Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 30

Urtean Zeharreko 30. astea

2019ko Urriaren 30a, Eguaztena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-30-X-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 13, 22-30 )

Aldi haretan, ba joian Jesus, herri eta auzoetan zehar irakasten, Jerusalenera bidean.

Eta batek esan eutson:
- «Jauna, gitxi al dira salbetan diranak?».
Berak erantzun eutson:
- «Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen; asko izango dira -Neuk dinotsuet- sartu nahi izango dabenak, eta ezingo dira sartu. Etxeko jaunak jagi ta atea ixten dauanean, kanpoan gelditu eta atejoka hasiko zaree, esanez: "Edegi eiguzu!". Eta harek erantzungo deutsue: "Ez dakit nortzuk zareen".
Orduan zuek honan hasiko zaree: "Guk Zeugaz jan eta edan izan dogu eta Zuk gure plazetan irakatsi dozu". Baina Harek esango deutsue: "Ez dakit nortzuk zareen; alde Nigandik, gaizkileok!".

Orduan izango da negarra eta hagin-karraskadea! Abrahan, Isaak, Jakob eta profeta guztiak Jaungoikoaren Erreinuan ikusiko dozuez, eta zuek handik kanpora bialduak izango zaree. Etorriko dira, gainera, sortaldetik eta sartaldetik, ifarraldetik eta hegoaldetik, eta Jaungoikoaren Erreinuko mahaian jarriko dira.

Eta begira: badira azkenengoak, lehenengo izango diranak; eta badira lehenengoak, azkenengo izango diranak».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Gaurko Ebanjelio orriak irudi eder bi aurkezten deuskuz, euren testuinguruaren argitara ulertu beharrekoak. Alde batetik, bide estuaren irudia dator, bertatik sartzera behartzen gaituana, Erreinuan sartu gura badogu; beste aldetik, lurbira guztiko herrialdeetatik batzen dan jentetza ikaragarriaren irudia, Jaungoikoaren Erreinuko eztegua ospatuko dan uri bedeinkaturako bidean.

- Lehenengo irudiari dagokionez, Jesusek ez deutso zuzenean erantzuten egin deutsoen itaunari: “gitxi al dira salbatzen diranak?”; Berak ekintzara deitzen deusku, konpromesura, erresistentziara. Eta esanguratsua da, testuinguru honetan, Lukas ez da aldatzen, Mateo lez, “ate estutik”, “ate zabalera”, jazoera dramatiko baten gogortasuna azpimarratu nahirik, bere ondoren latz eta guzti. Jesusek azpimarkatu gura dauana hauxe da: Ebanjelioko bidea benetan serioa dala, bakotxaren aldetik aukeraketa erradikala eskatzen dauana eta, batez ere, etenbako ahalegina. “Ahalegindu zaiteze” adierazteko grekoz erabilten dan aditza, inperatibo eraz jarrita gainera, burruka, berehalako erantzuna eskatzen dauana. Ez dala nahiko doguzan energia guztiak batu eta jokatzea; denpora izpitxo bat ere ezin dogula alperrik galdu.

- Bigarren irudiak lagunduta, ebanjelariak beste pentsamentu bat jarten deusku aurrean, banaka batzuen asmoak eta askoren ezustekoak aurrez aurre jarriaz. Hemen ere Jesusen berbetako soinu polemikoa sumatzen dogu: juduen harrokeriaren aurka beste askotan ere jarri beharra izan eban, euren tradizinoen harrokeriaz eta, batez ere, euren abertzaletasunagaitik. Eta Jesusentzat ez dago bata bestearen gainetik ipiniko dauanik ezer. Jaungoikoak Berak ere ez dau egiten pertsonen arteko bereizketarik (Eg 1, 34; eta Lk 20, 21). Lurreko Jesus Beraren ezaguera pertsonalak ere ez dauka garrantzirik; balio dauan bakarra hauxe da: ahalegin guztiz, askatasun osoz eta prestasun maitekorrez Berari jarraitzea. Azkenengo eszenak, ebanjelioko orrialde honetan hain egoki jarrita, erromesaldi luze baten aurrean jarten gaitu, erraza guztietako gizakiz osotua -nahizta odolez Abrahanen jatorrikoak izan ez- sinismen dohaia eskuratuko dabenak.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Irudi esanguratsuak erabiliz, Maisuak argi erakusten deusku: benetan garrantzitsua, eta bakarra, zer dan, itanduten deutsoezan jakingurako huskerien gainetik. Benetan garrantzitsua Berari jarraitzea Ebanjelioko bidetik; hau bai dala aukera latza eta oinarrizkoa eta goitik behera harrapatzen gaituana, alderdi guztietatik. Hauxe da aitaten deuskun “ate estua”; eta egoereak berehalako erantzuna eskatzen dau, bere burua jarraitzailetzat daukanarentzat ezinbestekoa da-ta.

- Horregaitik, “lortutako eskubiderik” ez dago hemen: herri aukeratuko seme-alaba izatea eta gainerakoak (itzelezko tentaldia Israeldarren artean). Ez da nahiko. Ezta Jesus ezagutzea ere; balio dauan bakarra Berari jarraitzea da ondoren guztiakaz, ahalegin eta askatasun osoakaz. Hemen oinarritzen da jarraitzalearen kondizinoa eta Erreinuan partekide izatea.

- Ez dago Ebanjelioko kontakizun honetan saihesbiderik hartzerik. Jesus Maisuaren proposamen argia eta behin betikoa da: bakotxak Ebanjelioaren alde jokatzea beharrezko da, bertan nire bizitza osoa oinarrituz. Hauxe da “ate estua” eta ez da nahastau behar “beste gauza batzuekaz”. Anai-arreba, hauxe da gure bizitzako EGITEKOA; etenbakoa eta lehiatsua, Erreinuko eztegutik kanpo gelditu gura ez badogu. “Badira azkenengoak lehenengoak izango diranak, eta badira lehenengoak azkenengoak izango diranak” (30. a.): ezin dogu ahaztu. Izan bihotz!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Zuk Ebanjelioa jarten deustazu bizitzako osotasuna lortuteko bidetzat. Gura dot, Jauna. Arren, ahalegin honetan ez dagidala okerrera jo."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue