Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 05 / 26

Bazkoaldiko 7. astea

2020ko Maiatzaren 26a, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Pas-A-7-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 17, 1-11a )

Aldi haretan, Jesusek begiak zerura jaso, eta honan esan eban:
- «Aita, heldu da ordua; goratu egizu zure Semea, zure Semeak Zu goratu zagizan; eta gizon guztien gain emon deutsazun aginpideaz, Harek betiko bizia emon deioen Zuk Haren eskuetan itzitakoei. Hauxe da betiko bizia: ezagutu zagiezala Zu, egiazko Jaungoiko bakar Hori, eta Jesukristo, Zuk bialdu zenduana.

Goratu zaitut Nik lurrean; bete dot emon deustazun egitekoa. Eta orain, Aita, goratu nagizu zeure ondoan, mundua mundu izan aurretik Nik zure ondoan neukan aintzaz.

Agertu deutset zure izena, mundutik emon zeunstazan gizonei. Zeureak zenduzan, eta Zeuk emon zeunstazan Niri; eta bete dabe zure berbea. Badakie orain, emon deustazun guztia Zugandik datorrena; izan ere, emon deutsedaz Zuk Niri emon zeunstazan berbak, eta eurak hartu dabez, eta benetan ezagutu dabe Zugandik urten nebala, eta sinistu dabe Zeuk bialdu ninduzula.

Eurontzat eskatzen deutsut; ez dot munduarentzat eskatzen, Zuk emon deustazuzan eta Zeureak diranontzat baino. Bai, nire guztia Zeurea da, eta zure guztia neurea; eta eurokan izan dot Nik neure aintza. Ni ez naz gehiago munduan egongo; eurak, bai, munduan dagoz; Ni, barriz, Zugana noa».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusen “Abade-otoitza” zati bitan banatzen da (1-5 eta 6-11. aa.), alkarren artean lotura eder bategaz: Aitak gizaki guztiak Jesusen eskuetan itzi dituala. 1-5rako txatalak Semeak Aitari aintza eskatzeko dira. Hauxe da Jesusen eta ikasleen arteko alkarrizketaren unerik gorena. Jesus jakitun da bere egitekoa amaitzera doala, eta otoitzari emoten deutso, otoizlari finari dagokionez, begiak zerura jaso, Aitatxoren bizilekuaren sinboloa erabiliz.

- Lehenengo lekuan, bere misinoa azken gailurrera eroan dagiala, Bera goralduz. Baina goralpen hori Aita goraltzeko da (2. a.). Jesusek Aitagandik hartu dau ahalmen guztia, gauza danak bere eskuetan ipiniz, Aitak bere kontura itzi deutsozanei betiko bizitza emoterainokoa. Eta betiko bizitza honetan datza: egiazko Jaungoiko Bakarra eta Berak gizonak salbatzera bialdu dauan Semea ezagutzean (3. a.).

- Holan dalarik, bere iragarle egitekoa burutuz, argiro autortzen dau Berak Aita goraldu dauala lurrean, Aitak agindu eutson guztia zehatz-mehatz betez. Jesusek ez dau aintza saritzat bilatzen, bere misinoa azken mugaraino betetzea baino, bere borondatez kurutzeko heriotza onartuz. Ondoren, bere ikasleak daukoz gogotan, Aitaren asmoak eurai agertu deutsez eta. Honeek sinismenez erantzun deutsoe eta bizitzan Semea goralduko dabe, bere Berbea onartuz eta maitasunez betez.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Azken Afariari buruzko katekesi osoa dago “Abade-Otoitza” deritxon gorengo une honi begira. Jesusek, Aitaren gogo eta egitasmoa onartzearen zintzotasun giroan, gogo betean bizi nahi dau bere “ORDUA”, prestasun osoaz. Bere ustez, bete dau eginbeharra, MISINOA, eta orain burutu gura dau. Horra zenbaterainokoa dan bere Aitagazko batasuna, bere bizibideko Jesusen helburu bakarra horixe da. Bere eskuan dago Aitari bere bizia opari atsegingarri lez eskeintzea.

- Honetan datza, hain zuzen ere, bere bizitza: Aita bere bizitzaren bizi lez ezagutzea eta bere salbamen proiektua dastatzea. Hona hemen sinismen dohaia: Aitaren eta Semearen barru-barruko bizitzan parte hartzeko bide bakarra. Holan dala, sinismena ez da aldatu ezineko dotrina moltzo bat; uste onezko hartuemon bizia da.

- Eta hemen aurkitzen gara guztiok “autormen” guzti honeekaz, barru-barrutik sortuak izanik, Jesusen bizitza eta bizikizuna agertzen deuskuezanak: Misinoa bete, azken helburu lez, gainerako guztia argituz eta oinarrituz. Proposamen honen aurrean zelan sentitzen zara? Banoa egunero (pixka bat) bizikizun, esperientzi honetara hurreratzen? Holan bakarrik ahal izango dot hartu bere antza!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Zu eta Aita ezagutu zagiedazala, eta ezagutzera emon, zure bakea gure artean izan dedin."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue