoa, horretara zuzentzen ditu bere indarrak eta ahaleginak. Jesus eta bere Aitaren arteko batasunaren misterioa ikasleak ulertzen daben neurrian, Jainko maitasunaren dohaia munduari iragarteko gai izango dira, Jesus Berak egin dauanez. Hauxe da bere egitekoa.

- Eta geure EGITEKOA ere bada, bere misinoan partekide gara eta. Batasuna landu eta aurrera eroatea, hauxe da Aitari gure alde egiten deutson eskari beroa. Eta hauxe da izten deuskun betebeharra... “munduak sinistu dagian”. Badogu lanbide ederra...! Egin ahalak ez dira gitxi, baina bai beharrezko.

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Espiritu Santuak lagundu deistala ulertzen eta bizitzen anai-arreba eta Aitagazko batasunaren aldeko erronka."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue