Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 22

Garizumako 4. astea

2020ko Martiaren 22a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-4-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 9, 1-41 )

Aldi haretan, Jesusek, bidez joiala, gizon bat ikusi eban, jaiotzaz itsua. Eta ikasleak itandu eutsoen:
- «Maisu, nok egin dau pekatu: honek, ala honen gurasoak, hau itsu jaioteko?».

Eta Jesusek erantzun:
- «Ez honek, ez honen gurasoak; Jaungoikoaren egintzak honegan agertu daitezan jazo da hori. Egun-argi dala egin behar dodaz bialdu nauanaren egintzak; badator gaua, eta orduan inok ezin daikez egin. Munduan nagoan bitartean, munduaren argia naz».

Hau esanda, bota eban txistua lurrera, eta txistuaz lohia eginik, lohiaz igurtzi eutsozan begiak itsuari; eta esan eutson:
- «Zoaz, eta garbitu zaitez Siloeko ur-askan» (Siloek «Bialdua» esan nahi dau).

Joan zan itsua, garbitu, eta ikusten ebala bihurtu zan. Auzokoak eta eskean ikusten ebenak esaten eben:
- «Ez da, ba, hau, hor jesarrita eskean egoten zana?».

Batzuk inoen:
- «Bai, bera da».

Beste batzuk:
- «Ez, haren antzeko bat da».

Berak, barriz, inoan:
- «Haxe bera naz».

Orduan esan eutsoen:
- «Zelan edegi jatzuz, ba, begiak?».

Eta harek erantzun:
- «Jesus esaten deutsoen gizon horrek lohia egin eban, igurtzi eustazan begiak, eta esan eustan: «Zoaz Siloera eta garbitu zaitez».
Orduan, joan nintzan, garbitu, eta ikusten hasi nintzan».

Itandu eutsoen:
- «Non da hori?».

Erantzun eutsen:
- «Ez dakit».

Farisearren aurrera eroan eben itsu izandakoa. Zapatua zan Jesusek lohia egin eta begiak edegi eutsazan eguna. Farisearrak ere itandu eutsoen, ea zelan argitu jakozan begiak. Harek erantzun eutsen:
- «Lohia jarri eustan begietan, garbitu nebazan, eta ikusi egiten dot».

Farisear batzuk bainoen:
- «Gizon hori ez dator Jaungoikoagandik; ez dau zapatua jai egiten».

Beste batzuk, barriz:
- «Pekatari batek zelan egin leike holako ezaugarririk?».

Eta ez etozen bat. Barriro itandu eutsoen itsuari:
- «Zuk zer dala deritsozu, begiak edegi deutsuzan Hori?».

Eta harek:
- «Profeta dala».

Halan ere, judeguak ez eben sinistu gura, gizon ha itsu izan eta argitu zanik, arik eta gurasoei deitu eta itandu eutseen arte:
- «Hau al da itsu jaio zala dinozuen zuen semea? Zelan ikusten dau, ba, orain?».

Gurasoak erantzun eutseen:
- «Guk badakigu geure semea dana, eta itsu jaio zana. Baina orain zelan ikusten dauan ez dakigu; eta begiak nok edegi deutsozan, hori ere guk ez dakigu. Itandu berari; ez da umea; emon dagiala berak bere barri».

Judeguen bildurrez berba egiten eben gurasoak holan; ordurako bat eginda egozalako judeguak, Jesus Kristotzat autortzen eben guztiak sinagogatik botateko. Horregaitik esan eben gurasoak: «Ez da umea; itandu egiozue berari».

Bigarren aldiz deitu eutsoen itsu izanari, eta esan eutsoen:
- «Emon aintza Jaungoikoari! Guk badakigu gizon hori pekatari dana».

Eta harek:
- «Pekatari dan ala ez, nik ez dakit. Hauxe dakit nik: lehen itsu nintzala, eta orain ikusi egiten dodala».

Hareek barriro:
- «Zer egin eutsun? Zelan edegi eutsuzan begiak?».

Harek erantzun eutsen:
- «Esan deutsuet lehen ere, eta ez deustazue sinistu. Zertarako entzun nahi dozue barriro? Zuek ere Haren ikasle izan gura dozue, ala?»

Orduan txarto-esaka ekin eutsoen:
- «Eu izango haz Horren ikasle! Gu Moisesen ikasle gozak. Bajakiguk Jaungoikoak Moisesi berba egin eutsana; baina Hau ez jakiguk nongoa dan».

Harek orduan:
- «Horixe da, ba, harrigarria: zuek ez dakizuela nongoa dan, eta Berak niri begiak edegi deustazala. Badakigu Jaungoikoak ez deutsena pekatariei entzuten, Jainkozale danari eta Haren nahia egiten dauanari baino. Egundo ez da entzun, itsu jaiotako bati inok begiak argitu deutsozanik. Honek, Jaungoikoagandikoa ez balitz, ezingo leuke ezer egin».

Erantzun eutsoen:
- «Pekatu hutsa haz jaiotzatik, eta i guri irakasten?».

Eta kanpora bota eben.

Entzun eban Jesusek bota egin ebela, eta aurkitu ebanean, itandu eutson:
- «Sinisten al dozu zuk Gizonaren Semeagan?».

Harek erantzun:
- «Nor da Bera, sinistu dagidan?».

Jesusek orduan:
- «Ikusten dozuna, zugaz berbetan dabilena, Bera da».

Harek orduan:
- «Sinisten dot, Jauna».

Eta aurrean ahuspeztu jakon. Jesusek orduan esan eban:
- «Epai baterako etorria naz Ni mundu honetara, ikusten ez dabenak ikusi dagien, eta ikusten dabenak itsu gelditu daitezan».

Haregaz egozan farisear batzuk entzun eben hori, eta esan eutsoen:
- «Beraz, itsuak gara gu ere?».

Jesusek erantzun eutsen:
- «Itsuak bazinee, ez zeunkee pekaturik izango. Baina “ikusten dogu” dinozuen ezkero, zuen pekatuak iraun egiten dau».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jaiotzaz itsua zanaren miraria kontatzeak, hemen datorren girotan, teologiazko goi mailako garrantzia hartzen dau (era batera kerigmatikoa, pazkoazkoa eta bateo girokoa): DENDA JAIAK (Jn 7-10), hor agertzen da Jesus “munduko argi lez”, judu artean sekulako eztabaida sortuz.

- Miraria tenplu inguruan jazoten da Jesusen eskuz. Gaixoak ez dau ezertxo be eskatzen. Jesus Bera da begiratzen deutsona. Ikasleak zelanbait hartzen dabe autuan parte, itsua artetan isil-isilik dagoala. Eta testuinguruak oinarrizko gai bat ikututen dau: sufrimentuaren esanahia; izan be, orduko kultur eritziz, pekatuz kutsatutako zerbait zan. Jesusek argi dino: “Ez honek, ez honen gurasoen pekatuakaitik ez da izan”. Itsutasunak (sufrimentuak) gizakiaren egoera natural bat adierazoten dau. Izan, danok gara jaiotzaz itsuak. Guztiok gagoz “gaixorik”, eta hain gatx gogorrak jota egon be, osatu gaikezan Harengana joateko indar barik egoteraino.

- Osagilea bera da aurrea hartzen dauana. Hasierako sorkundeko aztarrenetan girotua dagoala dirudi (lohiaz igurtziz begiak: 6. a.). Ondoren Jesusek itsuari damotson agindua, eta honek (lehenengo Adan baino esanekoago) esana egiten dau. Berak ez dau ezagutzen Jesus, baina bere obedentzia sinismen bizi baten frutu da, Haren eskuetan dana itziz. Beragandik datorren jakituria goitik dator: Jaungoikoari benetako aintza berbaz emonez eta gurtuz.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesusek Beragaz topo egiten daben guztiak askatzen ditu: lokarrietatik askatu. Bai gorputz loturak (itsutasuna), erlijinozkoak (itsutasunak pekatuagazko lotura), bai sozial eta bai kulturazkoak. Beragana zabaltzen danak mundu barri eta egoera barri bat aurkitzen ditu; Beragana ixten dana, ostera, (farisearrak eta antzekoak) euren itsutasunean areago egiten dira eta, sinisten dabela esanarren, ez dabe ezer ikusten. Giza bidean egundoko paradoxa! Eta Israel herriak kontraesanez beterik bizi izan dauan historia nahastua, batez be, bere gidariak, Jesusegazko hartuemonetan.

- Itsuak Jesusegaz topo egiten dau eta sintoniazko eta batasunezko prozesu bat bizi izan dau, Bera Salbatzailetzat sinistuz eta autortuz. Orain bai, orain Jesus bihurtu jako bere benetako ARGI: begietako argia lortu ez ezik, bere bizitza osoa gelditu jako argiz beterik. Eta hauxe da topaketa honek sortzen dauan dohaia: Jesusek berak hartzen deutso aurrea, Bera dalako Aitaren salbamenaren banatzailea eta Berak eskeintzen deutso Beragana zabaltzen jakonari.

- Beraz, argi dago: Jesusegazko TOPAKETA hau posible egitea da sekretua, nire bizitza osoa sustraiz antzaldatua gelditu daiten, argiz beterik eta... betiko! Egundoko PROGRAMA Garizumako bigarren aldirako, eta hau bai dala proiektu “osagarria” eta benetan jokatzea merezi dauana. Jakina, baleiteke neure burua engainatzen jarraitzea, eskakizun gitxiagoko ordezko zertxo batzuen bidez (barauak, bijiliak, penitentziak...) ezetariko arrastorik itzi ez arren. Anai-arreba hori, behingoz itzartu gaitezan!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, neuk be ikusi beharra daukat, Zeuk daroazun DOHAIAREN bidez osatu beharra. Emoidazu Zeugaz TOPO EGITEA, holan Zeu izan zaitezan nire bizitzako ARGIA.”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue