Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 05 / 24

Bazkoaldiko 7. astea
JAUNAREN IGOKUNDEA
2020ko Maiatzaren 24a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Pas-A-7-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 28, 16-20 )

Aldi haretan, hamaika ikasleak Galileara joan ziran, Jesusek aurretiaz agindu eutsen mendira. Ha ikusi ebenean, ahuspez agurtu eben; batzuk, ostera, ezbaian egozan.

Eta Jesusek, hurreraturik, holan berba egin eutsen:
- «Aginpide oso-osoa emon jat Niri zeru-lurretan. Zoaze eta egin ikasleak herrialde guztietatik; bateatu egizuez Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean, eta irakatsi eurei Nik agindu deutsuedan guztia beteten.

Begira: Ni zuekin nozue egunero, munduaren azken-egunera arte».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- San Mateoren ebanjelioa atal honegaz amaitzen da: Jesusek Hamabiei Galilean egin eutsen agerpenaz. Jesusen lur gaineko ibilaldia amaitzera doan bitartean, Apostoluen egitekoa hasten da, eta hasi ere “atzerritarren Galileatik”, Jesusen jarduera Israelen alde hasi zan leku beretik (4, 12).

- Hamaiken alkartean gurtzak eta zalantzak nahastean irauten eben, Pedro ur gainean joan zaneko pasarteak agertzen dauanez (14, 31-33). Jesus, orduan lez, sinismena eskatzera hurreratzen jako. Jesus beretarren aurrean Giza Seme aintzatsua lez agertzen da (18. a.; Dn 7, 14), bere biztueraren bidez, Aitagana igon eta beretarren esku izten dau Berak hasitako misinoa azkeneraino eroatea, “herrialde guzietakoak ikasle” eginez (19. a.). “Ikaslego” hori lortzeko bidea: Jaungoikoaren bizitzan parte hartuz –Aita, Semea eta Espiritu Santua- bateoaren bidez, eta Jesusek agindutako guztia betez (Jn 14, 23).

- Lotura honi esker, historiaren eta bere Erreinuaren artean ez dago mugarik, jarraipena baino. Kristo, biztua eta zerura igona, ez dago lurretik urrun; edo, hobeto esanda, Jesusen igoereari esker, lurra ez dago zerutik hain urrun. Mateoren hasierea, hain zuzen, Salbatzailearen (Emmanuel, Jaungoikoa-gurekin) jaiotzaren “barri onagaz” hasten da. Eta burututen da ez Kristo aldenduteaz, beretarrak bakarrik itziaz, gizaldietan azkeneraino hemen egon egongo dalako agintzariaz baino. Jesus betirako dogu gure bideko lagun, gizateria osoa azken mugara heldu arte, Hirutasun Santuaren sabel barruraino.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Amaitu da Jesusen lurreko misinoa. Orain Jaun Berbiztuak bere Alkartea batzen dau, eta “Galilean” alkartu ere: ez da geografi kontua, askoz sakonagoa da. Izan ere, Jesusen ministeritza, Erreinuaren iragarpena eta ikasleen deiera “Galilean” gertatu zan. Hantxe alkartzen ditu Berbiztuak, orain -Pazku jazoeraren ondoren- hartu behar dabe euren gain Galilean hasi zan Erreinuaren ardurea: iragarri -berbaz eta ezaugarriz- Erreinuaren behin eta betiko barritasuna, Jaungoikoaren proiektua besterik ez da eta.

- Baina ez ditu bakarrik izten, ez horixe. Bere presentzia –barria baina benetakoa- ebanjelizatze lanean lankide izango dabe: “Begira: zuekin izango nozue egunoro munduaren azken egunera arte” (20. a.); eta holan izango da gizaldiz gizaldi eta munduz mundu. Bera, Jaun Berbiztua, izango da bidelagun ebanjelizatze arlo neketsuan. Gure artean egotearen agintzari promesagaz amaitzen dau ebanjelariak bere ebanjelioa. Horra itzezlezko ezaugarria eta barri on zoragarria Kristau Alkartearen etapa barrirako!

- Igokundearen ospakizun honetan, mezua benetan ederra eta sakona da, eta benetako konpromisora daroana. Berak, Jaunak, berba emon deusku azkenera arte egongo dala gugaz, hortik sortzen dan segurtasun garantiaz. Baina Berak egin dauan BIALKETA “aginpide osoa emon jat…Zoaze egin ikasleak...” (19. a.) bere aldetik adierazpen argia eta agirikoa da: HELDUTZAT daukaz egitekoa betetzeko, eta horregaitik, bialduak dira. Hemen aurkitzen naz ni, gaur, Jesusen jarraitzaile guztiok. Bidelagun geugaz datorrela jakinaren gainera eta neu HELDUTZAT sentidu naitela bere testigu izateko… holan dino Berak eta gure misinorako konfiantza! Zer deritxazu, anai-arreba? Holan sentitzen eta bizitzen al dozu?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, aldatu egizuz gure begirada eta bihotza, holan ulertu ahal daigun gure egitekoa ez dala gora begira egotea; hori barik, gure bizitza osoa zure maitasunaren eta gure artean zagozanaren presentziaren testigu lez egotea."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue