Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 01

Urtean Zeharreko 30. astea
SANTU GUZTIAK
2019ko Zemendiaren 01a, Barikua

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-30-V-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 5, 1-12a )

Aldi haretan, jente-taldea ikusirik, mendira igon eban Jesusek eta, jesarri zanean, bere ikasleak inguratu jakozan, eta Berak honan irakasten eutsen:

- «Zorionekoak, gogoz behartsu diranak;
eurena dabe-ta Zeruetako Erreinua.
Zorionekoak, otzanak;
eurak izango dira lurraren jabe.
Zorionekoak, negar egiten dabenak;
poztuak izango dira-ta.
Zorionekoak, zuzentasunaren gose ta egarri diranak;
aseak izango dira-ta.
Zorionekoak, errukitsuak,
eurak ere errukia jadetsiko dabe-ta.
Zorionekoak, bihotzez garbi diranak;
eurak ikusiko dabe Jaungoikoa.
Zorionekoak, bake-egileak;
Jaungoikoaren seme esango jake-ta.
Zorionekoak, zuzenagaitik erasotuak,
eurena da-ta Zeruetako Erreinua.

Zorionekoak zuok, Nigaitik biraoka eta erasoka erabilten zaituenean, eta guzurretan asmau-ahalak esaten dabezanean zuen kontra; poztu zaiteze ta alaitu, handia izango dalako zuen saria zeruetan».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Mateoren ebanjelioa bost berbaldi zabaletan sailkatu geinke, kapituluak irakurri ahala. Lehengo berbaldi nagusia, gaurko pasarte honegaz hasten dan hau, Jesusen jatorrizko iragarpena zabaltzen eta erakustera emoten dau: “Bihozbarritu zaiteze, Jaungoikoaren Erreinua hur dago eta” (Mt 4, 7; 3, 2; 10, 7). Tartekatzen dan atal zabal honetan gaiak eta berbak alkarlotura estu baten datoz, esanahi haundiko pasarte eder bat osotuz.

- Pasarte honetan azpimarkatzen dira, lehenengo eta behin, zoriontasunen atalak: guztiak dagoz alkarren antzera baten eginak. Zoriontasuna adierazoz hasten da, historian beherengo mailetan dagozanei zuzendua, ondoren “makaltasun” honeik Jaungoikoaren eskuetan dagozala gaineratuz (holan dago zehatz-mehatz idatzita). Izan ere, guztietan joko hauxe dakar: bigarren zatian datorren agintzaria, lehenengo zatian zain dagoan egoera jakin bati erantzutera doa. Negarrez dagozanei, Jaungoikoaren poza dagokie (4. a.); apalak, Jaungoikoak lurraren jabe egiten ditu (5. a.); zuzentasunaren gose eta egarri diranak, Jaungoikoak asetuko ditu (6. a.); bihotz errukitsua dabenei Jaungoikoak errukia izango deutse (7. a.); bihotz-garbi diranak Jaungoikoaren arpegia ikusiko dabe (8. a.); bakearen aldeko diranak seme-alabatzat hartuko ditu (9. a.).

- Eskema orokor honetatik zertxobait bereizten dira lehenengoa eta zortzigarren zoriontasunak, biak ere alkar osotzen dabe eta, “gogoz behartsu diranei” (3. a.) eta “zuzentasunagaitik aurrean erabiliei” (10. a.) Zeruetako Erreinua. Zoriontasun biok hartzen dabe, egikera honi esker, sakontasun berezi bat; eta azkenengoak ebanjelioko iragarpen hau kristau alkartearen egoera larriari zuzendua dago (11-12. aa.). “Zeruetako Erreinua” da zoriontasunak ulertzeko giltza eta, horrez gainera, baita ebanjelio osoa ulertzeko ere (esaterako, Mateok 13. kapituluan dakarzan parabolak).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- “Mendiko Berbaldian” aurkitzen gara, eta honegaz hasten dau Jesusek bere MAISU lana eta, lehenengo erakustalditzat, bere planteamentu osoaren eskakizun etikoak eskeintzen deuskuz, bere Barri Onaren eskakizun berberak, Berari jarraitzeko deia. Agiri danez, hemen Jesus Moises barri lez agertzen da, herri barri baten eratzaile, honi bere proiektu osoa eskeiniz. Hori dala eta, Zoriontasunen mendia Sinai mendiaren irudi dogu. Hemen beste danak osotasuna hartzen dau.

- Erakustaldi osoaren helburua hauxe da: Jaungoikoaren LOGIKA jokabidea agertu, izan ere, hauxe da Jaungoikoaren gauzak ikusteko eta egiteko jokoa, arraro samarrak iruditu arren. Horregaitik, hemen eskeintzen jaku Erreinuaren Idazki Nagusia: Jaungoikoa itxuraz munduan makal eta baztertuak diranen alde agertzen da. Gitxitzat eta baliobakotzat dagozanen alde agertzen da Jaungoikoa. Areago, hauxe da zoriontasun beterako bidea.

- Hona hemen neure bizitzarako ere Idazki Nagusia, Erreinuan partekide izan gura badot. Jaungoikoaren jokabide honek hainbat galdera sakon sortzen deustaz, Jesus Berak azkeneraino bete izan ebazanak, hain zuzen. Danera jota, hauxe da oinarrizko galdera: nire bizitza zuzen planteatuta al daukat zoriontasun horretaz jabetzeko, Zoriontasunak aurrean jartzen deustenaz jabetzeko? Zer dinostazu, anai-arreba horrek? Erreinu honen ezaugarri izatea da gure arloa, gaur eta hemen!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Gure Jaun eta Jaungoikoa: onartzea gatx egiten jakun zoriontasun bidea aurkezten deuskuzu. Konbentzidu gagizuz, Jesus egin zenduan lez, hauxe dala biderik zuzenena, eta egin gagizuz Zoriontasunera daroan munduaren eratzaile."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue