Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 15

Garizumako 3. astea

2020ko Martiaren 15a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-3-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Joan 4, 5-42 )

Aldi haretan, Jesus Sikar deritxon Samariako uri batera joan zan, Jakobek bere seme Joseri emondako solo-ondora. Han egoan Jakoben iturria. Jesus, bidean nekatuta, iturri-ondoan jesarrita egoan. Eguerdi-ingurua zan.

Samariako emakume bat etorri zan, ura ataraten, eta Jesusek esan eutson:
- «Emoidazu edaten».

(Ikasleak urira joanak ziran, jatekoak erosten).

Eta emakume samariarrak esan eutson Jesusi:
- «Zelan zuk, judegua izanik, eskatzen deustazu edatekoa, emakume samariarra nazan honi?». (Judeguak ez dauke hartu-emonik samariarrekin).

Jesusek erantzun:
- «Bazenki Jaungoikoaren dohaia zer dan, eta “emoidazu edaten” dinotsuna nor dan, zeuk eskatuko zeunskio, eta Harek ur bizia emongo leuskizu».

Emakumeak orduan:
- «Jauna, ez daukazu ezer ura atarateko, eta ur-zuloa sakona da; nondik atara behar dozu Zuk ur bizi hori? Gure aita Jakob baino handiagoa ete zaitugu Zu? Harek emona dogu ur-zulo hau; eta hemendik edaten eben berak, eta haren seme ta abereak».

Jesusek erantzun:
- «Ur honetatik edaten dauana barriro ere egarritu egiten da. Nik emoten deutsadan uretik edaten dauana, ostera, ez da gehiago egarrituko sekula; Nik emongo deutsadan ura betiko bizitzaraino darion iturri bihurtuko da haregan».

Eta emakumeak:
- «Jauna, emoidazu ur hori, egarritu ez naiten, eta ur-bila hona etorri beharrik izan ez dagidan».

Eta Jesusek:
- «Zoaz; deitu zure senarrari, eta etorri hona».

Emakumeak erantzun eutson:
- «Ez daukat senarrik».

Eta Jesusek berari:
- «Ondo esan dozu ez daukazula senarrik; bost izan dozuz, eta orain zeugaz daukazuna ez dozu senarra; horretan egia esan dozu».

Emakumeak:
- «Jauna, ikusten dodanez, profeta zara Zu. Gure gurasoak mendi honetan gurtu eben Jainkoa; eta zuek Jerusalenen gurtu behar dala dinozue».

Jesusek:
- «Sinistu egidazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalenen, Aita gurtuko ez dozuena. Zuek, ez dakizuena gurtzen dozue; guk, dakiguna gurtzen dogu; salbamena judeguakandik dator-eta. Baina badator ordua, eta heldu ere egin da, egiazko gurtzaileak Aita espirituz eta egiaz gurtuko dabena. Izan ere, Aitak holakoxe gurtzaileak nahi ditu. Jaungoikoa espiritu da; eta Ha gurtzen dabenak espirituz eta egiaz gurtu behar dabe».

Emakumeak orduan:
- «Badakit, bai, Mesias -Kristo deritxona- etortekoa dana; Ha datorkunean, Berak adierazoko deusku dana».

Eta Jesusek:
- «Neu nozu, zugaz berbetan nagoan Hauxe».

Une haretan etorri ziran ikasleak, eta harritu egin ziran, emakume bategaz berbetan egoalako. Halan ere, ez eutson inok esan: “Zer itanduten deutsazu?”, edo “Zertaz diharduzue?”.

Orduan emakumea, bere ur-ontzia han itzi, eta urira joan zan, eta jenteari esaten eutson:
- «Zatoze eta ikusi, nik egindako guztia esan deustan gizona. Mesias ez ete dogu?».

Eta uritik urten, eta Jesusegana joan ziran.

Bien bitartean, ikasleak erreguka ebilkozan:
- «Maixu, jan egizu!».

Berak, barriz, esan eutsen:
- «Badot Nit jateko zuek ez dakizuen janaria».

Ikasleak honan inotsen alkarri:
- «Baten batek ekarri ete deutso, ba, jatekorik?».

Eta Jesusek:
- «Hauxe dot Nik janari: bialdu nauan Haren borondatea egitea eta Haren lana burutzea. Ez al dozue zuek esaten: “Oraindino lau hilabete, gari-ebaterako?”. Horra, ba, Nik esan: Jaso zuen begiak, eta ikusi gari-soloak, ebagiteko ori-ori. Eta dagoeneko badabil igitaria lan-saria hartzen eta betiko bizitzarako frutua batzen; ereilea eta igitaria, biak batera poztu daitezan. Halan ere, egia da harako esaerea: “Batek erein, eta bestek batu”. Zeuok landu ez dozuena igitaitzera bialdu zaituet: bestek lan egin eta zuek hareen lanean sartu zaree».

Uri haretako samariar asko Haregan sinisten hasi zan, emakumearen berbeagaitik; “egin dodan guztia esan deust” autortu ebalako. Samariarrak, Haregana etorri ziranean, eurakaz gelditzeko eskatzen eutsoen. Eta hantxe geratu zan egun bi. Eta Beraren berbeagaitik gero ta gehiagok sinistu eban. Eta emakumeari esaten eutsoen:
- «Orain ez dogu zuk esan dozunagaitik sinisten; geuk entzun deutsagu, eta badakigu Berau dana benetan munduaren Salbatzailea».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Ebanjelariak Jesus pertsonearen misterio sakonaren agerpena bere eguneroko gora beheretan egiten dau. Eguerdi-inguruan Sikar potzuaren ondoan izan zan (5. a.) ez-ohizko topaketa eta alkarrizketa (8. a.) samariar emakumearen eta Judegu baten artean (9. a.), Jakob baino haundiago (12. a.) dan “profeta” baten (19. a.), “Kristo” deritxonaren artean (29. a.). Hor datoz ikasleak bata bestearen atzetik (27-38. aa.), ondoren emakumearen herritarrak (40-42. aa.); tradizinozko muga estuak unibertsaltasunera edegiten dira.

- Baina nor da rabbi hori, andra bategaz berbetan diharduan hori (27. a.)? Gainera samariarra, hau da, heretiko eta idolatratzat hartua (17-24. aa.); “Munduko Salbatzaile” autortzen dabe (42. a.); kontakizunaren eta teologi irakasbidearen gailurrean gagoz. Halan be, Jesus bidelari arrunt lez agertzen da, ur pixka baten eske. Puntu honek be badau bere esanahia: bere egarriak, -gizateria salbatzeko egarria- Testamentu Zaharreko hainbat lekutara joten dau. Sutan egoan sasiaren ondoan, herri aukeratuaren Urteeran, Moises gidariak be Jaungoikoari izena agertu egiola eskatu eutson; azken baten, orduko itaunak hemen hartzen dau erantzuna: “Neu nozu, zugaz berbetan nagoan hauxe”. Pekatuaren ilunpearen gainera, Mesiasek itxaropenaren argia zabaltzen dau: bihozbarritzeak bidea edegiten dau Aita gurtzeko “espirituz eta egiaz” (23. a.; Os 1, 2; 4, 1).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Pasarte zoragarria, aholkuz eta erakutsiz beterik! Hemen era guztietako neurri eta muga guztiak gainditzen dira (izaera, erlijino, kultur, etabar) eta bide barri bat hasten da, guztiz bestelakoa: hauxe samariar emakumearen kasua, bere bizitzan ezelango bakerik, ez sosegurik aurkitu ez dauanak, orain Jesukristoren dohaiari esker -berak gura izan eta zabaldu jakolako Jesusi- Beragaz aurkitzen diran guztien egarria asetzen dauan bizia aurkitu dau; baita emakumea eta samariarra bada be, honek orduko kulturaz suposatzen ebanaz, gainera.

- Izan be, hemendik aurrera, Jaungoikoagaz benetan topo egiteko BIDEA ez dira tenpluak izango; topalekua Jesus Bera da, eta Beragan eskeini geinkio Aitari kultua “espirituz eta egiaz”, benetako kultua. Jesus hau, bidez-bide doana, sustraiz gizakoi egina eta, era batera, Igurtzia dana, “zugaz berbetan dagoan hauxe” (26. a.); Bera da ur bizia daukana, Bera da bizi-iturria, Jaungoiko Salbatzaileagazko bizitza eta batasuna eskeintzen deuskuna. Salbamen historia osoak hartu dau bere betetasuna eta... betirako! Hauxe da dana!

- Orain Beragana edegi beharra dago, samariarra lez, Jesus bidalari nekatu honegaz, Jaungoikoaren DOHAI ederra daroanagaz topo eginez. Beragan aurkitu neike BETI Jaungoikoaren bihotzak gure onerako amets egin dauan guztia; baita giza bihotzak nahi izan eta amets egin dauan baino askoz gehiago be. Kontua zera da: Jesusegaz topo egiteko bihotz betean zabaltzea! Anai-arreba, zelan sentitzen zara zeu honen aurrean? Dastatu al dozu zure barruan dana aldatzen eta argitzen dauan topaketa hau? Hor dozu egundoko erronka! Merezidu dau!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, emoidazu zure uretik, inoiz egarritu ez naiten eta Zeuk bete ahal daizuzan nire egarri guztiak. Eta... eskerrak nigaz topo egin dozulako bizitzako bideetan”.

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue