Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 27
Urtean Zeharreko 30. astea
2019ko Urriaren 27a, Domekea |
|
 |
|
Aldi haretan, parabola hau esan eban Jesusek, euren buruak zintzotzat eta besteak ezereztzat eukezalako harrotuta ebiltzan batzuentzako:
- «Gizon bik igon eben jauretxera, otoitz egiteko: bata farisearra zan, eta bestea zergalaria. Farisearrak, zutunik, honan egiten eban otoitz bere barruan: “Eskerrak emoten deutsudaz, ene Jainko, besteak langoa ez nazalako: lapur, oker, ezkontza-nahasle; ezta zergalari horren modukoa ere. Astean bitan egiten dot barau; eta daukadazan guztien hamarrenak emoten dodaz”.
Zergalaria, barriz, urrun gelditu zan, eta ez eban begirik ere jaso gura zerura; eta bular-joka, honan esaten eban: "Ene Jainko, erruki zakioz pekatari honi!".
Benetan dinotsuet: hau zintzotuta jatsi zan bere etxera; bestea, barriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen dauana, beheratua izango da; eta bere burua beheratzen dauana, goratua». |
|
 |
|
- Jesusen Jerusalenera igoeraren testuinguruan gagoz; Erreinuan sartu gura dabenen beharrezko baldintzak jartzen jakuz begi aurrean (Lk 18, 9 - 19, 28). Alkarren aurkako pertsonaia bi agiri jakuz, eta biak otoitzean: bakotxak bere otoitz egikeran agertzen dau bere bizikerea eta Jaungoikoagaz eta hurkoagaz daukezan hartuemonak. Bitzuok erakusten dabe euren bizitza, barruko egia.
- Farisearrak bere merituak jartzen deuskuz agirian: Jaungoikoaren hartzekodun sentitzen da. Egia esateko, ez dau Jaungoikorik behar; eskerrak emoten deutsoz, itxura baten; baina besteak baino hobea izatea emon deutsolako. Harago doa: epaile zuzena da, baina erruki bako epailea: bere burua estimatzen dau itsukeriz neurriz gain, besteak zabortzat eukitzeraino (11. a.). Zergalaria, ostera, bere burua pekataritzat ezagutuz, -hagaitik dago burumakur-, Jaungoikoaren errukira zabalik dago eta Beragandik itxaroten dau dana; bular-joka, Erreinuko atea joten dau, eta edegi egiten jako. |
|
 |
|
- Parabola honek bai argi erakusten deuskula, danetan jartzen doguzan jarrera biak: bizitzan, Jaungoikoagazko hartuemonetan, salbazinoan, hurkoagazko joan-etorrietan... Portaera ezbardinak eta jokabide guztiz ezbardinetara eroaten gaituenak: bata akats bako lege betetzailea, eta besteen epaile zorrotza, gainera; eta bestea, pekatari eta behartsua, Erreinuko atea joteko baino gauza ez dana, apaltasunez bular-joka. Eta harritzekoa: atea edegi egiten jako. Tira...!
- Alde ederra bien artean! Hemengoak bete bai, baina maitatu ez, bere onusteak itsutu egiten dau; ez dau gehiago ezer, ez dau inor behar, Jaungoikorik ere ez. Bestea, pekataria, goitik, Jaungoiko Beragandik, kanpotik jatorkon parkamenera eta salbamenera edegiten da; apal agertzen da, baina uste onez beterik, bere bizitzako unerik onenaren zain; “onena” dan hori Jaungoikoagandik dator. |
|
 |
|
“Jesus Jauna, xumetasun eta apaltasun jokabideak hartu nahi ditut. Emoidazu zure Espiritua, neure haundiusteak engainatu ez nagian, neure burua besteak baino hobeagotzat eukiz.” |
|
|
|
|