Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 17

Urtean Zeharreko 33. astea

2019ko Zemendiaren 17a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-33-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 21, 5-19 )

Aldi haretan, batzuk jauretxearen edertasuna goratzen eben, harri ederrez eta eskeintsariz apainduta ikusten ebelako. Orduan Jesusek honan esan eutsen:
- «Etorriko dira egunak, eta ikusten dozuezan guzti honeetatik ez da harririk harri gainean geldituko; dana apurtuko dabe».
Hareek itaun hau egin eutsoen:
- «Maisu, noiz jazoko da hori? Eta zer izango da seinale, hori jazoko dala jakiteko?».
Jesusek erantzun:
- «Begira, ez zagiezala inok liluratu. Asko etorriko dira nire izenean, “Neu naz” esaten, eta “laster da sasoia”. Ez jarraitu horrelakoei. Burruka ta nahaste-hotsak entzuten dozuezanean, ez ikaratu. Honeek jazo behar dabe lehenengo; baina azkena ez da behingoan izango».

Esan eutsen gainera:
- «Herriak herrien aurka jagiko dira, eta erreinuak erreinuen aurka; lur-ikara handiak izango dira, baita izurriteak eta goseteak ere han eta hemen. Gauza bildurgarriak jazoko dira eta ezaugarri handiak ikusiko dira zeruan.

Eskuak ezarriko deutsuez, eraso egingo deutsue, sinagogetara eta kartzeletara eroango zaitue, baita errege ta agintarien aurrera ere, nire izenagaitik. Guzti horreek neure testigu izateko bidea emongo deutsue.

Sartu ondo bihotzean, ez daukazuela zelan erantzungo buru-hausten ibili beharrik: Neuk emongo deutsuet berbea ta jakituria, eta berba ta jakituria horri ezingo deutsoe, ez erantzun, ez aurka egin, zuen arerio guztiak.

Gurasoak, senideak, ahaide ta adiskideak ere saldu egingo zaitue; eta zuetako batzuk hil egingo; guztiak gorroto izango zaitue nire izenagaitik; baina zuen buruko ule bat ere ez da galduko; zeuon iraupenez salbauko dozue zuen bizia».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Lukasen Ebanjelioko “Berbaldi eskatologikoaren” hasierea da. Jesus jauretxean dago, agirian irakatsiz, eta Legemaisu eta farisearrakaz eztabaida batzuk izan ditu. Jauretxearen edertasunak eskeintzen deutso berbaldirako gaia (5. a.). Iragarpena zorrotza eta berehalakoa da: “Etorriko da eguna...” (6. a.), entzuleak berehala eskatzen deutsoez guzti horren aurre-abisuak (7. a.). Jesusen erantzunak adi ipinten ditu, lehenengo eta bat, ezaugarri faltsuen aurrean, ikasleak okerrera eroateko arrisku izango dira (8-11. aa.) eta, jarraian, jazarpena ezinbesteko ezaugarritzat iragarten deutse (12-19. aa.). Jesusen irakatsi honeetan, praktikara jota, Apostoluen Eginak liburuko lehenengo kapituluen laburpen bat ezagutu geinke, jaiobarri dan Eleizearen historiaren atarikoa lez, jazarpena Jesusen jarraitzaile izatearen ezinbesteko ezaugarritzat agertzen dalarik, sinismenez eta eskuartzez bere pazku misterioan kide izanez; Jaungoikoaren Erreinuaren hurtasunaren ezaugarri da eta Jaunaren etorreraren zain biziteko euskarri lez.

- “Begira, ez zagiezala inok liluratu” (8. a.): apokaliptiko giroko berbakera ezaguna da. Izan ere, asko izango dira Jesusen izenean berba egingo dabenak, baina faltsukeriz; horregaitik gudu eta iraultzakaitik ez dauke zetan bildurtu ikasleak (9. a.). Lukasek idazten dauanean, “parusiaren atzerapena” alkartearentzat arazo bihurtu zan, hainbeste jazarpen eta zoritxarren artean, baina ez daki noiz izango dan azkena: hori dala eta, pazientzian eta itxaropenean sendotu beharra dau eta etorkizunaren aurrean baretu beharra. Hau guztia, Jesusen esanera, azkena baino lehen jazo beharra da, baina “azkena ez da behingoan izango” (9. a.). Azkenaren aurreko jazoeren deskribapena zehatza da (10. a.), bien bitarteko aldikadearentzat aukerea emonez (Eleizearen aldia); aldi luzea, alkarteak bere testigantzan sendo iraun beharra izango dau.

- Baina, zergaitik izan behar dau jazarpenak Jesusen ikasleen eta kristau alkartearen bizitzaren ezaugarri? Seguruenez, ez zerbait ukatzearren, ezta Jesusen jarraitzaileen zintzotasuna aztertzearren; hori barik, Jaun Berbiztuaren eta bere Ebanjelioaren “testigu izateko” bide bihurtuko jake (13. a.). Sinismenaren dohaiak misinoan partekide izatea eskatzen dau eta ezin dau agertu barik itzi ebanjelizatzearen poztasuna. Jesusek ez dau misinoa euren gain izten bakarrik, hori zelan egin ere erakusten deutse. Izan ere, ikasleen testigantza eginkorra izango da, Jesusen pazku giroko testigantza munduan emoten jarraitzeko gauza badira. Ez dabe izango euren buruen alde buru-hausten ibili beharrik (14. a.); ezin dabe giza-erako defentsaren bila ibili; ez dabe giza-estrategietara jo beharrik. Jaun berbiztuak ez ditu itziko bere testigu zintzoak, berbetan etorri harrigarri barik, ezta garaitu ezinezko adore barik (15. a.). Guzti honek, Biblia esparruan, iraupena izena hartzen dau, horixe da martirien ezaugarria.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- “Berbaldi eskatolojikoaren” barruan gagoz eta azkena helduteko dagoala azpimarkatzen deusku. Ez da behingo baten etorriko, baina kontuz ibiltekoa da; bertara goaz eta “zuhurtasunez” egin beharrekoa da, bizitzaren betea lortzeko, Jaungoikoak Berak erakusten deuskuzan bideetatik, nundik norakoak zehaztuz. Horregaitik... “inok ez zagiezala liluratu” (8. a.): behin eta barriz, konbidatzen gaitu zuhur egoteko, egun oro izan daiten salbamen eguna, egunero adi egon gaitezan Jaungoikoaren hurtasunera zabalik eta bere etorrerearen zain.

- Lukasek bere Ebanjelioa idazten dauanean, kristau alkarteak baeukan espetxe, jazarpen eta martiritzaren barri, batean kanpoko arerioen aldetik, eta bestetan barruko tirabirak, eragozpenak, ikuspegi ezbardinak eta saldukeriakaitik. Horregaitik Jesusen berbak gogoratu eta batzea itzelezko indar-iturri bihurtzen jake, bizi daben egoera latzari aurre egiteko. Horregaitik, “zeuon iraupenez salbauko dozuez zeuon bizia” (19. a.). Hauxe da klabea: testigantza eta zintzotasuna.

- Eta testigantza eta zintzotasun hori posible dira; Jesus Berak emoten deutse beretarrei berbea azken eta behin betiko garaipenaz jabetuko dirala; bere “jakituriak” berak lagunduko deutse euren buruak zaintzen eta testigantza emoten. Hori holan dalako... “zuen buruko ule bat ere ez da galduko” (18. a.): hori da bere promesa, nahizta “danak gorroto izango deutsue nire izenagaitik” (17. a.). Bidea ez da erreza, baina Bera, Jesus egongo da beretarrakaz. Eta mezu hau gaur niretzat da, guretzat; egoerea ezbardina izan arren (behar bada, ez jazarpen aldia), bere presentziaren eta laguntzaren eskeintzak gugaz jarraitzen dau, egoera barri honi arpegi emoteko, bere “jakituriak” lagunduta. “Azkena”, beraz, ez dogu bere ardura eta laguntza barik izango, bestetara baino: bere hurtasuna eta presentziaren laguntza izango doguz. Ados, anai-arreba?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, eskerrak martirien testigantzagaitik. Emoiguzu zure indarra bizitzaren, askatasunaren eta justiziaren aldeko burrukan."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue