Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 05 / 14

Bazkoaldiko 5. astea
San MATIAS, apostolua
2020ko Maiatzaren 14a, Eguena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Pas-A-5-J-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 15, 9-17 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Aitak Ni maitatu nauan lez, holantxe maite izan zaituet Nik. Zagoze nire maitasunean; nire aginduak beteten badozuez, nire maitasunean egongo zaree; Neu ere, Aitaren aginduak beteten dodazalako, Haren maitasunean nagoan lez.
Hau esan deutsuet, nire poza zuokan izan dadin; eta bete-betea izan dadin zuon poza.

Hauxe da nire agindua: maitatu dagizuela alkar, Neuk maite izan zaituedan lez. Ez dago maitasun handiagorik, norberaren bizia adiskideakaitik emotea baino.
Zuek nire adiskide zaree, Nik agindua beteten badozue. Orain ez deutsuet gehiago morroi esaten, morroiak ez dakialako ugazabak zer egiten dauan. Adiskide esaten deutsuet, Aitagandik ikasi dodan guztia adierazo deutsuedalako zuoi.

Ez nozue zuek aukeratu Ni, Neuk aukerau zaituet zuek; eta ezarri zaituet, joan zaitezen eta frutua emon dagizuen, eta zuen frutuak iraun dagian, Aitari nire izenean eskatzen deutsazuen guztia emon deizuen.
Hauxe agintzen deutsuet: maitatu daizuela alkar».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Ebanjelioko pasarte hau, bere jarraipenean maitasun gaia sakontzen doa. Jesusek, mahatsondoaren eta aihenen paraboleaz jarraituz, hainbeste zehaztasunez aberasten dau, Aitagazko eta gizakiakazko hartuemonak argiagotuz. “Beragan iraun” (4-7. aa.) horrek “nire maitasunean iraun” adierazo nahi dau, hau da, maitasun korronte horretan, doango eskeintza; horra Trinitatearen bizitza bai Beragan eta bai gizakiakana zabaltzean (9. a.).

- Jesusi ez jako gogoko abstraktua dan berbakerea, bere parabolatan argiro agertzen dauanez. Berba egitean, “espiritu eta bizi” bihurtzen diran berbak eskeintzen deuskuz, guztientzat ulergarri eta bizigarri izateko modukoak. Orduan, bere maitasunean irautea “bere aginduak betetzea” lez da. Behin barriro Trinitate-bizitza gizakiari eredutzat eskeintzen jako: Jesusek Aitagaz maitasunean irauten dau eta Beragaz bat-bat da, Aitaren borondatea onartzen, maitatzen eta betetzen daualako (10. a.). Filipotarrei egindako goratzarre kristolojikoak dinonez (Fl 2): “heriotzaraino esaneko egin zan, kurutzeko heriotzaraino. Horregaitik Aitak goraldu eban...”. Aita-Semeen nahiak bat egitea da Semearen poztasuna, Aitaren asmoa egiazko ondasuna dalako ziurtasunez, eta Berak, bere aginduak betetzea eskatzean, hauxe besterik ez dau gura: bere ikaslea konbidatzea bere poztasunean parte hartzera (11. a.).

- Bere agindua alkarmaitasuna da, besteen alde bizia emoteraino (12. a.). Maitasun honek barrera-langa guztiak botatzen ditu, edozein gizaki egiten dau “hurkolagun”, eta gauza ederrenak konpartitzerainoko adiskidetasuna sortzen dau. Hauxe da bete-betean Jesusen bizitza, heriotz aurrean ikasleei esan eutsenez: “Gaurdanik ez deutsuet morroi deituko, adiskide baino”, laster baten bakarrik itziko dabela jakinarren.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ikasle maiteak eskeintzen deuskun katekesi hau sakona eta hilbizikoa da, Jesus gizasemearen misterioa ulertu ahal izateko. Eta hementxe datza Jesusen bizitza osoaren giltzarria: bere Aitagazko hartuemona, baina ez gero errazoiz eta doktrinaz neurtzen dana, bere bizitzako ezinbesteko guna lez baino. Ikusi zenbateraino dan hau egi, Aitaren borondatea egitea Jesusen “janari” bihurtu da, bere poztasun-eragile, bere atsegin guztien iturri. Horrenbesteraino helduten da Aitagazko batasuna.

- Horregaitik, “Beragan irautea” ikaslearentzat giltz nagusia da, batasun sakon horretantxe aurkitzen daualako, bere bizitzaren eragingarri izango diran ezaguera eta esperientzia. Hor ikasi dau ikasleak zer dan maitasuna eta maitasun horretan irautea; horretxek lagunduko deutso Jesusen antza hartzen eta Bera bizi izan zan erara bizitzen. “Orain gehiago ez deutsuet morroi esaten, adiskide baino”: hauxe da Jesusek egiten deuskun konbite zoragarria bere jarraitzaileoi.

- Argi euki Berak aurreratzen deuskun konbitea: Berak Aitagaz bizi dauan batasuna guk Beragaz konpartitzea; seme-hartuemon estu maitekor hauxe da bere poztasunaren sorburua. Ikasleak, gaur, (nik, guk) hartuemon hauxe berau dastazera eta esperimentatzera konbidatuak gara, anaiarteko maitasunean erakutsiz. Hau bai KONBITE EDERRA! Prest al zagoz?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, zuzendu egizu nire begirada alderdi onak ikusten ikasi dagidan, nire ingurumarian ezkutuan egon daitekezan egia eta armonia bistaratu dakidazan."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue