Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 31

Garizumako 5. astea

2020ko Martiaren 31, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-5-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 8, 21-30 )

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen farisearrei:
- «Ni banoa eta nire bila ibiliko zaree; baina zeuon pekatuakaitik hilgo zaree. Ni noan lekura, zuek ezin zaree etorri».
Judeguak honan inoen:
- «Bere burua hil behar ete dau? "Ni noan lekura, zuek ezin zaree etorri" esan dau-ta?»
Eta Jesusek:
- «Zuek behekoak zaree; Ni goikoa naz. Zuek mundu honetakoak zaree; Ni ez naz mundu honetakoa. Horrexegaitik esan deutsuet zeuon pekatuakaitik hilgo zareela. "Ni nazala" sinisten ez badozue, zeuon pekatuakaitik hilgo zaree».

Hareek, barriz ere:
- «Nor zara Zu?»
Eta Jesusek:
- «Hasieratik esanda daukotsuet. Badot, izan ere, zuokaitik zer esanik asko, eta zuok zetan kondenau. Baina Ni bialdu nauana egizalea da; eta Nik, Hari entzundakoa esaten deutsat munduari».
Ez eutsoen igarri Aitari buruz berba egiten ziharduanik.

Jesusek, beraz, honan esan eutsen:
- «Gizonaren Semea jaso dagizuenean, orduan jakingo dozue Neu nazala; eta ez dodala neurez ezer egiten, Aitak irakatsi deustana horixe esaten dodala baino. Ni bialdu nauana, Neugaz dago; ez nau bakarrik itzi, Hari gogoko jakona egiten dodalako beti».
Harek gauzok esatean, askok sinistu eben Beragan.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Judeguen nagusiakaz gatazka barri hau jauretxearen esparru barruan izan zan, eta Jesusen jainkotasunaren agerpenagaz lotuta dago (“Neu naz”), 24. eta 28. ataletan errepikatua. Barriro etorri jake judeguei Gizonaren Semearen misterioa argitzeko aukerea (Dn 7, 13). Baina euren burugogorkeriz ez dabe onartzen, bere berehalako joan beharra (21-24. aa.) eta bere nortasunari buruzko (25-29. aa.) baieztapenak -Jaungoikoak bialdua eta bere behin betiko AGERPENA (Jn 5, 30, 6, 38)- oker ulertuz.

- Harrigarria da hainbesteko ulertu ezina! “Zuek behekoak zaree, mundu honetakoak” (23. a.); eta Bera, ostera, “han goikoa”: leza sakona dago bien artean. Sinismenak bakarrik bete leike hutsune hori, beste ikuspegi bat emonez. Eta Jesusek horretara konbidatzen gaitu. Hori eta guztiz ere, alkar ulertu ezinak areagotzen joan ziran: “Ez eutsoen igarri”.

- Jesus eztabaida sortzen dauan ezaugarri da, batez ere, Kurutzera jasoko dabenean: han osotuko dau salbamen egintza, bihotzeko sekretuak agirian jarriko dira eta bere Seme nortasuna bete-betean agertuko da, beti Aitaren gogoko dana irakatsi eta egiten dauana. Eta arerioakandik banaketa hau sakontzen doan bitartean, Ebanjelioko testuingurua ustebako itxaropen-adierazpen bategaz amaitzen da: “Harek gauzok esatean, askok sinistu eben Beragan” (30. a.)

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesusek gatazka erdian jarraitzen dau, bere herriko buruzagiakaz, batez ere. Zergaitik? Joanen 8. kapituluan itaun sakona egiten jaku: “Nor da Jesus?” Bera Jaungoikoak bialdutzat ezagutu eta jarraitzen deutsoenak bizitza bete-betea izango dabe; hau da, salbauko dira. Gogorkeriz zarratzen diranak, Beragandik aldenduz, ezin dabe ulertu, eta, horregaitik, ez dabe onartzen bizitzako dohaia. Hau ikaragarria da, baina hauxe da eskeintzen jakun egi gordina eta garratza.

- Eta, era batera, zera planteatzen jaku: Kurutzera jaso dagienean, orduan hobeto ezagutu ahal izango dogu Jaungoikoaren bihotzeko “misterioa”, bere egitamo osoa. Izan ere, ikasle maiteak dinonez, beste inun baino hobeto agertuko jakuz Jaungoikoaren maitasun eta solidaritzaren indarra eta ahalmena. Hori dala ta, Kurutzea “madarikatua” izatetik, bedeinkapen eta bizitzaren ezaugarri izatera aldatuko da. Hemen jo dogu geure oinarria!

- Esandako guztiak neurribako opari bati BEGIRA jartzen gaitu, Jesusen eskeintza osoaren “misterioa”; eta hau guztia, Jaungoikoaren bizi-proiektu oso-osoan agertzeko. Holan ez balitz, neurribako zorakeria izango litzateke, ezelango zentzunik ez daukana, burubakokeria. Baina, bai zera! Guk uste dogun baino haundiagoa dan zerbait eskeintzen jaku... Ikusiko ete dogu?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus, behar zaitut, neure ahalmenak ezagutu eta indarrean jartzeko; holan Aita Jaungoikoaren munduan sartu eta biziko naz, neure neurritxoan bada ere.”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue