Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 14

Garizumako 2. astea

2020ko Martiaren 14a, Zapatua

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-2-S-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 15, 1-3. 11-32 )

Aldi haretan, zergalariak eta pekatariak piloka hurreratu ohi jakozan Jesusi entzuten. Eta farisearrak eta idazlariak alkarregaz marmarrean hasi ziran, esanez:
- "Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan ere egiten dau eurakaz".

Orduan Jesusek parabola hau esan eutsen:
- "Gizon batek seme bi eukazan; gazteenak esan eutsan aitari: "Aita, emoidazu dagokidan senipartea ondasunetatik". Eta aitak banandu egin eutsezan ondasunak. Egun gitxi barru, seme gazteena, bere gauza guztiak batu eta urrunera joan zan; eta nasaikerian bizi izanez, ondasun guztiak jan zituan.

Eukan guztia eralgi ondoren, gosete handi bat sortu zan lurralde haretan, eta beharrizana sentitzen hasi zan mutila. Orduan herri haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan; eta harek bere larreetara txarri-zain bialdu eban. Txarriak jaten eben ezkurrez bete nahi izaten eban sabela, baina inok ez eutson emoten.

Orduan bere barrura bihurtu, eta esan eban:
"Hamaika morroi bada gure aitarenean, nahiko ogi daukala, eta ni hemen goseak hilten! Jagi ta banoa neure aitagana, eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka, ez dot gehiago zure seme-izenik merezidu; hartu naizu zure morroietako bat lez". Eta jagi, ta bere aitagana abiau zan.

Oraindino urrun egoala, ikusi eban aitak, eta erruki izan eban; joan zan arineketan haregana, besarkatu eban, eta mosuka hasi jakon. Semeak esan eutson:
"Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka; ez dot gehiago zure seme-izenik merezidu".

Aitak, ostera, honan esan eutsen bere morroiei:
"Ekarri behingoan soinekorik ederrena, eta jantzi egiozue; ipini eiozue eraztuna eskuan, eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizena, eta hil; jan daigun eta jai egin: nire seme hau hilda egoan eta biztu egin da-ta; galduta egoan, eta aurkitu egin dogu-ta". Eta hasi ziran jai egiten.

Seme zaharrena soloan zan. Eta handik etxera hurreratzekoan, soinu ta dantzak entzun zituan; eta morroi bati dei eginda, ea zer zan itandu eutson. Morroiak erantzun:
"Zure anaia etorri da, eta aitak zekor gizena hil dau, semea onik aurkitu daualako".

Ha hasarratu egin zan, eta ez eban sartu gura. Eta aita, urtenda, sartzeko erreguka hasi jakon. Baina semeak erantzun eutson aitari:
"Horrenbeste urtetan zure zerbitzuan egon, zure esanik behin ere egin barik itzi ez, eta ahumatxu bat ere ez deustazu sekula emon, lagun-artean jateko; eta emagalduakaz bere ondasuna janda, zure seme hori etorri danean, zekor gizena hil deutsazu".

Aitak orduan:
"Seme, zu beti neugaz zagoz, eta nirea dan guztia zeurea dozu; jai egin behar genduan eta poztu, zure anaia hau hilda egoan eta biztu egin da-ta; galduta egoan, eta aurkitu egin dogu-ta"."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Errukizko parabolen sarreran (15. kapituloan) Lukasek argi ipinten deusku nori zuzenduta dagozan (1. aa.): Entzulegoa aldra bitan bananduta dago: alde batetik Jesusengana hurreratzen ziranak, Berari entzutera; eta bestetik, alkarren artean marmarrean ziharduen idazlariak eta farisearrak. Eta aldra bitsuetakoei erakusten deutse Jesusek Aitaren arpegia, eguneroko bizitzatik atera dauan parabola baten bidez. Benetan eragingarria entzuleentzat!

- Seme gazteak bizitza bere aidera antolatu eta bizi nahi dau. Horregaitik eskatzen deutso aitari bere “erentzi” partea eta hortik zehar doa daukan guztia ganora barik alperrik galtzera. Goseak estutzen dauanean bakarrik konturatuten da egin dauan astakeriaz: aitaren etxetik zoro-zoro urten... eta orain hara begira. Bizimodu barri bat hasi nahiak etxera bidean ipinten dau (18. a.); han dauka aita noiz etorriko zain (20. a.). Etxetik bai, baina aitaren bihotzetik ez da aldendu semea. Errukiak jota, bere bila doa, samatik oratu eta besarkada beroz eta soineko garbiz bizibarritzen dau (22-24. aa.).

- Holan agertzen dau Jesusek zeruko Aitaren jokabidea (eta berea, jakina), Beragana “hurreratzen" diran pekatariakaz, damuaren ezaugarritxoren bat emon orduko. Baina parkamen ezteguan parte hartzea ukatzen eben idazlari eta farisearrak "seme zaharrarenak" egiten dihardue: legea zehatz betetzen dabe (29. a.), aita edo ugazaba danagandik hartzekodun sentitzen dira, bere maitasun-seinalerik egundo ezagutu barik (31. a.), eurak beti haren esanera egon arren. Bihotz-lehor eta gogor dan seme horren bila ere aitak etxetik urten behar izan eban (29. a.), bere maitasun-pausoak emonez: apaltasunez zain egon, bila joan, sartzera ekin eta eragin; guztiak besarkada baten eta etxe baten batu gura ditu.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ez da harritzekoa idazlariak eta farisearrak harri eta zur eginda gelditzea! Ez zan gitxiagorako! Izan ere, hain lotsagarri itzi ebazan...! Baina, izan, zergaitik izan zan hain zapuztuta gelditzeko errazoia? Seme zaharraren espiluan euren burua ikusi ebelako? Edota hor agertzen dan Jaungoikoaren arpegi barriagaitik? Dana dala, bata ere ez jake gogoko; baina hori hor dago betiko esanda, eta hareek eta guk horren ondorenak atera beharko doguz. Bai al dogu adorerik?

- Harrigarria da aitaren jarrerea: ezelako errezelo barik, zoro bat emoten dau; ez da errazoizkoa burubako semearen etxeratzea itxarotea; areago, bere bila doa biderdira, bere aita-duintasuna galtzeko bildur barik, bere lekutik urten, eta semeari bidera joako. Baina askoz arraroagoa da bigarrenez etxetik urtetea, sinistu ezinekoa lortu nahirik, “erreguka hasi jakon” (28. a.); hau da, behar dan besteraino bere burua makurtuko dau, ustezko seme “zuzen eta akats bakoa” ere maite dau-ta, nahizta aitatzat harek onartu ez.

- Eta horrenbestegaz, Jesusek bere Aita erakustera emoten dihardu, bere Abbak, Aitatxok, holantxe jokatzen dauala esanez. Bestelako zera! Hau gehiegizkoa da! Hau sinisgatxa da; areago, onartzea; eta zer esan, bizitzea! Nire barru-erraietatik osoan bihozbarritzea beharrezko dot, zertxobait sikiran Aita honen antza hartzen hasteko. Baina Jesusek ez dau esandakotik atzera egiten: “Izan zaiteze errukitsuak, zuen Aita errukitsua dan lez” (Lk 6, 36).

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus, ebanjelioko gaztea lez, galbideratu naitenean, egizu ez dagidala ahaztu Aitaren irudia eta zure maitasuna. Zuek beti nire Salbatzaile.”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue