Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 05 / 06

Bazkoaldiko 4. astea

2020ko Maiatzaren 06a, Eguaztena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Pas-A-4-X-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 12, 44-50 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eban oihu handiz:
- «Nigan sinisten dauanak ez dau Nigan sinisten. Ni bialdu nauanagan baino. Eta Ni ikusten nauanak, Ni bialdu nauana ikusten dau. Ni argi lez etorri naz mundura, Nigan sinisten dauanik inor ilunpetan egon ez daiten.

Nire berbak entzun ondoren, beteten ez dituana, Nik ez dot kondenetan; ez nazalako mundua kondenetan etorri, mundua salbetan baino. Ni baztartzen nauanak eta nire berbak onartzen ez dauzanak, badau nok kondenau: Nik esan dodan berbeak, horrexek kondenauko dau azken egunean. Nik ez dot neurez berba egin; bialdu nauan Aitak agindu deust zer eta zelan esan. Eta badakit Haren agindua betiko bizia dana. Horregaitik, Nik esaten dodana, Aitak agindu lez esaten dot».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Pasarte hau agiriko bizitzaldiaren azken laburpen bat lez da: Joanen «ezaugarrien liburuaren» azken atala da. Jesus berak egiten deutse azken dei argia ikasle guztiei, euren bizitza osoa orokorrean zuzendu dagiela bere jainkozko Berbearen argitara, Beragaz bat eginez. Berba honeek aldi guztietarako dira baliogarri.

- Lehenengo eta behin, sinismenaren sorburua Aitagan dagola, bere Semea mundura bialdu dau eta. Aitaren eta Semearen artean egundoko batasun bizitza dago, Semeagan “sinistu dagianak” Aitagan sinistu dagian, eta Semea “ikusten dauanak” Aita ikusi dagian. Identitate osoa dago Jesusen “sinistu” eta Jesus “ikusi”, eta Aitagan “sinistu” eta Aita “ikusi” artean. Ebanjelariarentzat hau naturaz gaindiko ikuskera bat da, Jaungoikoaren Semearen Berbea onartu eta bizitzen dauanak lortzen dauana. Kristo, Aitaren agerpen betearen betea izanik, ikusgarri egin dan Jaungoikoaren “arpegia” da. Beragaz bat egiten danak sinisten eta onartzen dau Aitaren maitasuna.

- Joanek, Aitagandik eta Semeagandik, jarraian gizakiak bizi diran “munduari” begiratzen dau. Jesusengan sinismena dauana bizitzan eta argian sartzen da. Holan dala, Semeagan eta bere misinoan sinistu beharra honetan datza: Bera dala “munduko argia” (Jn 8, 2; 9, 5; 12, 35). Bizitzako argia onartzen dauanak heriotz-ilunpetatik eta pekatutik ihes egiten dau, eta bere burua itsutasunetik askatzen dau, gizakia sarri haren menpe dago eta. Egia esan, benetako ikaslea sinisten dauana da, eta Jesusen Berbea bihotzean gorde eta bizitzan hazurmamintzen dauana. Bestetara, Ebanjelioaren eskakizunak sinisten eta bizitzen ez dituanak kondenako epaia jasoten dau eta, azken egunean, onartu ez dauan Berbeak berak eralgiko dau.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- “Ikasle maiteak” Jesusen pertsoneagaz eta bere misterioagaz jaso dauan esperientzia kontatzen dihardu, bere nortasun harrigarriaz liluraturik. Ulertze horren erdiko ardatza honetan datza: Aitaren eta Semearen arteko ezin gehiagoko batasunean. Hortxe dau oinarri egoera barri honen barritasunak, uste guztien gainetikoa eta harrigarria, bere arerioak, beste barik, ukatzerainoko jarrerea dakarrena, zer ondorio sortzen dan jabetu arren.

- Jesusek agertzera emoten dauan Aitaren “ARPEGIA” onartzeak sortzen dau egoera barri eta ezbardin hau; horrek argi barriz janzten dau giza bizitza osoa, danik eta ilunena bada ere. Pekatuak ere ez dauka zereginik Jesusen jarraitzaileagaz. Bera bihurtzen da “munduko argi”. Eta ikaslearena, jakina. Beraz, Jesusengan agertzen jaku Jaungoikoaren EGIAZKO ARPEGIA.

- Gu geu ere egoera barri honetan ezarrita gagoz, bizikizun gozo honetan; hori bai, DOHANGOA zentzunik jatorrenean. Hau guztia aurkitzea, DOHAI lez onartzea, neure bizi bihurtzeak dakar bihotz osoz eta gogo beroz jarraitzea... halako BIZI PROIEKTUA edozein gizakirentzat! Kristau bizitzako onenagaz topo egin dau. Anai-arreba, zer deritxazu?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Aitarenagana eta Bizitzaren betetasunera daroan bidetzat onartzen zaitut. Eskerrak zure neurribako DOHAIAGAITIK!"

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue