Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 23

Garizumako 4. astea

2020ko Martiaren 23a, Astelehena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-4-L-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 4, 43-54 )

Aldi haretan, Jesus Samariatik urten eta Galileara joan zan. Jesusek berak esana zan, profetea ez dala aintzat hartua izaten bere herrian. Galileara heldu zanean, galilearrak harrera ona egin eutsoen, ikusita eukezalako Harek Jerusalenen jaiegunean egin zituan guztiak, eurak ere jaietan izanda egozan eta.

Holan, ba, Galileako Kanara joan zan barriro Jesus, ura ardao bihurtu eban herrira.

Bazan Kafarnaunen errege-serbitzari bat, semea geisorik eukana. Eta Jesus Judeatik Galileara etorri zala entzunik, Haregana joan eta jaisteko eskatzen eutson, eta osatu egiola semea, hil-zorian egoala-ta. Jesusek erantzun eutson:
- «Mirari ta harrigarririk ikusten ez badozue, ez dozue sinisten».

Eta errege-serbitzariak:
- «Zatoz, Jauna, nire umea hil baino lehenago».

Jesusek orduan:
- «Zoaz, osatu jatzu semea!».

Sinistu eban gizonak Jesusek esana, eta joan zan. Eta bidean joiala, morroiak bidera urten eutsoen, semea osatu zala esanez. Eta berak itandu eutsen, ze ordutan hasi zan hoberatzen. Hareek erantzun:
- «Gaur ordu batetan itzi deutso sukarrak».

Konturatu zan aita, ordu haretantxe esan eutsola Jesusek "osatu jatzu semea". Eta sinistu egin eben berak eta etxeko guztiak.

Judeatik Galileara bihurtu zanean, egin eban Jesusek bigarren ezaugarri hau..

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek urrunetik egiten dau oraingo mirari hau, bizitzaren Berbea Bera dala adierazoz. Maisua Galileara bihurtzen da, eta bertan onartua da, Jerusalenen egin dauanaren entzutea zabal ebilelako. Baina Berak bere harrigarriz sortutako ospetik alde egiten dau. Lehenengo miraria egin eban Kanara hurreratzen da (“ezaugarria” Joanen esaeraz). Eta hemen dator bigarrena: Herodes Antipas erregearen zerbitzari batek, arren, eskatzen eutson, jarraitu egiola Kafarnaunera, han bere semea azkenetan eukala eta.

- “Jatsi” dino, Jerusalen eta Kana bitarteko aldapa adierazo nahirik; baina hori baino zerbait gehiago esan gura eutson, “jatsi” berbea errepikatzean. Bera da, izan be, “gu gizakiokaitik eta gu salbatzearren zerutik jatsi dana”. Jesusek gitxitzat joten dau haren sinismen motela, baina zerbitzariak berean darrai. Hondatzen eta hiltzear dagoan gizaki baten aldeko eskabidea Jesusek aintzat hartzen dau; baina beti be sinismena bitarteko.

- Jesusen indarra bere Berban datza: benetan sinistu eta esana beteten bada, miraria egin egingo da (50. a.). Harrigarria eta eginkorra ondorengo frutua: zerbitzaria bidean aurrera doa, bere bihotzean Jesusen berbak errepikatuz: “Zoaz, osatu jatzu semea”. Berba hauxe da bere itxaropen bakarra, bera dau lagun eta indar etxerantzako pausu bakotxean. Eta bere etxetik urteten deutsoe morroiak bidera, albiste pozgaria emonez, berba bardinak erabiliz: “Zure seme osatu da”. Ilunpetako sinismena (52. a.) argitu da eta baiespen oso bihurtu da: Jesusen berbak gero eta argiago egiten joan dira (53. a.) eta behingoan egi bihurtu: “Eta sinistu egin eben berak eta etxeko guztiak”.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Joan ebanjelariari (ez ahaztua, “ikasle maiteari”) hauxe da ardura deutsona: Jesus bizitzako Berba lez agertzea; horregaitik bere presentziak egoera barri bat sortzen dau, osasuna eta ondoizatea dakarz ondoren. Egia esan, Jesusek ihes egiten dau harrigarriro sortu dan ospe errez azalekotik. Bere presentzia salbagarri dala onartzeak sinismena eskatzen dau, gaurko ebanjelioko pasartean lez.

- Eta beste behin, atzerritar bat da (errege-zerbitzari bat) fededun eredu lez agertzen jakuna; erdizkakoa bai, baina Jesusen berbea benetan hartzen dauana: “Eta sinistu egin eban” (50. a.), eta orduan jartzen da indarrean Jesusen berba osagarria eta “ezaugarria” gauzatzen da (Joanek dinonez). Gogoan hartzekoa da Jesusek zelan onartzen dauan erdizko sinismena bera be, ondoren zerbitzaria Beragan uste osoa jartera eta Bera onartzera eroanez.

- Beharrezko jaku benetan aztertzea ea geugan esku hartzen izten ete deutsogun, neure bizitzan, Berak nire bihotz gaixoaren zauriak osatu daizan, baita nire jokabideak eta sentimentuak euren sakontasunean. Jesusen Berbea gaur eta guretzat, bere jarraitzaileontzat be bizitzako Berbea da. Hau benetan egia da nire bizitzan? Eta… zurean be bai, anai-arreba?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, gizaki behartsuaren oihu larria Zuk entzuten dozu eta bizitzako dohaia eskeintzen deutsozu: sortu nigan ere kreazino barria, Aitaren proiektu barriaren irudia izan nadin, Zu izan zinan lez.”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue