Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 01

Garizumako 1. astea

2020ko Martiaren 01a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-1-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 4, 1-11 )

Aldi haretan, Jesus, Espirituak eroanda, basamortura joan zan, deabruak tentaldian jarri egian. Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ondoren, azkenean gosetu egin zan.

Etorri jakon tentatzailea eta esan eutson:
- «Jaungoikoaren Seme bazara, esaizu harri honeek ogi bihurtu daitezala».
Baina Jesusek erantzun eutson:
- «Idatzirik dago: “Gizona ez da ogiz bakarrik bizi, Jaungoikoaren ahotik urtetan dauan berba guztitik baino”».

Orduan deabruak uri santura eroan eta jauretxearen gailurrean ipini eban, eta esan eutson:
- «Jaungoikoaren Seme bazara, bota egizu zeure burua goitik behera; idatzirik dago-ta: “Bere aingeruei aginduko deutse zu onik atarateko”, eta “eroango zaitue eskuetan, zure oinak harririk jo ez dagian”».
Jesusek erantzun eutson:
- «Beste hau ere idatzita dago: “Ez tentau Jauna, zure Jaungoikoa”».

Orduan deabruak mendi handi batera eroan eban, eta mundu zabaleko erreinu guztiak eta hareen edertasuna erakutsiz, esan eutson:
- «Guzti hori zeuretzat emongo deutsut, ahuspez gurtzen banozu».
Orduan Jesusek erantzun:
- «Alde hemendik, Satanas! Idatzirik dago-ta: “Jauna, zure Jaungoikoa, gurtuko dozu, eta Bera bakarrik serbiduko”».

Orduan deabruak itzi, eta aingeruak hurreratu jakozan serbitzari.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesus, Aitak bere Seme maite-maitetzat autortua, bateatu ondoren, “Espirituak basamortura eroana izan zan, deabruak tentatu egian”: Jaungoikoaren gogoko zan probaldi hau, antza. Jesusek gizateriaz bat egin eban, Beragan Aitagaz bakezkoak eginez, Israelek zor eutsonez; horregaitik, Israelek Urteeran izandako probaldi bardinak jasan behar izan ebazan, Deuteronomio liburuak dakarrenez (Dt 8, 3; 6, 16; 6, 13). Baina Israelek huts egin eban lekuan, Jesusek irabazi.

- Deabruaren tentaldiak Jesusen mesiastasunaren amets eta itxaropenak ipinten deutsoz aurrean, hor agertu dagian Bera benetan bada Jaungoikoaren Semea, zerutiko ahotsak autortu ebanez. Gizakiaren ametsak eta beharrizanak asetzeko litzatekezan mesiastasuna probatzearen ordez, Jesusek Jaungoikoaren Berba bizigarriak eskeintzen dauan betetasuna aurrez jarten deutso (3. a.). Deabruak proposatzen deutson eginbide harrigarri eta ikusgarriaren aurrez, Jesusek Aitaren esana zehatz betetzea ipinten deutso (5-7. aa.). Ondoren dator lurraren jaun eta jabe izatearen probaldia, aginpidearen idolatria; baina Jesusek basamortuan aurkitu eban bidea guztiz bestelakoa zan.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Honenbesteraino heltzen da Aitaren Seme maitearen gizakundea: zalantza eta tentaldia zer dan bere buruan bizitzeraino. Hauxe esatera datorkigu gaurko ebanjelio testua. Biderik errezena hartzea; norbere “aidera” joatea, Aita Jaungoikoaren proiektua eta gogoa alde batera itzita, jentaldeak mirarien mirariz harrituta itziaz… halako probaldi gogorrak jasan ebazan, ebanjelariak argi eta garbi dinoskunez; hauxe da jarraitzera prestatzen garean Jesus. Eta “ahuspez gurtzen banozu…” (9. a.), hor dator Semearen goitik beherako erantzuna: “Jauna, zure Jaungoikoa gurtuko dozu, eta Bera bakarrik zerbiduko” (10. a.). Hor datza Semearen bizitzako oinarria; horregaitik da “maitea”, bere Jaungoikoa Aita eta bere egitasmoa bere bizitzaren erdiko ardatz bakarra.

- Eta hauxe da probaldi eta tentaldi guztiak menderatzen dituan sekretua. Jesusek Jaungoikoaren proiektuen alde su eta gar jokatzen dauanean, orduan DANA egiten da BARRI eta BEHIN BETIKO: aukera horrek betetzen dau dana argiz, bere bizitza osoa behin betiko markatuz. Hori da jokatzea!

- Ikusten dogunez, ume kontakizun bat baino askoz gehiago da pasarte honek dinoskuna, askoren ustez halan badirudi be. Hemen jarten jat agirian Jesusen bizitzako eta bere behin betiko aukera guztien giltza: bere bizitza osoa jokatuko dau Aitak erabagiten dauan aldera; bere seme eta zerbitzari da; gainerako guztia bigarren mailan gelditzen da. Eta hauxe da ni ikasle nazan bere ESKOLEA, Bera ezagutzeko aukera zoragarria izan dot eta. Baina gaurko ikasgai honek mamin sendoa dakar. Labur esanda, ulerterreza da: “Lehenengoa lehenengo da; eta bigarren hurrengo”: horixe da Jesus, Seme Maitearen jokabidea. Anai-arreba, zer sentitzen dozu eta zelan aurkitzen zara honen aurrean?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Aitaren proiektua eta borondatea da Zuretzat bizitzan beharrezkoena. Lagun egidazu, Zu bizi izan zinan lez bizitzen, holan zure Misino berbera konpartituz.”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue