Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 22

Urtean Zeharreko 29. astea

2019ko Urriaren 22a, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-29-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 12, 35-38 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Zagoze zuhur, gerrikoa gerrian eta kriseiluak biztuta, ugazaba ezteguetatik noiz etorriko zain dagozan morroiak lez, etorri ta atea joten dauanerako edegi deioen.
Zorionekoak, ugazabak, etortean, zuhur aurkitzen dituan mutilak! Egia dinotsuet: bere gerrikoa soinean jantzi eta mahaian jesarriazoko ditu, eta bera hasiko jake serbitzen. Zorionekoak, ugazabak holan aurkitzen dituan morroiak, naiz gauerdian naiz goizaldean etorri».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Ebanjelioko pasarte honek ohar bat (35. a.), zoriontasun bat(37-38. aa.) eta agintzari bat dakarz (37. a.). Ez da gatxa adierazo gura deuskunaz jabetzea, Jesusen irakatsiaren hiru zatiak alkarregaz loturik zaindu ezkero.

- Oharrak zain-zain egotearen jarrerea azpimarkatzen dau, ondorengo egunetako Berbearen ospakizunetako irakurgaietan zehatzago eta luzeago ikusiko dogunez. “Gerrikoa eta kriseiluak biztuta”, zain egotearen adierazgarri dira: guztientzat ezinbesteko eta derrigorrezko eginhearra, Jauna hur dago-eta, “etorteko dana” heltzear dago-eta. Kapitulu honetan eta hurrengoan datozan parabolak “berehalako eskatolojiaren parabolak” lez dira ezagunak: euretan berehalakotasuna eta berezkotasuna azpimarratzen dira, ez gero duda-mudarik sortzeko, itxaropenez eta konfiantzaz betetzeko baino. Hortik sortzen dan mezua agirian dago: prest egon beharra dagoala, azken ordua gain-gainean dogu-eta.

- Eskeintzen deuskun zoriontasuna parabolearen erakutsiaz ondo loturik dator, bere morroi izatearen kontzientzi argiagaz, itxaroten dagoanaren jarrerea azpimarratuz. Zoriontasun hori sendoturik gelditzen da, parabolako ugazaba etortean, zain dagozan morroiakaz alkartzen danean. Holan dalarik, zain egon beharra dago, lehenengo eta behin, ugazaba noiz datorren ez dakigulako. Baina bigarren errazoia are garrantzitsuago da, Jesusek morroi zintzo eta leialei egiten deutsen promesagaitik: “Bere gerrikoa soinean jantzi eta mahaian jesarriazoko ditu, eta bera hasiko jake zerbitzen” (37. a.). Hor agertzen da eta ugazaba eta morroien arteko batasun osoa eta behin betikoa, Jaungoikoaren eta Beragaz noiz alkartuko zain dagozanen artekoa.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- “Aurrera” begira bizi beharra azpimarkatu ondoren (atzoko ebanjelio-txatala gogora: zorotzat hartuak, horixe kontuan euki ez ebelako), Jesusek berehalako etorrera horren zain dagoanaren jarrerak berplanteatzen deuskuz. ZAIN EGOTEAREN aurrean jarrera egokia arduraz bizitea da, Jauna hur dago-eta. “Gerrikoa jantzita eta kriseilua biztuta”, horra proposatzen jakuzan zain egote horren ezaugarriak. Horixe da bere jarraitzaileak onartu behar dauan portaerea.

- “Zorionekoa” holan jokatzen dauana, leialtasunez itxaroten dauana, horrentzako da ondoren datorren agintzaria: “Gerrikoa jantziko dau, mahian jesarriazoko ditu eta bera hasiko jake zerbitzen” (37. a.); hau da, ugazabaren eta morroien artean batasun oso-osokoa izango da, Jaungoikoaren eta Beragaz topo egiteko egarri biziz dagozanen artean. Benetan zoragarria, zoragarririk bada, eskeintzen jakun agintzari itxaropentsua!

- Ezin dot ahaztu egiten jatan konbitea: arduraz bizi, biziaren Jaunagazko topaketa zoriontsuaz gozatzeko itxaropenez. Horregaitik, helburua ez da inor bildurrez jartzea, TOPAKETA gozatu ahal izatea baino. Ahaztu ezineko deia da izan leitekenik onena, baikorrena, behin betikoa. Ezin dot aukera hau galdu!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, etorkizunera itxaropenez begiratu dagidala eta gauza guztiak prest euki dagidazala, Zugaz behin betiko topaketa egiteko."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue