Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 7

Urtean Zeharreko 31. astea

2019ko Zemendiaren 7a, Eguena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-31-J-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 15, 1-10 )

Aldi haretan, zergalariak eta pekatariak piloka hurreratu oi jakozan Jesusi entzuten. Eta farisearrak eta idazlariak alkarregaz marmarrean hasi ziran, esanez:
- «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan ere egiten dau eurakaz».

Orduan Jesusek parabola hau esan eutsen:
- «Zuetariko batek, ehun ardi izan eta bat galtzen badau, ez ete da, larogei ta hemeretziak larran itzita, galdutakoaren bila joaten, aurkitu arte? Eta, aurkitzen dauanean, lepoan hartzen dau, pozik; eta etxera heltzean, lagunei ta auzokoei deitu ta esaten deutse: "Poztu zaiteze nigaz! Aurkitu dot galdu jatan ardia".
Hara zer dinotsuedan: poz handiagoa izango da zeruan, bihotz-barritzen dan pekatari bakar bategaitik, bihotz-barritu beharrik ez daben larogei ta hemeretzi zintzoakaitik baino.

Eta emakume batek, hamar drakma izan eta bat galtzen badau, ez ete dau argia biztuten, etxea garbitzen eta arduraz bilatzen, aurkitu arte? Eta aurkitzen dauanean, lagunei ta auzokoei deitu ta esaten deutse: "Poztu zaiteze nigaz! Aurkitu dot galdu jatan drakma!".

Hara zer dinotsuedan: holantxe poztuko dira Jaungoikoaren aingeruak, bihotz-barritzen dan pekatari bakar bategaitik».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Pekatariakaz alkartu eta jaten dauan Jesusek (21. a.) farisearren eta legemaisuen kritikak eta marmarrak bere gainera erakarten ditu. Horregaitik, Lukasen 15. kapitulua osotzen daben hiru parabolak eurei zuzenduak dagoz: “errukiaren parabolak” deituak dira, Jaungoikoaren errukia agirian jarten dabelako, bere Berbea entzutera hurreratzen diranak onartzen ditualako (1. a.) eta, horrez gainera, Bera da gizakiaren bila lehenengo urteten dauana. Parabola honeetatik gaur bi irakurri doguz.

- Lehenengoak (4-7. aa.) galdu dauan “ardia” berreskuratzen dauan artzainarena da; bigarrena (8-10. aa.), galdu dauan “drakma” bat berreskuratu dauan etxekoandrearena (grezieran txanpona, denarioa erromatarrena dan lez, eta nekazaritzako behargin baten egun bateko soldatea). Parabola bien egitura bardintsua da. “Ehun” ardietatik “bat” galtzen da; "hamar drakmata"tik “bat” galtzen da. Gogoan hartzekoa zera da: galdu dana aurkitzeko erabilten dan ardurea, gainerako guztia itzita; ebanjelariak bila dabilenaren ezaugarriak azpimarkatzen ditu: artzaina beste ardiak “itzi” egiten ditu (bestalde, Palestinan ardiak larratzen diran lekua gehienbaten basamortua da) eta galdutakoaren “bila” doa; etxekoandreak argia “biztuten” dau, etxea “garbitu” eta “arduraz bilatzen” dau. Berreskuratu ondorengo erreakzinoa bardina da: artzaina “pozik” bihurtzen da etxera galdutako ardia bizkarrean dauala (Is 49, 22 era bardintsuan kontatzen deusku Israelgo semeak erbestetik herriratzea), eta etxekandreak bere adiskide eta auzotarrei dei egiten deutse eta aurkitu dauanaren pozetan partekide izatera konbidatzen ditu.

- Badira trazu labur batzuk, benetan esanguratsuak, Jaungoikoaren ardura maitetsuaren adierazpen lez, galdu dan gizakiaren bila doana, baita bat -batxo bat- bide onera bihurtu eta Aitari arpegira begiratzean hartzen dauan poza. Hor agertzen da, era berean, entzuten dakianaren poza, Jaungoiko horren esperientzia daukanarena: itxaroten geldi egon beharrean, bila doana, bihotz errukitsuz onartzen dauana, lasterka (Lk 15, 20) “galduta egoana bilatzera eta salbatzera etorri da” (Lk 19, 10).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Lukasen 15. kapitulua daukagu eskuartean, “Ebanjelioaren bihotza” deitua, ahaztu ezineko eta mamin gozoz eta bizitzaz beteriko erakutsiak emonez: ERRUKIARENA eta Jesus beraren jokabideak. Jesus pekatariakana hurreratzen eta eurak onartzen agertzen deuskulako, eurakaz mahaikide izateraino. Horregaitik, gaurko irakatsia errukirik ez daukenentzat eta Jesusek pekatariakaz hartzen dauan jarrera “arina” onartzen ez dabenentzat da.

- Errukian aberats dan Jaungoikoa da guzti honen klabea; bere bihotza onberatasunez eta errukiz beterik dago, “bila urteteraino”, eta galdutakoa aurkitu dauanean pozez gainezka egiteraino. Hauxe da Jaungoikoaren jokabidea, Jesusek dinoskunez, nahizta jokabide hau hain egokia iruditu ez guri, gure ikuspegi motz eta zorrotzakaz begiratuta. Harritzekoa da errukiaren parabola honeen mezuari darion freskotasuna eta indarra!

- Honek gaurkorako ere balio deusku, niretzat, zuretzat eta guretzat. Itzelezko dohai hori bihotz barrutik hartzea... nire bizitzarako eta fededun izateko estiloa! Jaungoikoak berak bizi dauan jarrera hori bizitea... halako erronka nire bihotz kaxkarrarentzat! Baina hori hor dago; ezinezkoa bere eskakizunetik eta bere doantasunetik ihes egitea, hori holantxe dalako. Izan bihotz, anai-arreba!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, lagun-hurkoak bere portaerea aldatzen dauanean jokatu dagidala BETI zure antzera. ERRUKIA izan dedila lagun-hurkoa ikusteko eta beragana hurreratzeko jokabidea."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue