Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 16

Urtean Zeharreko 28. astea

2019ko Urriaren 16a, Eguaztena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-28-X-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 11, 42-46 )

Aldi haretan, Jaunak honan esan eban:
- «Zoritxarrekoak zuok, farisearrok! Menta eta erruda eta ortuari guztien hamarrenak emoten dozuez, baina baztarrean izten dozue zuzentasuna eta Jainkoaren maitasuna. Eginbeharrekoa zan hau, beste hareek baztarrean itzi barik.
Zoritxarrekoak zuok, farisearrok! Sinagogetan lehenengo aurkiak eta plazetan agurrak nahi izaten dozuez-eta!
Zoritxarrekoak zuok! Ikusten ez diran hilobiak lez zaree-ta, jentea konturatu barik hareen gainetik dabilela».

Legelari batek esan eutson:
- «Maisu, holan berba eginez, geu ere lotsagarri izten gozuz».
Jesusek esan eutson:
- «Zoritxarrekoak zuok ere, legelariok! Gizonei eroan ezin halako kargak ezarten deutsezuez, eta zeuok ez dozuez karga horreek, ezta atzamar batez ere, ikututen».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Farisearrak: onenak, konprometiduenak. Eta legelariak: hurkolagunei erakusten eta Jaunaren bideetan gidariak. Jesusek, Lukas ebanjelariak dakarrenez, “ai” gora eta “ai” behera jardunez, talde bi honeen aurka erasoten dau. Sinistu ahal izateko mirariak eskatzen eutsoezanak, goitik behera gaitzetsi ebazan; itxurazaleen bihotza agirian ipini eban; eta orain berbarik gogorrenak zuzentzen deutsez, euren kulturea eta aginpidea aprobetxatuz, beste asko zapaltzeko erabilten dabezanen jarrera ustela baztartuz. Ikusten ez diran hilobi batzuk dira: “kanpotik” itxura ederrekoak dira, baina “barrutik hil-hazurrez ta ustelkeriaz beteak” (Mt 23, 27), euren gainetik, ohartu barik, igaroten diranak kutsatzeko arriskuz (farisearren lege batek inoanez).

- Ironia zorrotzez, Lukasek hasarrezko kontra-erantzun bat ipinten dau legemaisu baten ahoan: “Maisu, holan berba eginez, geu ere lotsagarri izten gaituzu” (45. a.). Baina Jesusen berbei darioen hasarrea eragingarria da: farisearrak euren irudia garbi zaindu beharrez, euren egoera lastimagarria ikustea galazoten deutsoe, oinarrizkoena eta eskakizun zorrotzena ezkutatuz: “zuzentasuna eta Jaungoikoaren maitasuna” (42. a.). Baina pedagogo jator baten antzera, behar danean jarrera sendoenetara ere joaz, Jesusek jo ta ke dihardu farisearrei arpegiko mozorroak kentzen, euren benetako nortasuna ezkutatzen deutsen itxura hutsezko zapiak kentzen. Hori holan dalarik, gehien ardura deuskuna jokoan dagozan baloreak dira: Jesusek ozenki aurkezten dituanak eta giza-itxura guztien gainetik dagozanak.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ezelango zalantza barik, Jesus pedagogo zuhurra da eta, horrexegaitik, gai da bere kontrarioen jarrera ezkutukoenak ere argitara aterateko eta euren egiazko egoereaz aurrez-aurre jarteko. Hemendik doa gaurko Ebanjelioko testua, beste leku askotakoak lez. Izan ere, farisearrok akats bakotzat daukez euren buruak, baina hori azaletik da bakarrik, benetako errealitateaz arduratzen ez diralako: “zuzentasuna eta Jaungoikoaren maitasuna” (42. a.); horrez gainera, “sinagogetan lehenengo jarlekuak jakez gogoko” (43. a.), Jesusen proposamena guztiz kontrakoa izanik. Horregaitik, Jesusen mezua ulertu arren, ezin dabe ikusi ere egin.

- Eta, horrez gainera, besteentzat epaile zorrotzak dira, batez ere, makalenentzat: “Gizonei eroan ezineko kargak ezarten deutsezuez...” (46. a.). Bestelakoa da Jesusen eta bere Ebanjelioaren Misinoa: pertsonea askatzea bere nortasun betean bizi dedin, Jaungoikoaren eskuetatik urten ebanaren antzera; erlijinoko buruzagiok, ostera, besteak kargaren kargaz zelan zapalduko asmatzen dabilz, kontau ezin ahalako legez eta arauz lotuta; herriko jente xumea ez da gauza lege eta arau guzti horreek gogoratzeko ere, zeharo kezkaturik bizirik.

- Ezelango zalantza barik, Ebanjelio atal honek neuri ere erasoten deust, baita Jesusek iragarten deuskun Barri Ona entzuten daben guztiei ere. Bere proposamena guztiz bestelakoa da: bizitzako koherentzia eta jarreretan gardentasuna; bizitzaren jabe dan Jaungoikoaren bilaketa zintzoa, azaleko arau batzuk betean gelditu barik; eta hurkoa maitasunez zerbitzea, horretarako “jarlekuren” batzuk galdu behar badira ere... Hau da hau EGITARAUA! Baina, era batera, gehiago ezin bestean esanguratsua...; izan ere, “bizitza izateko, emon egin behar da”. Hemen gagoz egunero bihotz-zabalik entzuten deutsogunok eta... jarraitu gura deutsogunok. Anai-arreba, izan bihotz!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, harrituta naukazu zure bizitzako koherentziz eta zure jarreren gardentasunez. Askatu nagizu fariseukerizko jarreretatik, eta emoidazu zure Espiritua, neure bizia emonez, neugan bete-betea izan dagidan, Zeuk lez."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue