Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 05 / 11

Bazkoaldiko 5. astea

2020ko Maiatzaren 11, Astelehena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Pas-A-5-L-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 14, 21-26 )

Aldi haretan, Jesusek honan berba egin eutsen bere ikasleei:
- «Nire aginduak hartu eta beteten dituana, horixe da Ni maite nauana; eta Ni maite nauana, maite izango dau nire Aitak, eta Neuk ere maite izango dot, eta agertuko naiako».

Orduan itandu eutson Judasek -ez ostera Iskariotek, besteak baino-:
- «Zer dala-ta guri bai agertu, eta munduari ez?».

Jesusek esan eutson:
- «Ni maite nauanak, beteko dau nire berbea; nire Aitak maite izango dau, eta haregana etorriko gara, eta beragan egingo dogu bizilekua. Ni maite ez nauanak, ez ditu beteten nire berbak. Eta entzuten dozuen berbea, ez da neurea, Ni bialdu ninduan Aitarena baino.

Oraindino zuen artean nagoala esan deutsuet hau. Baina Aitak nire izenean bialduko deutsuen laguntzaileak, Espiritu Santuak, Berak irakatsiko deutsue dana, eta gomutauazoko Nik esan deutsuedan guztia».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Pasarte honen helburua hauxe da: Jesusek bere burua ezagutzera emotea, Santiagoren Judasek egindako itaunari erantzunez. Maisuak aurretiaz iragarri eutsen ikasleei. Halan be, berba horreek ez eutsoezan ulertu beretarrak; euren ustez, guztien aurrean eta haundikiro agertu behar eban bere mesiastasuna.

- Jesusek apostoluaren itauna hartzen dau oinarritzat (22. a.), fededunen bizitzan Jaungoikoaren presentzia barriren barri aditzera emoteko (23. a.). Maitasunean bizi dana da bakarrik gai Jesusen berbea ulertzeko eta bere barruan haren agerpen espirituala onartzeko. Eta Berba hau beteten dauana (= aginduak) Berak eta Aitak maitatua izango da. Are gehiago, Jesusen maitasunean bizi danak bere bihotz hondoan hartuko dau Haren presentzia: Jesus bere barruan biziko da Aitagaz eta Espirituagaz batera.

- Alkarrizketako une honetan, Jesus, bere ordurarteko ebanjelari ekintzari begirada zabal bat emonez, bere irakatsiaren eta Espirituaren arteko ezbardintasuna jartzen dau (25. a.): Kristoren aldiak beragan daroa egia, Jesus Bera dalako "egia" (14, 6); Espirituaren aldian Berba hori argitu egiten da eta sinistedunen bihotzetan ezarri, “Espiritua egia dalako” (1 Jn 5, 6).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Azken Afariko gogoetak entzuten eta hausnartzen jarraitzen dogu. Tarteka-marteka, Jesusengan sinistera dei egiten jaku. Honako honetan Bera maitatzea eta bere bideak jarraitzea proposatzen jaku. Bera joango danean, zelan ulertu ahal izango da Beragan irauten dogula, Beragan sinisten dogula eta Bera maitatzen dogula? “Maite nauanak beteko dau nire Berbea” (23. a.), hauxe da gure Beragazko batasuna aztertzeko testa.

- Izan ere, horren ondorenak ezustekoak baizen harrigarriak dira: Kristogaz eta Aitagaz alkarbatasuna sortzen dau: “Ni maite nauana maite izango dau nire Aitak” (23. a.). Hemen heldu gara Jaungoikoak gugaz eta guk Jaungoikoagaz, Jesusen bidez, dogun hurkotasunaren barren hondoko gunera. Ahaztu ere, ezin dogu ahaztu Jesus dala Aitaganako BIDEA.

- Inundik ahal bada, are gehiago: Jesusek iragarten deusku, Espiritua dala gure fede-bizitzako protagonista. “Paraklito”, pozgile eta defendatzaile deitzen deutso; “Maisu” deitzen deutso (“Berak irakatsiko deutsue dana”) eta baita “Gomutapena” (“eta gomutauazoko deutsue Nik esandako guztia”). Holan, barrugune guztia agertu deusku, Jesusek bere jarraitzaileagaz, gutariko bakotxagaz dauan hurkotasunezko misterio gozoa. Zelan bizi dot hurkotasun hau, zelan baloratzen dot? Egiz eta benetan, ze protagonismo dau Espirituak nire bizitzan, nire bizibidean?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, aldatu egizu nire bihotza, zure maitasun-garrak nire bizitza indarbarritu eta bete dagidan uneoro zure Berbeak."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue