Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 18

Urtean Zeharreko 33. astea

2019ko Zemendiaren 18a, Astelehena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-33-L-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 18, 35-43 )

Aldi haretan, Jesus Jerikora hurreratu zanean, itsu bat egoan bide-ertzean, jesarrita, eskean. Jentetza igaroten susmau ebanean, ha zer zan itandu eban. Eta esan eutsoen:
- «Nazareteko Jesus doa».
Itsuak, orduan, deadar egin eutson:
- «Jesus, Dabiden Seme, erruki zakidaz!».
Aurrean joiazanak hasarre egiten eutsoen, isilazoteko. Harek, ostera, geroago ta deadar handiagoa egiten eban:
- «Dabiden Seme, erruki zakidaz!».

Gelditu zan Jesus, eta ekarri egioela agindu eutsen. Hurreratu zanean, itandu eutson:
- «Zer nahi dozu, Nik zuri egitea?».
Eta itsuak:
- «Jauna, ikusi dagidala barriro!».
Jesusek orduan:
- «Ikusi egizu, ba; zeure sinisteak osatu zaitu».
Berehala hasi zan ikusten, eta atzetik joakon, Jaungoikoa goresten. Eta herri guztiak ere, hori ikustean, goratu egiten eban Jaungoikoa.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Pertsonaia biak, Jesus eta itsua, jendetzaren erdian nabarmen agertzen dira. Bien mogimentua ezbardina da: itsua “jesarrita” egoan denporapasa eta etsipenez (limosna eske), baztartua eta bakartia (bide ertzean); Jesus hur-hurko egiten jako, herrira “hurreratu zanean” jendetzaren erdian, zer jazoko ikusminez.

- Halan ere, itsuak bizitzara gero eta gehiago itzartuen doala dirudi: jakinminetik (36. a.) behin eta barriro deadar egitera aldatzen da (38. a.), sinismenera eta jarraipenera heldu arte (41-43. aa.). Nabarmen bereizten da jente artean, ez bakarrik bere gaixotasunez, batez ere, bere egoerearen kontzientzi argia daukalako eta laguntza eskatzen dau: isildu erazo gura dabe, baina berak orduan eta indartsuago darrai. Jesus, ostera, gelditu egiten da: “Gelditu zan” berari entzuteko eta beragaz hartuemonean sartzen da, mirariak egiterakoan sarri izaten diran keinu bape barik. Badirudi itsuari emon gura deutsola protagonismoa: “Zer nahi dozu Nik zuri egitea?” eta “zure sinisteak osatu zaitu”, horra nahita jarritako esaldi bi otoitza eta sinismena azpimarkatzeko, Jesus beraren aparteko ahalmenak albora itzita.

- Itsua bera da protagonista, salbamen beharrean dagoan gizateriaren irudi eta eredu: beragan barru-aldaketa sortzen da, bihozbarritze bat, osaketa bera baino ere garrantzitsuagoa, hau agiriko agerpen bat lez izanik. Bihozbarritua eta salbauta sentitzen dan gizakiaren aldaketa honek ingurokoengan eragina dau: lehen ikusmiran egoan jendetza, lehen bere deadar-hotsakaitik hasarre ziranak, “hori ikustean, herriak goratu egin eban Jaungoikoa” (43. a.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Zehaztasun esanguratsuz beteriko kontakizun bat dogu gaurkoa, jazoerea bizitasunez jantzirik. Dirudienez, protagonista ez da Jesus, itsua baino, bere baztarretik, salbamen preminea sentiduz: “Ikusi dagiala barriro” (41. a.), izan ere, behar dauana ikusmena edo begien osakuntza baino gehiago da: “salbatu” beharra sentitzen dau, hau da, bere bizitza argitu, barruz aldatu eta bidean Berari jarraitu. Ez daigun ahaztu Jesus “Jerusaleneruntz” hurreratzen joiala, horrek esan gura dauana gogoan hartuz; osatu dan itsuak jarraitu gura deutso.

- Beste behin gehiagotan, Jesusen jarrerea nabarmentzen da, baztartuenganako hurtasunez eta, batez ere, gizaki errukarri haren eskabideari adi. “Gelditu egin zan Jesus, eta ekarri egioela agindu eban” (40. a.): zarata-hots artean, eskari-deadarra jaso eban. Baina itsuaren jarrera ere nabarmentzen da: behin eta barriro eske eta eske jardutea, Jesusengan dauan sinismena eta Berari jarraitzeko eukan gogoa. Jesusegazko TOPAKETA honek ez deutso begietako argia bakarrik emon, barruz aldatu dau, eta betiko aldatu ere, gizon haren bizitza: “Jaungoikoa goresten” (43. a.).

- Eragingarria benetan, niretzat behintzat, Ebanjelioko kontakizun hau! Badot zer ikasirik behartsu, itsu eta baztartu honengandik! Bere eske eta eske irautea, bere sinismena, eta Jesusi jarraitzeko bere erabagi alai eta pozezkoa. Baina... benetan dot Jesus hau IMITATU beharra, beti hur-urkoa, behartsuengana, baztartuengana hurkoa! Beragazko TOPAKETA berreskuratu beharra dot, benetan ni ere barruz aldatu eta barriztu nagian! “Jauna, ikusi dagidala barriro”: hau da nire eskaria ere. Eta zurea, anai-arreba?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, azal-itxuretatik haruntzago ikusteko ahalmena emoidazu, bizitzaren Jaungoikoaren presentzia Zugan aurkitzeko eta Zuri pozik eta umorez jarraitzeko."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue