Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 30

Garizumako 5. astea

2020ko Martiaren 30a, Astelehena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-5-L-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 8, 12-20 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen farisearrei:
- «Neu naz munduaren argia, nire atzetik datorrena ez dabil ilunpetan, izango dau bizirako argia».

Farisearrak esan eutsoen:
- «Zuk Zeuk egiten dozu zeure buruaren autormena; zure autormenak ez dau baliorik».
Jesusek erantzun eutsen:
- «Bai, Nik Neuk egiten badot ere neure buruaren autormena, nire autormenak badau balioa, Nik badakidalako nondik etorri nazan eta nora noan, baina zuek ez dakizue, ez nondik natorren, ez nora noan. Zuek azaletik epaitzen nozue; Nik ez, dot inor epaitzen, eta epaitzen badot ere, nire epaiak badau balioa, izan ere. Ni ez nago bakarrik, bialdu nauan Aita eta biok baino. Eta zuen Legean idatzirik dago, lagun biren autormenak badauala balioa. Ni Neu naz neure buruaren autormena egiten dodana, baina Ni bialdu nauan Aitak ere egiten dau autormen Nitzaz».
Hareek esan eutsoen:
- «Zuk non dozu Aita?».
Jesusek erantzun:
- «Ez Ni, ez nire Aita ez gozuez ezagutzen zuek. Ni ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zeunkee benetan».

Dirutegiko atabaka-ondoan esan ebazan Jesusek berbok, jauretxean irakasten ziarduala. Eta ez eutson inok eskurik ezarri, ez zalako heldu oraindino Haren ordua.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Gaurko Ebanjelioko pasarte hau Tabernakulu jaien inguruko eztabaiden jarraipena da. Emakume ezkontz-hauslearen pasarteak eteten dau kontaketa barri hau. Jesusen eta farisearren arteko dialektika hau “emakumeena” deritxon tenpluko atarian izan zan, dirutegiko atabaka-ondoan. Hantxe biztuten ziran Txabola jaietan argizuzi itzelak, Jerusalen osoa argitan ipinteko hainakoak. Jesusek begibistan daukan ohitura honetan oinarritzen da egiazko “munduko argia” Bera dalako iragarpena (12. a.), gizakiak bizia izateko jarraitu behar dauana (12. a.; 1, 4-5. 9); Is 42, 6). Izan ere, Itun Zaharrean, eta bestelako erlijino askotan ere, argia metaforiko eraz erabilten da, onerako indarrak adierazoteko; era berean, ilunpeak txarraren indarren adierazgarri dira.

- Jesusek bere adierazpenak egiteko hauxe da testuinguru egokia: “Neu naz munduko argia” (12. a.). Bera da argi egiten dauan argizuzia; horregaitik, Jesusen jarrai doana, ez dabil ilunpetan. Kristoren egintza salbagarriak giza-bizitza bere izatearen oinarrietan argitzen dau. Baina kontrajarrerak behingoan sortzen dira. Aurkariak ez dabez onartzen Jesusen berbak (13. a.), ez bere jainkozko jatorria, ezta Aitagazko hartuemon berezia (14-15. 19. aa.). Eurak aitatu eutsen legean oinarrituz erantzuten deutse: Baieztapena egiaztatzeko pertsona biren testigantza behar dala? Horra, bere berbak bialdu dauan Aitak baliozkotuta dagoz (18. a.).

- Baina eurak, euren buruak epailetzat jarrita, “giza-erara” epaituten dabe; beraz, “ez zaree gai Bera nor dan ezagutzeko, Aita nor dan ere ez dozue ezagutzen eta” (19. a.). Ikusten danez, Jesusek Aita aitatzen dau, Jaungoikoa Bera, testigutzat hartuz. Hau juramentu nagusi bat beste da, Jaungoikoa Bera konprometitzen dalako, bere baiztapenaren eusgarritzat. Jesusen baiztapen honek egoera estu batera daroaz bere aurkariak, juramentu nagusi bat baieztapen baten eusgarritzat ekartea ukatzea da-ta.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Eztabaida girotan bada ere, hemengo baieztapeneko egiak esanguratsuak dira, eta aintzat hartzea dagokigu. Lehenengo eta bat, Jesusen proposamena argia da, biribila eta ederra, ezer izatekotan: “Ni naz munduko argia; jarraitzen deustana ez dabil ilunpetan” (12. a.); agertzen dauanez, bera da bide zuzenetik gidatu daikena, Beragaz eta bere berbeagaz fiatzen dan guztia, ilunperik lodienean ere, Beragana argi bila hurreratzen dana.

- Eta, bigarrenez, Jesusek bere Aitagaz dauan KOMUNINOAREN ZIURTAPENA; hemen agiri danez, bere bizitza da Aitaren testigantza bizi eta egiazkoa; hau da, Jaungoiko Berarena. Hori dala eta, “Bera ezagutzea” Aita zelangoa dan ezagutzeko bidea da, eta zein dan bere salbamen proiektua. Horregaitik Jesus onartzen, parkatzen, osatzen, bizia emoten ikustea.... bizi-egarriz dabilzanentzat BIZI BETE-BETEAREN proiektua aurkitzea da.

- Egia esan, nire fede-biderako oso esanguratsua da pasarte hau. Zenbat bider argiak galtzen dau bere indarra gure bizitzan! Baina bizi beharretik sortzen dan ezinbestekoa da. Berak, Jesusek, bere ondora erakarten gaitu nundik nora jokatu behar dogun segurtasunez jakin dagigun. Horrez gainera, gure “Anai Nagusiak” Aitagazko Komunino estuan bizitzera behin eta barriz luzatzen deuskun konbitea, bizitzako erromesaldian segurtasunik seguruena da. Eta... eguneroko joan-etorrien erdian zenbat bider -zoritxarrez- hartuemon zoragarri hori bigarren mailan gelditzen da. Jesusen proposamen eta konbiteari uko egiteko besteko tentel izango ete gara ba? Neure aukerea eta erabagia da. Eta zurea, anai-arreba hori.

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Zuk eskeintzen deustazu aukerarik ederrena nire bizitza argitu daiken EGIAZKO ARGIA eukiteko. Benetan nahi dot, Jauna. Egizu zabaldu naitela gustura zure konbitera, bizitzako bideetan segurtasunez jarraitu dagidan.”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue