Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 13

Urtean Zeharreko 32. astea

2019ko Zemendiaren 13a, Eguaztena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-32-X-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 17, 11-19 )

Aldi haretan, Jesus Jerusalenera bidean joian, Samaria eta Galilea artetik. Herritxu baten sartzerakoan, hamar legenardunek urten eutsoen bidera, eta, urrun geldituta, deadarka esaten eutsoen:
- «Jesus, Maisu, erruki zakiguz!».
Jesusek ikusi ebazanean, esan eutsen:
- «Zoaze eta agertu abadeakana».
Bidean joiazala, garbi gelditu ziran.

Euretariko bat, bere burua osatuta ikusi ebanean, bihurtu egin zan, oihu handiz Jainkoa goresten ebala; eta Jesusen oinetan ahuspeztu eta eskerrak emoten eutsozan. Eta hau samariarra zan.
Jesusek esan eban:
- «Ez ete dira hamarrak garbitu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau baino, bihurtu eta Jaungoikoa goratzeko?».
Eta osatuari esan eutson:
- «Jagi zaitez, eta zoaz. Zeure sinismenak osatu zaitu».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Lukas ebanjelariak gaurko atalean Jesusek egindako mirari bat dakarsku: hamar legenardunen osaketa. “Jerusalenera bidean” txatalak (11. a.), Lukasek 9, 51 eta 13, 22 bertsikuluetan esandakoa gogoratzen deuskuz: hemen kontatzen dan jazoera hau Jesus heriotzara eta biztuerara bidean doala jazoten da, bere bizitzaren azkenera doala; eta doan bitartean, ikasleei irakatsi eta irakatsi dihardu berbaz eta egintzaz. Hamar legenardunek urteten deutsoe bidera eta, deadarka baten (gizakiaren oinazeminak adierazoz: Lk 4, 33; 23, 46), euren alde errukiz esku-hartzeko eskatzen deutsoe (12. a.). “Maisu” deitzen deutsoe, ikasleak holantxe deitzen deutsoe beti, sarri eskaritzat erabilten dabe, Jesusen esku-hartze indartsuaren eske (Lk 5, 5; 8, 39; 9, 33-49).

- “Abadeakana” doazen bitartean (14. a.), (Lv 14, 2.ak dinonez, garbikundeko erritualaren arabera), garbi gelditzen dira. Halan ere, bat bakarrik bihurtzen da eta Jesusen oinetan ahuspez eskerrak emoten deutsoz (15. a.). “Samariar” bat da (16. a.), “atzerritarra”, beraz, bizitzan baztarketa latza esperimentatua (12. a.: Lv 13, 45.an agiri danez, lohiak alkartetik kanporatuak egozan). Beroni buruz hauxe dino: bere “sinismenagaitik”, osatua izanaz gainera, “salbatua” dala (19. a.). Bere antzera, ikasleak ere sinismenez bizitzera deituak dira esker onez: bizitzan agertzen dan Jauna ezagutuz, eta Beraganako esker onez.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Elementu bi dira ebanjelariak Ebanjelioko testu honetan azpimarkatu gura dituanak: bat, Jesus “Jerusaleneruntz doala” (11. a.), bere eskeintz-opariari, kurutzeari eta biztuereari bide emonez; bidean zehar ikasleak eskolatzen dihardu, bizitzarako eta sufrimentu ordurako klabe batzuk eskeiniz; Beragaz batera egiten dabe bidea, baina, hainbeste arlotan, ez deutsoez ulertzen bere proposamenak, bere estiloa, Berak bizi dauana eta eurentzat proposatzen deutsena.

- Baina bada beste elementu esanguratsu bat ere: beste behin bere, errukia orduko gizarte giroan baztartuak ziranen alde erakutsiz eta batzuk osatuz (hau sarritan); hamarreko legenardun talde bat Jesusen egintza salbagarriz “ikutuak” dira. Baina, hau bai gero: atzerritar batek, “super-baztartu” batek (nok, eta samariar batek) lortzen dau salbamen betea eta berak autortu dau Jesusengan dagoan Bizi-dohaia. Bera bai dala atzera bihurtu eta Jesusengan Jaungoikoaren presentzia autortzeko gai.

- Irudi xumea baina zoragarria Ebanjelioak eskeintzen deuskuna, baina niri, guri, itaun sakonak sortuz, gaur Jesusen jarraitzaile gareanoi. “Bidean joiazala”, horrek esan gura dauan guztiagaz... zer adierazo eta sentiduazoten deust? Banoa bere estiloa, bere klabeak, bere proposamenak ulertzen? Ikustekoa da zelan hurreratzen jaken baztartuenei, behartsuenei... Hau da bere proposamena gaur eta niretzat, guretzat. Zelan eta nun aurkitzen dogu gure burua nik eta zuk, anai-arreba? Behartsuenakaz al gagoz?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, begiak jaso eta Zu ikusten zaitut. Egunero nire ondoan zaukadazala jabetzen naz, bizitzako bidean lagun zaitudala. ESKERRIK ASKO!"

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue