Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 29

Garizumako 5. astea

2020ko Martiaren 29a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-5-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 11, 1-45 )

Aldi haretan, bazan geiso bat, Betaniarra, Mariaren eta honen aizta Martaren herrikoa; Maria hau zan Jesus gantzu usain gozodunez igurtzi ebana, eta oinak bere ule-adatsez sikatu eutsazana. Honen neba Lazaro zan geisorik egoana. Lazaroren arreba biak albiste hau bialdu eutsoen Jesusi:
- «Jauna, Zuk maite dozuna geisorik dago».
Jesusek hori entzutean, esan eban:
- «Gatx hau ez da hilteko gatxa, Jaungoikoaren aintzarako baino, gatx honen bidez Jaungoikoaren Semea goratua izan dadin».
Maite zituan Jesusek Marta, honen aiztea, ta Lazaro. Hau geisorik egoala entzunda ere, beste egun bitan lehen egoan lekuan jarraitu eban. Eta egun horreen ondoren, honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Goazen barriro ere Judeara».
Ikasleak esan eutsoen:
- «Maisu, oraintsu harrika egin nahi izan eutsuen judeguak, eta hara joan behar dozu barriro?».
Eta Jesusek:
- «Ez ditu, ba, egunak hamabi ordu? Egunez dabilanak ez dau estropozurik egiten, mundu honetako argia ikusten daualako, gauez dabilanak, ostera, estropozu egiten dau, argirik ez daukalako».
Eta jarraitu eban:
- «Gure adiskide Lazaro lo dago; iratzartzera noakio».
Ikasleak esan eutsoen:
- «Jauna, lo badago, osatuko da».
Jesusek heriotzea esan nahi eban; hareek, ostera, loa esan nahi ebala uste eben. Orduan Jesusek garbi esan eutsen:
- «Lazaro hil egin da, eta zuekaitik poztuten naz han ez ginalako, zuek sinistu dagizuen. Goazen hara».
Tomasek, Bikotxa eritxonak, esan eutsen beste ikasle lagunei:
- «Goazen geu ere, eta hil gaitezan Beragaz batera».

Etorri zan, ba, Jesus, eta Lazaro lau egun hareetan hilobian egoala aurkitu eban. Jerusalendik Betaniara ordu erditxuko bidea baino ez dago. Judegu asko etorri jakezan Martari ta Mariari, nebeagaitik samin-agurra egiteko.
Jesus baetorrela jakin ebanean, Martak bidera urten eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutson Jesusi:
- «Jauna, Zu hemen egon bazina, nire nebea ez zan hilgo. Halan ere, badakit Zuk Jaungoikoari eskatu-ahala guztia Jaungoikoak emongo deutsuna».
Jesusek erantzun eutson:
- «Biztuko da zure nebea».
Eta Martak:
- «Badakit biztuko dana biztuerakoan, azken egunean».
Eta Jesusek:
- «Neu naz biztuera eta bizia; Nigan sinisten dauana, hil arren ere, biziko da; eta Nigan sinistuz bizi dana, ez da inoiz hilgo. Sinisten dozu hori?».
Eta Martak:
- «Bai, Jauna, sinisten dot nik Zeu zareala Mesias, Jaungoikoaren Semea, mundu honetara etortekoa zana».
Eta hau esanda, Maria bere ahizteari dei egitera joan zan, eta esan eutson isilean:
- «Maisua hor dago, eta dei egiten deutsu».
Hori entzutean, Maria berehala jagi eta Jesusegana joan zan. Oraindino ez zan Jesus herrian sartu; Martak aurkitu eban lekuan egoan. Etxean Mariari nahigabean laguntzen egozan judeguak, bapatean jagi ta joaten ikusi ebenean, jarraitu egin eutsoen, hilobira joialakoan negar-egitera. Maria, Lazaroren arrebea, Jesus egoan lekura heltzean, ikusi ebaneko, oinetara jausi jakon ahuspez, eta esan eutson:
- «Jauna, Zu hemen egon bazina, nire nebea ez zan hilgo».
Jesusek, Maria eta haregaz etorritako judeguak negarrez ikusi ebazanean, barru-barrutik errukiturik, itandu eutsen:
- «Non sartu dozue?».
Mariak erantzun eutson:
- «Jauna, erdu ta ikusi».
Eta Jesusek negarrari emon eutson. Judeguak, orduan, bainoen:
- «Hara zenbat maite eban!».
Eurotariko batzuk, barriz, inoen:
- «Itsuari begiak edegi eutsozan Honek, ez ete eikean egin hau ez zedila hil?».
Jesus, barriro barrutik antsika, hilobira hurreratu zan. Hatx-zulo bat zan, eta harlosa bat gainean. Jesusek esan eban:
- «Kendu harlosa hori!».
Hildakoaren arrebeak, Martak, esan eutson:
- «Jauna, hatsa dario: lau egun daroaz».
Eta Jesusek erantzun:
- «Ez al deutsut esan, sinisten badozu ikusiko dozula Jaungoikoaren aintza?».
Kendu eben, ba, harria. Orduan, Jesusek begiak zerura jasorik, honan berba egin eban:
- «Aita, eskerrak Zuri, entzun deustazulako. Nik badakit, beti entzuten deustazuna; baina inguruan daukadazan honeekaitik dinotsut hau, Zeuk bialdu nozula sinistu dagien».
Hau esanda, oihu egin eban indartsu:
- «Lazaro, urten kanpora!».
Urten eban hilda egoanak, esku-oinak odol-zapiz lotuta zituala, eta arpegia hil-oihalez estalduta.
Jesusek esan eutsen:
- «Askatu egizue eta itzi ibilten».
Egin ebana ikusita, Mariaren eta Martaren etxera etorritako judegu askok sinistu eban Jesusegan.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- “Lazaroren biztu” zaneko pasarte hau, pazko aldiko jazoeren prestakuntza lez datorrenak, Joanen kristologiari buruzko alderdi interesgarrienak nabarmentzen ditu. Gero eta argiago erakutsiz, gaixotasunaren (1-6. aa.), heriotzea eta hilobiratzearen (7-37. aa.) kontakizunetik hasita, laugarren eguneko biztuteraino doa (38-44. aa.). Lerro artean zera nabarmentzen jaku: samurtasunez betetako Jesusen maitasuna -malkoak eta intziriak agirian erakutsiz- (33. 35. aa.), adiskidetasunezko maitasuna (21-24. 32. 39. aa.) eta jainko semetasunaren misterioa (4-6. 14-15. 41. aa.).

- Martaren “kredoak” ezin hobeto laburbatzen dau pasartearen aberastasuna: “Jauna, Zu zara Mesias" (juduak itxaroten eben Mesias), "Jaungoikoaren Semea" (Helenetarren titulu kristologikoa), "mundu honetara etorteko zana”. Puntu argigarrienak 25 eta ondorengo atalak dira, “Yave” izenaren iragarpena baizen zehatz tinkoak: “Neu naz biztuera eta bizia”.

- Lazarori Jesusek egiten deutson oihu indartsua (43. a.) lehenengo Adani egindakoa baizen indartsua da (Hs 2, 7) eta, era batera, Adan barriak kurutzean arnasa emoterakoaren dramatismoa daroa (Lk 23, 46). “Samintasun” etxean edo “behartsuaren etxean” (hauxe adierazten dau “Betaniak”), benetan Yavek lagundu egiten dau, “Lazaro” izenak adierazten dauanez. Zelan? Bere burua eta bere bizia errukiz eskeiniz, hilezkortasunez jantziz.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Joanen ebanjelioan katekesi giroko laburpen zabalak eskeintzen jakuz, Garizumako azken domeketan irakurten doguzanez. Jaungoikoaren dohaiari buruz jardun ondoren, ur bizia (Samariar emakumearena); Jesusek, egiazko argiak, jaiotzaz itsua zanari begiak zabaldu eutsozana (eta bateatzerakoan iragarritakoak), gaurkoan neurribako ondorioak dakarzan ezaugarrizko ekintza: Bizitza barri eta hilezkorra (Lazaroren biztuerea). Hauxe da liturgiak eskeintzen deuskun BIDEA.

- “Neu naz biztuera eta bizia”: Hau da iragarpen haundia eta Jesus Beraren adierazpena. Hemen lortzen dau bere betetasuna salbamen historia osoak eta dana argiz betetzen da, bere alderdi guztietan. Areriorik gogorrena bera be, heriotzea, menperatua da, Jesusek bere burua eskeiniz. Holan dala, Jesusek maitasunez irabazten dau, ez bere burua salbatuz, heriotzaraino bere burua emonez baino. Eta hauxe izango da kristauaren lege nagusia: maitasunak, irabaztekotan, galtzen jakin behar dau, Jesus Berak lez.

- Honenbestegaz garizumako bidearen azken mugara heldu gara, misterio nagusia sakonduz eta ezagutuz: Jesusegan betetasuna eskeintzen jaku, bizitza, bizitza hilezkorra. Bere dohaiaren aurrean edegi beharra daukat, Jaungoiko Beraren dohaia da eta. Hauxe da, beraz, azken eta behin betiko berbea. Anai-arreba: bere ondoan egin dogu bidea; begibistan izan dogu eta entzun deutsogu; bere “ezaugarriekaz” eta bere mezuagaz liluratu gaitu. Orain prestuago al nago bere “Zatoz, urten kanpora” hori entzuteko (Lazarok lez), eta Berak bakarrik eskeintzen deuskun “bizi-arnasa” geugan bizi bihurtuz jokatzeko? Holan balitz! Holan bedi!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Zuk eskeintzen deustazu bizi bete-betea, behin eta betikoa. Askatu naizu lotura guztietatik, Zuk eskeintzen deustazuna baldintza barik onartu dagidan. Eskerrak zure DOHAIA gaitik!”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue