Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 15

Urtean Zeharreko 28. astea
AVILA-ko Santa TERESA
2019ko Urriaren 15a, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-28-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 11, 25-30 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eban:
- «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jente apalari erakutsi deutsazuz-eta. Bai, Aita, holantxe nahi izan dozu.
Nire Aitak dana emon deust; inok ez dau ezagutzen Semea, Aitak baino; ezta Aita ere, Semeak baino, eta Semeak agertu nahi izan deutsonak baino.

Zatoze Nigana, nekatuok, lanpetuok, eta Neuk arinduko zaituet. Hartu egizue nire buztarria eta ikasi Nigandik: bihotz-bera naz eta apala; eta atsedena aurkituko dozue zuen arimentzat. Nire buztarria leuna da-ta, eta nire zama arina».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Gaurko ebanjelioko atalak Jesusen otoitz eder bat eskeintzen deusku, ebanjelioetan hain urri diranetatik bat. Otoitz hau berakhah labur bat da, hau da, Jaungoikoari zuzendutako bedeinkapen bat (Testamentu Zaharreko salmo askotan agiri danez). Jatorrizko itzulpenari begiratzen badeutsogu, barruko eragina hauxe da: Jaungoikoaren Erreinuko gauzak munduko txikiei lehenago adierazoten jakezala, jakitun haundikiei baino. Jesusek ez dau bedeinkatzen Aita, lehenengo eta behin, gauza honeek munduko jakitunei ezkutatu deutsezalako, “jente apalari erakutsi deutsozalako baino” (25. a.). Hori jako atsegin Aitari, Jesusen seme-bihotzak ikusten dauanez.

- Jarraian, otoitzetik urtenda, harrigarriak dira Jesusek Berari buruz dinozanak: Aitak dana emon deutsola, dino, geroago haundikiro esango ebanez: “Jaungoikoak emon deust aginpide osoa zeruan eta lurrean” (Mt 28, 18). Jesus jakitun dago Berak daukan ahalmenez, Aitak emondako dohaia da eta. Bigarrenez, “inok ez dau ezagutzen Semea, Aitak baino” (27. a.), bere mesiastasuna eta jainkotasuna agirian jarriz, goi argiz ez bada, ezelan ere sinistu eta onartu ezineko gauzak.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesus Jainkoagana zuzenduten da “Aita” deituz eta harrituta bere goralpenak agertuz egin dauanagaitik: bere Erreinuko dohaia eta misterioak munduko TXIKIEI adierazo deutsezalako, giza mailetan agertu ere egiten ez diranei. Hauxe da Aitaren lehentasuna; eta ez dauko isiltzeko. Hauxe da gure Jaungoikoaren haunditasuna, ahaltsu eta jakintsuei gogoko izan, nahiz ez izan! Eta hau ez deusku edozein batek adierazo, Semeak Berak baino, eta honek Aitaz asko daki, inok jakitekotan. Hauxe da Jesusek eskeintzen deuskun dohai eta oparia.

- Holan dala, badakigu Jaungoiko honengana helduteko biderik onena zein dan: “... eta Semeak agertu nahi izan deutsonak baino” (27. a.): Jesus da salbatzen eta askatzen dauan Aitagana daroan bidea. Gaurtik ez gabiltz ilunetan. Hauxe da dogun suertea. Hauxe da nire bizitzarako eta biderako giltza. Hau ahaztuten dodan bakotxean, burubakotu egiten naz, hau da, “bizi-zentzuna” galdu dauan norbait, ezinbesteko argia galdu dauan bat. Eta... hamaika bider, nire joan-etorri apaletan ibili naz esperientzi hau barik, barru eta kanpo noraezean!

- Benetan berba kontsolagarriak Jesusen berbak, bihotzean entzun eta gorde nahi dabezanarentzat! Giza bizitza, izan ere, neketsua eta aldazgora da. Egoera horretan dabilenarentzat adore eta bultzada txikiena ere dohai pozgarria da. Jesus Bera eskeintzen jaku biderako lagun, arnas eta adore-emoile. Hauxe da bere eskeintza eta konbidapena. Baina... harrigarria! Apalak eta xumeak bakarrik ulertu eta onartu daikee, eta bere konbidapena aintzat hartu. Izan ere, gizakiaren harrokeria, haundiustea eta, beraz, “tentelkeria” beti dago agirian eta... indarrean, egon ere! Beragaz bat eginda egotea, buztarripe berean lez, batera jokatuz, Bera beti hur-hurrean dala, bere “arnasez” biztuta... alkarlanean, horra gaurko ebanjelioak eskeintzen deuskun proposamen zoragarria.

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, Zuk ondo ezagutzen dozu nire makaltasuna; baina ziur nago maite nozuna. Zugan dot uste on. Lagun egidazu!"

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue