Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 4

Urtean Zeharreko 31. astea

2019ko Zemendiaren 4a, Astelehena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-31-L-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 14, 12-14 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutson, bazkaitera dei egin eutson farisear haundiki bati:
- «Bazkari nahi afari bat emotean, ez deitu ez adiskide, ez senide, ez ahaide, ez auzoko aberatsei; eurok ere dei egingo deutsuelako eta holan ordainduko. Jatordu bat emotean, egin dei behartsuei, elbarriei, herren eta itsuei; eta zorionekoa izango zara, orderik ezin emon izango deutsue-ta; ordea, zintzoen berbiztean emongo jatzu».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesus farisearren nagusietako baten etxera bazkaltzera konbidatu dabe (Lk 14, 1): ingurugiro honetan batzen ditu Lukas ebanjelariak Jesusen berbaldi batzuk, konbidapenak emoten deutson aukerea aprobetxatuz, bizitzako itaun kezkagarri batzuk planteatuz. 12tik 14ra arteko bertsikuluetan konbidatuen aukeraketari buruzkoak dakarz eta, ondorioz, doantasunarena.

- Badakigu Jesus farisearren itxurakeriaren aurka dagoana (Lk 12, 1), euren buruak ontzat botata harrokeriaren aurka -besteak txarragotzat boteaz (18, 9)-, eta baita ondasunen gehiegizko egarriaren aurka ere (16, 14). Farisearrak Jesusen aurrean hartzen daben jarrerea, alde batetik, aurkariena da -beti dabilkioz zelatan, “konpromisozko” berbaren baten harrapatu nahian (11, 54)- eta, bestetik, Berari entzun gurea, jentea liluratzen dauan maila haundiko pertsonaia dalako (14, 25): seguruenez, konbidatu berezi baten kontua izango da.

- Hor dago Jesus, mahaira deituak izan diranak aukeratzean erabili diran erizpideak kontutan hartuta, trukean ezer emon ezin leikenen alde jarriz: «Ez adiskide, ez senide, ez ahaide edo ez auzoko aberatsei» (12. a.). Debaldeko maitasunak ez dau ordezkorik eskatzen, ezertxo itxaron barik emoten da (Lk 6, 32-35). Jarraipenaren lehenengo pausoa baliogarri diran gauzak gorrotatzea/ukatzea da (14, 26. 33) (onguria eta ondasunak). Ondorenez, jokabidea hau da: «behartsuei, elbarriei eta itsuei» (13. a.). Zoriontasunaren sekretua (14. a.) honetan datza: behartsuei, neke-penaz burumakur egon ohi diranak (Lk 7, 38) edo-eta euren zoritxarretik burua jaso ezinik dagozanei (18, 38).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hemen dogu barriren barri Maisua beretarrei “ikasbide” mardulak emoten (bere taldeari, jakina), eta baita Bera aintzat hartuta, Ebanjelioko bide zuzen arraro horretatik jarraitu gura deutsenentzat; horrek eroango ditu zoriontasunera, askorentzat ulertezinezkoa, baina existentzia zentzunez beteten dauana. Kontua ez da “lehenengo jarlekuak” hartzea (aurreko ebanjelio atalak dakarrenez); ezta ondoren beste konbite bategaz erantzun ahal deutsuenei deitzea. Orduan... zer da kontua? Eta hemen dator Maisu argia.

- Kontua hauxe da: “Ezeren truke barik maitatzea”; doantasun huts-hutsa, hori dalako Jaungoikoaren jokabidea beti eta nunahi. Hauxe da errazoi bakarra, baliozko bakarra, Jesusen eritxiz. Hona hemen bere proposamena: «behartsuak, elbarriak eta itsuak konbidatzea…» (13. a.); hau da, ezelan ere ordaindu ezin deutsuenak, holan doantasuna garbi agertu dedin. Hori da jokoa!

- Argi dagoanak ez dauka argitu beharrik, baleiteke ilunago jartea! Benetan Jesus Maisu argia da! Eta argi eta garbi agertzen danez, berbaz erakusten dauana egitez bete egiten dau, esperientziz osotzen dau dana. Jarrera garbi honen iturburua zetan edo nun dagoan itanduko bazeunskio, erantzuna zuzena eta biribila izango litzateke: bere AITAGANDIK ikasi dau, Jaungoiko beragandik. Ez ete naz animatzen “eskola” horretan parte hartzen, nire bizitza osoa argiz bete dakidan?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Zuk Aitaren jokabidea jarten deuskuzu aurrean: beti eta nunahi DOANTASUNEZ bizi eta jokatzea. Eskerrak Hari begira jarri nozulako."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue