Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 10

Garizumako 2. astea

2020ko Martiaren 10a, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-2-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 23, 1-12 )

Aldi haretan, Jesusek honantxe berba egin eutsen gizataldeei eta bere ikasleei:
- "Idazlariak eta farisearrak Moisesen maisu-aulkian jesarri dira. Egizue, beraz, eta bete hareek esandako guztia; baina ez egin hareek egiten dabenik; esan esaten dabe, bai, baina egin ez. Zama astun eta eroan-ezinekoak egiten dabez, eta besteren bizkarrean jarri; eurak, ostera, hatzamar batez ere oratu ez. Egiten daben guztia, jenteak ikustearren egiten dabe; ugal-zirrinda luzeak erabilten dabez, eta soinekoetan mendel zabalak. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurrenengo aulkiak nahi izaten dabez, eta plazetan agurrak; eta jenteak "maisu" deitzea.

Zuok, ostera, ez itzi inori "maisu" izenik zuei emoten; bakarra dalako zuen Maisua, eta zuok guztiok alkarren anaia zaree. Eta zuen artean ez emon inori "aita" izenik lur gainean; bakarra dalako zuen Aita: zerukoa. Ez emon zeuon buruari "zuzendari" izenik; bakarra dalako zuen zuzendaria: Kristo.

Zuen artean handiena dana, izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen dauana, beheratua izango da; eta bere burua beheratzen dauana, goratua".

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek jauretxean izandako eztabaiden ondoren dator gaurko atal hau; hain zuzen ere, hemen dator Mateok idazlari eta farisearren aurka jaurtiten dituan hiru salaketen zerrenda (23. a.). Jesusek hemen “gizataldea eta bere ikasleak” daukaz aurrean, erakutsiak emonez: (1-12. aa.). Alde batetik euren kontraesanak begibistara atereaz (2-4. aa.), euren buruerakutsi eta harrotu beharra (5-7. aa.); eta hor datoz, azkenik, idazlari eta farisearren aurkako “aiene-oieneak” (13-36. aa.).

- Bestalde, ikasleak adi eta zuhur jartzen ditu, itxurakeri higuingarri bardinetan jausi ez daitezan (8-10. aa.); izan ere, horixe da kristau alkartearen minbizia, Ebanjelioa idatzi zan sasoian ere. Azalhuskeriak eta norbere burua erakutsi beharrak gauz-eztanduten dau erlijiotasuna eta idolatria bihurtzen dau. Holan dala, zer egin? Irakasleak eurak esaten dabenaren aurka bizi dirala-eta, Jaunaren Berbea ez entzun eginez? Jesusek zuzterrera joten dau: eurak dinoena bete, baina ez egin egiten dabena. Mateok hau erakusten deusku: benetako Maisu bakarra dogun Jesusi begiratu, Aitaren nahiaren erakusle zintzoa Bera da-ta.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Bizitzak alderdi asko daukaz; Garizumako liturgiak eta Ebanjelioak beste alderdi batzuk ere erakusten deuskuez Jesusen jarraitzaile gareanoi. Geure burua aztertzen laguntzeko, farisearren bizikerea jartzen deusku aurrean, nork ikusiko edo nork zer esango bizi dira-ta, euren barrua besterantza badabil ere; zorrotz salatzen dau itxurakeria, bizitzako jarrera eta jokabide lez.

- Hauxe jartzen deusku begiaurrean: Jaunaren Berbea ez dala betetzen “huskeri” batzuekaz, azaleko itxura batzuk emonez. Barruko gogoa eta agiriko betebeharra batera joan behar dabela. Hau bai dala etenbako betebeharra!

- Eta bizitza osoa argitzen deuskun programa zehatza da: “Zuen artean haundiena dana, izan bedi zuen zerbitzari”; hor dago azpiko sekretua; hori da Ebanjelioko bidea, Jesusek behin eta birritan errepikatuko deuskuna bere berbaz eta egitez. Eskola honetan bai "osatzen" dirala haundikeriazko jarrerak eta besteak baino hobeak sentitzearen ustekeriak! Zeregin ederra bizitza guztirako eta Garizuma aldirako, batez ere. Benetan hartzen atrebitzen al naz?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus, gaur Ebanjelioa irakatsi eta iragarteko eginbeharra dauken gizon-emakumeen alde eskatzen deutsut. Lagundu egiezu benetakoak izaten!”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue