Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 31

Urtean Zeharreko 30. astea

2019ko Urriaren 31, Eguena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-30-J-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 13, 31-35 )

Egun haretan, farisear batzuk joan jakozan Jesusi, esanez:
- «Urten egizu, zoaz hemendik, Herodesek hil egin nahi zaitu».
Jesusek erantzun:
- «Zoaze eta esan azeri horri: "Hara, gaur eta bihar jarraituko dot deabruak jaurtiten eta geisoak osatzen, eta etzi izango da nire azken betea".
Baina gaur, bihar eta etzi, neure bidean aurrera joan behar dot, profetarik ezin daitekelako hil Jerusalendik kanpora.

Jerusalen, Jerusalen!, profetak hilten dozuzana, eta zugana bialduei harrika egiten! Zenbat bider batu nahi izan ditudan zure semeak, oiloak txitak hegapean lez, eta zuek ez dozue nahi izan! Baina, begira: hutsik gelditu jatzue etxea!
Eta Neuk dinotsuet: ez nozue gehiago ikusiko, hurrengo hau esateko eguna etorri arte: “Bedeinkatua, Jaunaren izenean datorrena!”».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Badakigu Jesus Jerusalenerako bidean doala (Lk 9, 51): gero eta argiago ikusten dau Kalbarioa dala, Berak Aitari gizateri osoaren alde maitasun-oparitzat bere bizia emongo deutson lekua. Ezin dau ezek atzeratu, ez aurreratu Jesusek bere misinoa beteko dauan “ordua”: ez Herodesek, ez Pedrok, ez beste inok.

- Gainera, Jesusek egin nahi dauana, aurrera eroango dau erabagi sendoz eta askatasunez. Herodes “azeri horri” esatera bialtzen ditu, erdi-esanean itziz, egingo dauan guztia pazku-ikuspegiz egiten dauala. Benetako profeten antzera, Jesus ezin da hil Jerusalendik kanpo, horregaitik bertara joan behar dau bere misinoagazko leialtasunez.

- Ondoren dator Jerusaleni buruzko Jesusen erosta-saila (34. a.), erosta-profezia, laster baten beteko dana. Jesusek Jerusalen jarri nahi dau adiskidetze-ezaugarri lez, bake eta batasun ezaugarritzat, baina berak gogorkeriz eta zatiketa-keinuz erantzuten deutso. Jesusen profeziak gune bi ditu: bata ezkorra, lehenago Jeremias profetak egin eban lez (Jr 12,7), Jerusalen eta bertako biztanleen hondamendia aurresaten dau, gehiago ezinbestean maite baditu ere; eta bestea baikorra (Sal 118, 26), azken aldietan Israelen onbideratzea aitazen dauala dirudi.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesusen adorez eta jakinaren gainean hartu dau Jerusalenerunzko bidea. Hau da, badakialako holan Aitaren egitasmoa beteten eta aurrera eroaten diharduala, Beragan uste osoa jarrita. Horregaitik, ez Herodesek, ez bere sinismen gitxiko taldeak, ez deutsoe atzera eragingo bere bizia eskeintzeko bidean, Aitaren eta bere salbamen asmoen aldeko maitasun-agerpen lez. Datorrena datorrela, Jesus leiala da bere misinoa beteten, horretan bizia jokatu arren.

- “Jerusalen, Jerusalen…” (34. a.): Jesusen erostaldi larria: Berak juduen espiritualtasunaren bihotz eta erakusgarri dan uri honen alde aintzinako agintzariak bete nahi -Aitak hain maitasun haundiz zaindu dauana-, baina gogor itxi zan Mesias lez agertu dan Jesusengan Jaungoikoaren presentzi barriaren aurrean. Zoragarria erabilten dauan konparaketa: “oiloak txitak hegapean lez” (34. a.); holangoa da Bera.

- Harritzekoa da, benetan harritzekoa, Jesusek eragozpenen aurrean agertzen dauan jarrera tinko eta konszientea, datozan lekutik datozala; danen gainetik Aitaren egitasmoa betetzera joten dau! Ez inok, ez ezek ez deutso atzera eragingo bere bizia eskeintzeko bidean! Jesusen eskola horretan BETI ikasi, bere aztarrenak jarraitu, berak egindako bidea egin… horra niri, eta zuoi aurkezten jakun BIDEA. Prest al gagoz?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, harritu egiten nau Aitaren asmoen aurrean Zuk dozun esanekotasun oso-osokoak, anaien, gu guztion aldeko zure maitasunak eta eskeintzak. Lagun eiguzu Zuri jarraitzen ondoren guztiakaz."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue