Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 19

Urtean Zeharreko 33. astea

2019ko Zemendiaren 19a, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-33-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 19, 1-10 )

Aldi haretan, sartu zan Jesus Jerikon, eta herrian zehar joian. Bazan han Zakeo izeneko gizon bat, zergalarien buru zana, eta aberatsa. Han ebilen, Jesus zein ete zan ikusi nahirik; baina ezin eban, jentetza handia egoalako, eta bera txikia izan; eta arineketan joanda, basapiko baten gainera igon eban, Jesus ikusteko, handik igaro behar eban eta.
Jesusek, leku haretara hurreratu zanean, begiak jaso eta esan eutson:
- «Zakeo, jatsi zaitez aguro, gaur zeure etxean gelditu behar dot eta».

Zakeo berehala jatsi zan, eta oso pozik hartu eban bere etxean. Eta hori ikusi eben guztiak marmarrean hasi ziran, gizon pekatari baten etxean sartu zalako.
Zakeok, ostera, zutundurik, esan eutson Jaunari:
- «Jauna, nire ondasunen erdiak behartsuentzat emoten dodaz; eta inori bide txarretik ezer kendu badeutsat, beste halango lau bihurtzen deutsat».
Eta Jesusek esan eutson:
- «Gaur sartu da salbamena etxe honetan; hau ere Abrahanen semea da ta. Izan ere, Gizonaren Semea galduta egoana bilatu ta salbetan etorri da».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Zakeori buruzko kontakizuna aurrekoan (Jerikoko itsua) kalkatuta dago. Hemen ere Jesusen mogimentua eten egiten da (urian zehar joian) gizon baten eraginez. Oraingo honetan ez da eskeko baten kontua, zergalari aberats batena baino; halan ere, baztartu bat da (zergalariak mezprezatuak ziran), fisikoz era gitxiagotua (gorputzez txikia) eta, batez ere, berrerospen preminan. Zakeo hasierako ikusmiratik (“Jesus zein ete zan ikusi nahirik” (3. a.) zerbait egitera (“basapiko baten gainera igon eban” (4. a.), ekintza azkar eta alai batera Jesus etxean hartu ahal izateko (6. a.) eta, azkenik, bizibarritzera eta bizitzaz aldatzera (8. a.).

- Jesus gelditu egiten da, baina oraingo honetan, itaun baten ordez, Zakeori agindu egiten deutso: “Zakeo, jatsi zaitez aguro, gaur zure etxean gelditu behar dot eta” (5. a.). Zakeok ez dau miraririk eskatzen, itxura baten ez dauka ezeren beharrizanik; halan ere, Jesusek haren ezkutuko eskari bati erantzun deutso, agertzen dauan ardura bizi eta azkarrak sinismen hasiera bat emoten dau eta. Jentetzea, Jesusen aurka marmarrean (7. a.) kontrapuntutzat jarrita dago, baina Zakeoren bihozbarritzeaz ez dauka zerikusirik.

- Jazoera honetan ere giza ekimena baloratzen da: Zakeoren guraria ikusmira hutsa baino zerbait gehiago da: halako gizon ezagun bati ez dagokion egitada bat egiten dau. Jesusen ahalmena bere presentzi hutsagaz eta bere berbaz adierazoten da: Zakeori bere izenez deitzen deutso (5. a.), eta hauxe da nahiko beragan alaitasuna (6. a.), damua eta ordaintzeko (8. a.) gogoa sortzeko; berba baten esanda, bizi barria. Jesusegaz salbamena sartu da Zakeoren etxean, Jesus Berak autortzen dauanez.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Lukas, errukiaren eta parkamenaren ebanjelaria, bera bakarrik da Zakeoren kontakizun hau dakarrena, bere gurariak eta bilaketak, Jesusegazko Topaketa eta bere bihozbarritzea eta erabateko aldaketa. Hemen ere bere egoereaz eta zergabatzaile bizitzaz eta erromatarrei emona izateaz nekatuta dagoan gizon bategaz aurkitzen gara. Eta beste zerbaiten egarria sortu jako, izan ere, salbamen preminea sentitzen dau (atzoko itsuak lez). “Basapiko baten gainera igon eban” (4. a.), horra bere gurari biziaren agerpena.

- Hona barriren barri, Jesus, Berak dakarren dohaia gura eta bila dabiltzanei adi, Zakeogana hurreratzen da, “gaur zure etxean gelditu behar dot” proposamena egiten deutso, gizaki errukarri honek agertzen deutsozan jarrerak onartzen ditu, inguruko santujaleen marmarketa guztien gainetik, eta salbamen dohaia eskeintzen deutso. Izan ere, Jesus galduta egoanaren bila bialdua sentitzen da. Horixe da bere MISINOA; horregaitik, horixe da Jaungoiko Aitaren gugazko borondatea. Jesusen berbak eta egintzak Aita iragarten dabe.

- Hamaika bider irakurri eta gogoan erabili dot kontakizun hau eta zenbat kostatzen jatan, ulertu baino gehiago, Jesusen eta Jaungoikoaren portaera hau ONARTZEA! Zein gatx dan sakontasunean bere bizitza, bere estiloa, bere jokabideak, bila jabilkozanengana bere hurtasuna agertzea. GAUR heldu dedila salbamena nire bizitzara eta nire bihotzera! Zugana ere bai, anai-arreba!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, zein gatx egiten jatan Zu ulertzea eta onartzea, sentitzeko eta jokatzeko zure moduak! Garbitu, arren, nire bihotza eta zure parkamenaren balsamonaz osatu egizu."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue