Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 26

Urtean Zeharreko 34. astea

2019ko Zemendiaren 26a, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-34-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 21, 5-11 )

Aldi haretan, batzuk jauretxearen edertasuna goratzen eben, harri ederrez eta eskeintsariz apainduta ikusten ebelako. Orduan Jesusek honan esan eutsen:
- «Etorriko dira egunak, eta ikusten dozuezan guzti honeetatik ez da harririk harri gainean geldituko; dana apurtuko dabe».
Hareek itaun hau egin eutsoen:
- «Maisu, noiz jazoko da hori? Eta zer izango da seinale, hori jazoko dala jakiteko?».
Jesusek erantzun:
- «Begira, ez zagiezala inok liluratu. Asko etorriko dira nire izenean, “Neu naz” esaten, eta “laster da sasoia”. Ez jarraitu horrelakoei. Burruka ta nahaste-hotsak entzuten dozuezanean, ez ikaratu. Honeek jazo behar dabe lehenengo; baina azkena ez da behingoan izango».

Esan eutsen gainera:
- «Herriak herrien aurka jagiko dira, eta erreinuak erreinuen aurka; lur-ikara handiak izango dira, baita izurriteak eta goseteak ere han eta hemen. Gauza bildurgarriak jazoko dira eta ezaugarri handiak ikusiko dira zeruan».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Lukasen Ebanjelioko “Berbaldi eskatologikoaren” hasierea da. Jesus jauretxean dago, agirian irakatsiz, eta Legemaisu eta farisearrakaz eztabaida batzuk izan ditu. Jauretxearen edertasunak eskeintzen deutso berbaldirako gaia (5. a.). Iragarpena zorrotza eta berehalakoa da: “Etorriko da eguna...” (6. a.), entzuleak berehala eskatzen deutsoez guzti horren aurre-abisuak (7. a.). Jesusen erantzunak adi ipinten ditu, lehenengo eta bat, ezaugarri faltsuen aurrean, ikasleak okerrera eroateko arrisku izango dira (8-11. aa.) eta, jarraian, jazarpena ezinbesteko ezaugarritzat iragarten deutse (12-19. aa.).

- “Begira, ez zagiezala inok liluratu” (8. a.): apokaliptiko giroko berbakera ezaguna da. Izan ere, asko izango dira Jesusen izenean berba egingo dabenak, baina faltsukeriz; horregaitik gudu eta iraultzakaitik ez dauke zetan bildurtu ikasleak (9. a.). Lukasek idazten dauanean, “parusiaren atzerapena” alkartearentzat arazo bihurtu zan, hainbeste jazarpen eta zoritxarren artean, baina ez daki noiz izango dan azkena: hori dala eta, pazientzian eta itxaropenean sendotu beharra dau eta etorkizunaren aurrean baretu beharra.

- Hau guztia, Jesusen esanera, azkena baino lehen jazo beharra da, baina “azkena ez da behingoan izango” (9. a.). Azkenaren aurreko jazoeren deskribapena zehatza da (10. a.), bien bitarteko aldikadarentzat aukerea emonez (Eleizearen aldia); aldi luzea, alkarteak bere testigantzan sendo iraun beharra izango dau.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Gaurtik aurrera, eta zapatura arte, Jesusen “berbaldi eskatologikoa” irakurriko dogu, bertan etorkizuneko jazoerak eta munduaren azkenari dagokiozanak izango doguz kontakizun (ez daigun ahaztu Liturgi Urteko azken astean gagozala); horregaitik errazoizkoa da azkenari buruz jardutea. Berbakerea apokaliptikoa eta misteriotsua da (bestalde, hau ohikoa zan Lukasek Ebanjelioa idazten dauan sasoian).

- Azkena helduteko dagoala azpimarkatzen deusku. Ez da behingo baten etorriko, baina kontuz ibiltekoa da; bertara goaz eta “zuhurtasunez” egin beharrekoa da, bizitzaren betea lortzeko, Jaungoikoak Berak erakusten deuskuzan bideetatik, nundik norakoak zehaztuz. Horregaitik... “inok ez zagiezala liluratu” (8. a.): behin eta barriz, konbidatzen gaitu zuhur egoteko, egun oro izan daiten salbamen eguna, egunero adi egon gaitezan Jaungoikoaren hurtasunera zabalik eta bere etorrerearen zain.

- Argi dago: ez da azkenaren aurrean bildurra sartzeko. Ez dot uste hori danik Jaungoikoaren berbearen helburua. Egiten jakun konbidapen nagusia hauxe da: bizitzan “zuhurtasunez” jokatu dagigula, Jaungoikoaren presentziara zabalik, bide eta era askotara agertzen jaku eta. Presentzia hau salbagarria da, eta ez kondenagarria. Onartu, bere bideetatik ibili, Beragaz eta bere salbamen dohaiagaz topo egin... horra aurrean dodan EGITEKOA!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, egin gagizuz solidarioak eta alkarren anai-arreba, alkarlanean mundu hau guztiontzat bizileku bihurtu daikegula ulertu dagigun."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue