Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 10

Urtean Zeharreko 32. astea

2019ko Zemendiaren 10a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-32-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 20, 27-38 )

Aldi haretan, hurreratu ziran Jesusegana saduzear batzuk, berbizterik ez dagoala dinoen horreetakoak, eta itandu eutsoen:
- «Maisu, Moisesek hau itzi euskun idatzita: “Norbaiti anaia hilgo balitxako seme-alabarik itzi barik, hartu bei hildakoaren anaiak emazte hori, eta sortu beioz ondorengoak bere anaiari”.
Zazpi anaia ziran behin. Ezkondu zan lehenengoa, eta seme-alaba barik hil zan; bigarrena ta hirugarrena alargunagaz ezkondu ziran, eta holan zazpirak seme-alaba barik hil ziran. Azkenik, hil zan hareen emaztea ere. Andra hori, hilen berbiztean, hareetariko zeinen emaztea izango da?».

Jesusek honan erantzun eutsen:
- «Mundu honetako gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina beste munduan eta hilen berbiztean parte izatea merezidu dabenak ez dira ezkonduko; hil ere, ezin dira hil, aingeruak lakoak dira eta Jainkoaren seme, berbiztearen seme diralako.
Eta hilak berbiztu egiten dirala, hori Moisesek berak adierazoten euskun, harako sasian jazoaz, Jaunari Abrahanen Jainko, eta Isaaken Jainko, eta Jakoben Jainko deitzen deutsonean. Ez da, beraz, hilen Jainko, biziena baino; Harentzat bizirik dagoz guztiak-eta».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Saduzearrak Jesusengana hurreratu eta maltzurkeriz itaunduten deutsoe; eurok osotzen eben sasoi haretan Israelgo erlijono-taldeetariko bat. Abade taldeagaz bat eginda agertzen da jauretxeko kultuan, eta farisearrak eurak baino ere tradizionalagoak ziran legea betetzen; saduzearrok desagertu egin ziran K. a. 70. urteko hondamendiaren ondoren. Lukasek dinonez, ez eben biztueran sinisten (27. a.), oraintsu Israelgo historian agertutako dotrinea zanez.

- Itauna (28-33. aa.) rabinoen arteko eztabaidetan erabailten zan estilo ezagunean dator: kasu bat aurkeztu eta rabi maisuari -kasu honetan Jesusi- itaunduz, erantzun dagian; oraingo itaun hau azken muturreko bat da, apropos Jesus estularrian ipini guran: zeinena izango da emazte zazpi gizonakaz ezkondu dan emakumea?

- Jesusek, askotan ohi dauanez, beste arlo batera aldatuz, erantzuten deutse, berera ekarriz, Zeruetako Erreinura aldatuz: biztu ondoren, gizakien hartuemonak ez dira izango bizitza honetakoen antzekoak (34-36. aa.). Bere erantzunaren bigarren zatian (37. a.), Jesusek Bibliako argumentu bat aurkezten dau biztuerearen alde, saduzearrak lehendik dakienera bialduz, Moisesen berbak behar dan gogo garbiz irakurten badabez (Ur 3, 2-6): Abrahan, Isaak eta Jakoben Jaungoikoa ez da hilen Jaungoikoa; horregaitik Abrahan, Isaak eta Jakob Beragan bizi dira. Jesusen erantzunaren aurrean, itaundu eutsoenak isildu egin ziran eta bestelako itaunik egiten ez ziran ausartzen (39. a.): Lukasek dakarren apartekotxoa da hau.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Saduzearrak Jesus, Maisu gazteari, planteatzen deutsoen gaia, sarea edo lakio bat ezarteko izan zan, azken muturreko eta barregarrizko kasu bat aurkeztuz; baina helburu jakin bategaz: eztabaidatua zan arazo baten “harrapatu” eta salatu ahal izateko, baztarren barregarri itziz. Barriren barri “buruzagiak”, asko “ekienak”, katigatu gura dabe; bestalde, jente xumeak ulertzen deutso eta onartzen dau bere mezua.

- Jesus, gure artean Jaungoikoaren presentzia bizia, egi haundi bat iragartera dator: gizakien helburua bizitza da, Jaungoikoa “ez dalako hilen Jaungoikoa, biziena baino” (38. a.) eta egoera barri horretan, ez da sortu beharrik ez bere indarrik beharko; horren ordez, biziak, maitasunak eta alaitasunak ez dabe azkenik izango. Holan dalarik, heriotza ez da azken berbea; Jaungoikoak bere bizia eskeintzen deusku, betirako, “Jaungoikoaren seme izatera eta berbizkundean partaide izatera deituak gara eta”. Hauxe da azken adierazpena.

- Eta aukera zoragarria gu fededunontzat. Honetara konbidatzen gaitu Jaunaren Berbeak eta hemen aurkitzen gara: Beragaz “Jerusalenera” igon dogu, bere irakatsiak jaso doguz, bere proposamenak onartu doguz. Zorionak, anai-arreba, BIZITZARA deituak gagozalako! Bizi gaitezala holan sentitzen eta sinisten dabenei dagokien lez.

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, emoiguzu ezagutzera guri deuskuzun maitasuna, oparitu deuskuzun BIZITZA maitatu eta zaindu dagigun."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue