Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 16

Urtean Zeharreko 32. astea

2019ko Zemendiaren 16a, Zapatua

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-32-S-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 18, 1-8 )

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen bere ikasleei, beti otoitz egin behar dala eta ez dala etsi behar adierazoteko:
- «Bazan herri baten epaile bat; ez eukan, ez Jaungoikoaren bildurrik, ez gizonen begirunerik. Herri haretan bertan, bazan alargun bat ere, eta han joaten jakon, esanez: “Egidazu zuzenbidea nire arerioaren aurka”. Eta luzaroan ez eutson jaramonik egin nahi izan. Baina gero, esan eban bere barrurako: “Ez daukat, ez Jaungoikoaren bildurrik, ez gizonen begirunerik; baina alargun hau gogaikarri jat, eta egingo deutsat zuzenbidea, azkenean betondoko bat emon ez deistan”».

Eta Jaunak holan esan eban gainera:
- «Begira zer dinoan epaile okerrak. Eta Jaungoikoak ez ete deutse zuzenbidea egingo, gau ta egun otoitzean dabilkozan bere aukeratuei? Luzapena emongo ete deutse? Hara zer dinotsuedan Nik: behingoan egingo deutse zuzenbidea.
Baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ete dau holako sinismenik lurrean?».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- “Iratzarrik egon, ba, beti otoitz egiten, indarra izan dagizuen eta etorteko dan guzti honi ihes egin deiozuen, eta Gizonaren Semearen aurrean zutik egon ahal zaitezen” (Lk 21, 36). Jesusek, “etenbarik otoitz egin” beharra dagoala argitzeko (18, 1), epaile okerraren eta alargun gogaikarriaren parabolea kontatzen deutse.

- Egiazko erlijinoa “umezurtzai eta alargunai laguntza” bada (Sant 1, 27), kontakizuneko epailea okerra da benetan -ez Jaungoikoaren bildurrik ez gizonen begirunerik ez daukana (2 eta 4)-; halan ere, alargunak ekin eta ekin eraso ezkero, bere beharrizanak eta egintza gogaikarri bihurtzen jakola ikusirik (Lukasen 11, 1-8ra dakarren adiskide gogaikarriarena gogoratzen dau), bere ardurabakotasunetik ateraten dau. Era berean, Jaungoikoari ere etenbarik otoi egin behar jako (5. a.), Beragan “gau eta egun” joten dauanari entzungo deutsola ziur egonez (7. a.). San Paulok ere, han-hemen etenbako otoitzari buruz diharduanean (Ef 6, 18; 1 Tes 5, 17), otoitza Jaungoikoagaz halako burruka antzeko bat dala azpimarratzen dau (Er 15, 30).

- Baina, “sinismena” eukitea da ezinbesteko baldintza (8. a.): gainean dogu betiko arriskua zera da: beste ardura batzuekaz katigatuta egonez (Lk 17, 27: jan, edan...) Jaungoikoaren Erreinuari lehentasuna emotea gatx egiten jakula. Jaungoikoak zuzenbidea egiten deutso (beste leku askotan errepikatzen dan adierazpena: 3, 5, 7. aa.) aspertu barik eskatu eta eskatu egiten deutsonari; entzun eta atea edegiten deutso deika jagokonari, baita gau berandua izan arren ere.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- “Jerusalemeruntz” bidea egiten dauanaz batera, ebanjelariak Jesusen beste erakutsi eder bat azpimarratzen dau, bai bere bizitzaz eta bai bere berbaz: “beti otoitz” egitearen beharrizana (1. a.). Eta parabola grafiko eta bizi bategaz argitzen dau: alargunaren (orduko gizartean eta kulturan ezerez bat) etenbako ekinak eta iraupenak entzuna izatea ziurtatzen dau, eskatzen dauan zuzenbidea eginez. Jesusek otoizlariaren eredutzat jarten dau: “beti otoitz egin behar dala eta ez dala etsi behar adierazoteko” (1. a.).

- Ebanjelariak agertzen deuskun ziurtasuna, Jesusen ustez, honetan datza: Jaungoikoak beti entzuten dau gure otoitza. Berak beti bilatzen dau gure ona eta gure salbamena, geuk baino ere areago. Horregaitik gure otoitza da gure erantzun bat, ez da lehenengo berbea; gure otoitzak Jaungoikoaren borondateagaz topo egiten dau, guretzat onik onena gura dau-ta. Ziurtasun honek eraginda, “beti otoitz egiteak” dau bere zentzuna, gure ona bilatzen dauan Jaungoikoaren borondate horregaz bat egiteko, eta holan batasun osoan bizi.

- Honaino ekarri gaitu Jaungoikoaren Berbeak: etenbarik OTOIZ EGITEA bere borondate salbagarriagaz bat egiteko, badakialako tinkoa eta baldintza bakoa dala. Nire bizitza horretara moldatzea, beste anai-arrebakaz konpartitzea, eta... hortik, bizi eta salbamen proiektu horren TESTIGU izan, gaurko gizarte barruan, hori da gure MISINOA, planteatzen dan gure EGITEKOA. Ba al dogu adorerik?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, bizkortu egizuz nire belarriak, zuzenbidea eta ogia eskatzen dabezan nire anai-arreba zapalduen eta pobretuen oihuak entzuteko. Egizu euren deadarrak bihotz-erdian min emon deistela."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue