Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 19

Urtean Zeharreko 28. astea

2019ko Urriaren 19a, Zapatua

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-28-S-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 12, 8-12 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Gizonen aurrean Nire alde urteten dauanak, Gizonaren Semea ere bere alde izango dau Jainkoaren aingeruen aurrean. Baina gizonen aurrean Ni ukatzen nauana, ukatua izango da Jainkoaren aingeruen aurrean.
Gizonaren Semearen aurka berba egiten dauanari, parkatuko jako; baina Espiritu Santuaren aurka birao egiten dauanari, ez jako parkatuko.

Sinagogara, legegizon eta agintarien aurrera zaroezenean, ez ibili buru-hausten, zelan erantzungo edo zer esango: Espiritu Santuak irakatsiko deutsuelako, ordu berean, zer esan behar dozuen».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Gaurko liturgiak eskeintzen deuskun pasarteak Jesusen hainbeste esaldi batuta dakarz; baleiteke Lukasen asmoa hau izatea: munduaren jazarpen eta erronka latzen aurrean kristinauak gogoberotzea eta portaera jatorrak hartzeko erizpide batzuk eskeintzea. Horregaitik ebanjelariak zera gogoratzen deutse: oraingo bizitza eskatologiko ikuspegiz bizi behar dala, gaurkoaz eternitatea jokatzen da-eta. Gogoan izan daigula beti “Honengan bakarrik dogu salbamena, ez deusku-eta Jaungoikoak gizon-emakumeoi beste inor emon eguzkiaren azpian, salbau gaikezanik” (Eg 4, 12); horregaitik Jesus jentaurrean autortzean ipinten dau Jaungoikoak salbamena. Azaleko begikolpe baten, ondorengo bertsikuluan (10. a.) datorrenaz kontraesanean dagoala ez da berehala ikusten. Argitu eta bereiztu beharra dago.

- Jakitun batzuen ustez, Lukasek Jesus nazaretarra salbatzailetzat onartzeko eragozpena ulertzen dau; horregaitik baleiteke bat baino gehiago izatea “Gizonaren Semearen aurka berba egiten dauana”. Baina ez dago parkamenik “Espiritu Santuaren aurka birao egiten dauanak”, hau da, gizakiak askatasunez ukatzea, dohai lez Jaungoikoak Berak barruan iragarten deutson egia. Dana dala, jentaurrean ukatzea, beste barik, jakinaren gaineko desleialtasun bihurtuko litzateke eta kondenagarri. Halan ere, sinistedunak Espirituaren eragina onartzen dauanean, orduan bai dagoala seguru Espirituak lagunduko deutsola, batez ere, testigantza emoteko orduan.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Gaurko Ebanjelioko atalean ere Jesusen aldeko testigantzari buruzko katekesiak jarraitzen dau. Jesusen eta bere mezuaren barritasunaz jabetu dana deitua dago horren testigantza emotera, edonoiz eta edonun. Eta horrek beragaz dakartso jarraitzaileari itxaropenez beteten dauan agintzaria: “Gizonaren Semea ere bere alde izango dau...” (8. a.); “batasun” honek enpatia sortzen dau Kristo Jesusen eta bere jarraitzailearen artean, ezetariko muga barik.

- Horrez gainera, Jesusen jarraitzaileak beste laguntza bat izango dau testigantza emoteko arloan: Jaungoikoaren Espiritua. Horregaitik, Jesukristoren dohaiaz jabetu dana, bere argi eta guzti, ezin dau hori ezkutuan gorde, bestelan salbamen oparia ukatuko leuke eta hauxe litzateke “Espiritu Santuaren aurkako biraoa” (10. a.), eta horrek ez dauka parkamenik ez urtenbiderik. Baina bihotz-zabaltasunez eta onarpenez jokatzen badau, orduan Espirituaren presentzia erabakiorra izango da jarraitzailearen testigantza emoteko arloan.

- Hori holan dala, Jesus Jaunagaz topo egitea eragingarri da niretzat ere, neure bizitzaz, eguneroko joan-etorrietan, bere aldeko testigantza emon ahal dagidan. Eta eginbehar honetan Jesus Beraren eta bere Espirituaren laguntza izango dot. Kontua ez da, beraz, nahi dodan aldera jotea; hori barik, bere bizitzaren dohaia eskeintzea -eta DOAN eskeintzea-, edozein egoera barrutik barriztu eta aldatzeko indarra dauan dohaia, alderdi guztietatik argi barriz beteaz. Dohaiak beragaz batera dakar nire aldetiko testigantza. Batera gatoz, anai-arreba?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, emoidazu jakituria une bakotxean aldien zantzuak ezagutu ahal dagidazan, eta behar dodan sendotasuna egoera bakotxean zintzotasunez jokatzeko."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue