Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 24

Urtean Zeharreko 34. astea
KRISTO, MUNDUKO ERREGE
2019ko Zemendiaren 24a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-34-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 23, 35-43 )

Aldi haretan, herria eta agintariak zinuka ebilkozan Jesusi, eta esaten eutsoen:
- «Besteak salbau jozak; salbau dagiala bere burua, Jainkoaren Mesias eta Aukeratua badok».

Gudariak ere burla egiten eutsoen, ozpina emonez eta esanez:
- «Judutarren erregea bahaz, salbau egik heure burua».

Gainean idazkun bat ipini eutsoen, grekoz, latinez eta eberkeraz idatzirik: “HAU DA JUDUTARREN ERREGEA”.

Kurutzetik dingilizka egozan gaizkile bietariko bata irainka ebilkon:
- «Hi ez haz, ba, Mesias? Salbau egik heure burua, eta salbau gaizak gu!».
Baina besteak esan eutson hasarre:
- «Hik ere, zigorpe berean egonda, ez deutsok bildurrik Jainkoari? Guk ondo mereziduta jaukaguk, geure eginakaitik; Honek, ostera, ez jok ezelako txarrik egin».
Gero, esan eban:
- «Jesus, gomutau zaitez nitaz, zeure Erreinura heltzean».
Eta Jesusek berari:
- «Benetan dinotsut: gaur Neugaz egongo zara paradisuan».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Lukasek Jesusen koroatze eszena ikusgarrizko joko batez zehaztuta eskeintzen deusku. Azken moltzoan herria dago, zer jazoko begira; hurrerago, agintariak eta gudariak, kurutzearen oinetan, Jesusi irainka; lehenengo lekuan, Beragaz berbetan gaizkile biak eta, azkenik, bere salbamen berbak.

- Ikuskizun horretan parte hartzen dauan moltzoak herria osotzen dau. Gainerako protagonisten berbetatik agiri danez, hori da beste motibo bat gehiago, erregeak onartu dagizan ondorengo eskariak. Lehenengoa agintariena da, Satanasen hirugarren tentaldiko errazoiak gogora ekarriz (4, 9); proba egiten deutsoe Bera dala aukeratua, maitea, Jaungoikoaren gantzutua gogoratuz. Bere lepotik barre egiten dabe errealitaterik sakonena aurrean ipiniaz: Aita-Semeen arteko hartuemona. Gudariak mesias titulua gogoratzen dabe politiko kutsuz beterik: errege batek poterea dau; hori adierazo eutson Jesusi Satanasek bigarren tentaldian, munduko lurralde guztien jabetasuna eskeiniz, ez judeguena bakarrik (4, 6).

- Jesusen ondoan kurutzean eskegita egoan gaizkileak jarri deutso tentaldirik latzena, bera ere Jesusen ondoan sufritzen dago ta. Eszena hau pathos beterik dator: zergaitik gizonen Salbatzaileak, gizakien sufrimentuen aurrean hain errukitsuak, ez dau erantzuten lurreko errukarrien garraxietara? Hau da deabru-kerizko probaldirik larriena, Aita-Semeen arteko batasuna eten gurakoa dalako: “Hi ez al haz, ba, Mesias?”. Jaungoikoaren Berbeagaz, Haren nahiagaz zerikusirik ez da agertzen; kosta ala kosta biziraupenaren senak eusten deutso (4, 3). Azkenik, Erreinua haundikiro gaurkotuz burutzen da eszena hau: “lapur onak” -tradizinoz holan deitzen deutsogu- paradisua lapurtuten dau bizitzako azken unean, Jesusengan ustea jarriz, Honek ere Aitaren besoetan bere burua izten dauan era berean (23, 46).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ikaragarrizko ikuskizuna eskeintzen deusku ebanjelariak kurutzeko eszena honetan. Itxura baten, arerioak azpiratu dabe Jesus, gizateria salbatzeko eukan egiteko ederra deseginez. Hor agiri danetik, hauxe atera daiteke: “ez zala hori”, guzurti halako bat baino, Jaungoikoa ez egoalako Beragaz, eta iragarri dauan guztia guzur hutsa izan dala. Erlijinozko buruzagiak, gudariak eta Beragaz kurutzeratua egoan batek hori ezagutu eta autortzen dabe. Dirudienez, hor amaitzen da dana.

- “Benetan dinotsut: gaur Neugaz egongo zara paradisuan” (43. a.): baina guzurtitzat dauken horrek dinon azken berbea bat dator bere bizitza osoagaz: baztartuak eta gizarteak kondenatzen dituanak onartzen ditu. Parkamenak eta bizitza emoteak jarraitzen dabe bere klabeak izaten, eta hau azkenera arte. Erreinuaren arazo hori (“gaur Neugaz egongo zara paradisuan”, 43. a.) eta Jaungoikoagan uste osoa (“Aita, zure eskuetan izten dot nire espiritua”, 46. a.) besteen alde eskeinitako bizitza baten zutabe izaten jarraitzen dabe. Ikuspegi horretatik bakarrik ulertu daiteke une honetan jazo zanaren irakurketa. Ikusten danez, “errege” eta “erregetza” izatearen baldintza ez datoz bat bere aurka xaxaka diharduenak uste dabenakaz.

- BIDEA egin dogu Jesusen ondoan eta azkenera heldu gara. Irakurketa honen klabea bere bizitzaren ESKEINTZA da. Eta hauxe da Maisuak parte hartzera konbidatzen gaituan erregetza. Bestelango guztia gehigarri hutsa da. Anai-arreba hori, hauxe da gaur ospatzen dogun KRISTO MUNDUKO ERREGEAREN jaiak eskeintzen deuskun mezua: ESKEINTZA eta ZERBITZUA uneoro bizi eta landu behar doguzan oinarriak; gaur ere bai. Luzatzen deuskun konbitea hauxe da, eta ez besterik; zorrotza benetan, baina itzelezko promesaz beterik: “Gaur Neugaz egongo zara...”. Onartuko al dogu konbidapen hau!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, harrituta begira naukazu anaien alde zeure bizitza eskeintzen dozun ordu honetan, Aitaren nahiari zintzo erantzunez. ESKERRAK zure erakutsi eder haugaitik! Ikasi dagidala Zeu lez bizitzen!"

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue