Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 6

Urtean Zeharreko 27. astea

2019ko Urriaren 6a, Domekea

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-27-D-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 17, 5-10 )

Aldi haretan, apostoluak honan esan eutsen Jaunari:
- «Gehitu eiguzu sinismena».
Eta Jaunak:
- «Mostaza-hazia hainako sinismena bazendue, masustondo honi esango zeunskioe: “Urten hortik eta bota zuzterrak itsasoan”, eta egingo leuke zuon esana.

Egin daigun zuen morroia goldaketan edo artzantzan dabilela; kanpotik etxera etortean, nok esango deutso: “Zatoz eta jarri zaitez berehala mahaian?”. Ez ete deutso beste hau esango: “Prestau egidazu afaria, jantzi garrikoa eta serbidu naizu, nik jan eta edan arte; zuk gero jan eta edango dozu”? Ugazabak zor ete deutso eskerrik morroiari, agindu jakona egin daualako?

Bardin zuok ere: agindutako guztia egiten dozuenean, esaizue: "Morroi gauza-eztiran batzuk gara; egin behar genduana egin dogu"».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Lukasek 17. kapituluan Jesusen esaldiak batzen ditu, gaur liturgiak eskeintzen deuskun pasartea ere barruan hartuta. Lehenengoak sinismenagaz dau zerikusia. Ikasleak, Jesusegaz eroandako bizitzan zehar, Maisuari sarri entzun eutsoen goraltzen mirari eske hurreratzen jakozanen sinismena (esaterako, Lk 7, 9; Mt 15, 22). Orain, Ebanjelioa iragarteko euren gain hartu dabenetik gora, berehala konturatu dira honetaz: alde batetik hartu daben egitekoaren eta euren sinismen makalaren artean alde handia dagoala. Hori dala ta, bihotzaren erditik urteten deutse oihuak: “Gehitu eiguzu sinismena” (6. a.).

- Jesusen erantzunak harridura sortzen dau. Ez da erantzun zehatz eta kontsolagarria; areago, ikasleen barruan hutsune haundiagoa sortzen dauan hiperbole bat da. Sinismen pixka bat da nahiko, ea ikusezineko hazitxo baten tamainukoa, egintzarik harrigarriena egiteko, esaterako: masustondo bat aterateko, nahizta bere susterrak ondo errotuak euki lur sakonean.

- Eskeintzen jakun bigarren atalak ingurumari osoa argitzen dau, nahizta azaleko irakurketa baten harridurea sortu. Ugazabak ez dauka morroiagazko betebeharrik, honek bere esanak zehatz bete arren. Jesus une honetan ez dabil gizarte aldetik ugazaba-morroien arteko gorabeherak argitzen; hori barik, eguneroko bizitzatik jasotako irudi bat erabili baino ez dau egiten. Jesusek eskatzen dauana hauxe da: apaltasun sakona, norberagan askatasun jarrera, goiko jarlekuen egarri barik. Ikasleak, beti ere, bere burua txikitzat, behartsutzat hartu behar dau, Jaunak eskeintzen deutson arlo astunaren aurrean ez-nahikotzat sentiduz. Jesusek ez gaitu gura geure burua haundiustekotzat eta Erreinurako lankide garrantzitsutzat euki daigula. Geuk egin ahal doguzan egintzak ez dira aintzat hartzekoak, gitxi-asko, harrokerira eroateko bide diralako. Jaunak ez gaitu hezi gura logika honen harira. Geure esku egon dan guztia eginda gero ere, irabazgarri izango da honen kontzientziz haztea: “Jaunak ez badau etxea eregiten, alperrik dihardue etxegileak lanean” (Sal 126, 1), eta zoriontsuak izango gara Jaunagan uste osoa ipini dogulako.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Maisuaren irakasketak aurrera darrai, eta gaur gogoan euki beharreko alderdi interesgarri bat aurkezten jaku: norbera gauzez izatearen kontzientzia. Hauxe da ikasleak Jainkoaren aurrean hartu behar dauan jarrerea: ez gero farisearren antzekoa, beti sariaren atzetik; hori barik, lan eginda gero, apaltasunez jarraitu, bestelako ardura barik: “Morroi gauzaez diran batzuk gara; egin behar genduana egin dogu” (10. a.). Hona hemen jarrera propioa eta egokiena!

- Eta hemen aurkitzen da Ebanjelioko klabe nagusia: DOANTASUNA, bizitzako jarrera lez, Jaungoikoaren bizi-egitasmoari maitasunezko erantzuna lez. Ez da meritua azpimarratzen dana, Jaungoikoaren maitasunari doaneko eta maitasunezko erantzuna baino. Maitatu ahal dogu, Berak maitatuak garalako eta, horregaitik, oso-osoan bere eskuetan sentitzen gara. Jarrera honi esker, itzelezko indarra dau hemengo “gehitu eiguzu sinismena”, ebanjelioko atalaren hasieran agertu jakunez. Bide luzea gelditzen jaku doantasunezko prozesu horretan.

- Zenbat irakatsi eder atera geinkezan Jesus Maisuaren proposamen horretatik! Etenbako konbitea: Jaungoikoaren maitasun-iturrian edatera; bere eskuetan egotearen poza eta segurtasuna; egunetik egunera Beragazko seme-hartuemon estu eta maitekorragoa bizitzera; beste anai-arreba batzuekaz senitarte sentidua eta anaiartearen indarra alkarbanatzera... Hemen gagoz! Txastatu egizu! Konpartidu egizu!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, DOANTASUNA dala zure ikaslearen estiloa gogoratzen deustazu. Hartzen dogun dana da DOHAIA. ESKERRAK zure dohaien partekide egin nozulako!"

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue