Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 05 / 02

Bazkoaldiko 3. astea

2020ko Maiatzaren 02a, Zapatua

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Pas-A-3-S-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 6, 60-69 )

Aldi haretan, Jesusen ikasleetako askok honan inoen:
- «Gogorra da berbeta hori. Nok entzun daike?».

Jesusek, igarririk ikasleak Beragaitik marmarrean ziharduela, esan eutsen:
- «Jauspide jatzue hori? Eta Gizonaren Semea, lehen egoan lekura igoten ikusiko bazendue, orduan zer? Espiritua da bizi-emoilea, haragia ez da ezertarako. Nik esan deutsuedazan berbak, espiritu eta bizi dira. Halan ere, badira zuen artean sinisten ez daben batzuk». (Izan ere, baekian Jesusek hasieratik nortzuk ziran sinisten ez ebenak, eta nor zan Bera salduko ebana).

Eta esan eutsen:
- «Horregaitik esan deutsuet inor ezin daitekela Nigana etorri, Aitak hori emoten ez badeutso».

Harrezkero, Haren ikasle askok atzera egin eben, eta ez eben Haregaz ibili gura. Jesusek orduan esan eutsen Hamabiei:
- «Zuek ere alde egin nahi dozue?».

Simon Pedrok erantzun eutson:
- «Jauna, nogana joango gara? Zuk betiko biziaren berbak daukazuz. Guk sinisten dogu eta badakigu Zeu zareala Jaungoikoaren Santua».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Zabal eta sakon berba egin deutse Jesusek Kafarnaungo sinagogan bizitzaren ogiari buruz; baina ikasleak eurak ere egonezina agertzen deutsoe bere erakutsiak ulertezinak egiten jakezalako giza ikuspegitik. Ikasleen eskandalu eta marmarketaren aurrean, Jesusek berean jarraitzen dau: ez dala sinistu behar Bera zerura igoten ikusita eta gero. Jesusegazko ikasleen sinistezinak argi erakusten dau zera: “Espiritua da bizi-emoilea, haragia ez da ezetarako. Nik esan deutsuedazan berbak espiritu eta bizi dira” (63. a.). Joanen erakutsiz, Jesusen haragia baizen egia da Eukaristiaren egia. Bitsuak dira dohai eta ondoren bardinagaz: gizakiari bizia emotea. Halan ere, ikasle askok ez eben sinistu nahi izan eta ez eben pausu bat ere emon Espiritu bidean aurrera; ezin izan ziran askatu haragiaren loturetatik.

- Jarraitzaile asko Beragandik aldenduteak ez dau Jesus ezustean harrapatzen. Gizaki bakotxa, bere isileko asmo eta guzti, ezagutzen dau. Ezin dau inok bere kautan hartu Jesusen pertsonea eta bere mezua; dohaia da. Aitak bakarrik emon daike. Gizakiak, bere etorkizuna bere eskuetan daukanez, onartu edo ukatu daike Jaungoikoaren dohaia eta Jesusegazko batasun bizitza. Espirituz jaio eta bizibarritu danak bakarrik ulertu daike Jesusen iragarpena eta sartzen da Jaungoikoaren bizitzan, eta ez haragiaren arabera dabilenak. Sinismenaren argitan hartu daike ikasleak Espiritua eta Jesus Bera, eukaristiko ogia; Espiritua komunikatzen eta haragia aldatzen dauana Bera da eta.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Katekesia-gogoeta guzti hau eztabaida sutsuakaz amaitzen da, Jesusen proposamen aurrean. Batzuentzat gogorra da, onartu ezinekoa; nok jakin zek eskandalizatzen dituan gehiago: ala Jesus Berak, ondoko herritxo bateko behargin bat, -nahizta berbalari trebe eta mirarigile harrigarri izan-, argi eta garbi esanez Bera dala Jaungoikoak bialdua eta Beragan sinistu behar dala bizia izateko; ala “bere haragia jan eta odola edan” behar dirala, Eukaristia gogoratuz, eurak ezertxo ere ulertzen ez dabela. Izan ere, ebanjelariaren esanez, “harrezkero Haren ikasle askok atzera egin eben eta ez eben Haregaz ibili gura” (66. a.).

- Izan ere, Jesus onartzea eta norbere bizitzan sartzea, horrek dakarren ondoren guztiagaz, ez da erreza inundik inora. Bai, Berak onartzen dau, bizia eta poza emoten ditu, baina bere bidea eskabide sakonekoa da: behin baino gehiagotan ingurutik eztabaida eta kontrajarrerak sortzen ditu. Argi euki, bere pertsoneari eta proposamenari baietz emotea Aitak bakarrik emon daiken dohaia dala; gizakiak dohai hori eta Jesusegazko bizitzako komuninoa ukatu daikez; edo onartu eta bere Espirituz bizibarritua izan.

- Pazkualdi honetan hemen aurkitzen gara bere jarraitzaileok, Beragan sinistera konbidatuak, Bera onartzera, eta bere eritxiakaz bat egitera Jaungoikoari, bizitzari, historiari eta jazoerei buruz. Hauxe da “batasunean bat” egitea Beragaz, Eukaristian agertzen eta ospatzen danez. Zelan doa nire Pazku-BIDEA? Zetan aldatu naz?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Zugan jarri dot nire uste ona, nik ikusi eta ulertu daikedanaren gainetik. Emoidazu Zeugaz batasun estu maitekorrean sartzea, nire bizitzak zentzun betea izan dagian."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue