Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 10 / 10

Urtean Zeharreko 27. astea

2019ko Urriaren 10a, Eguena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-27-J-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 11, 5-13 )

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei:
- «Zuetako batek adiskide bat badau, eta gaberdian haregana joan eta esaten deutso: "Adiskide, emoidazuz zorrean hiru ogi; lagun bat etorri jat bidez etxera, eta ez daukat zer emonik". Baina besteak erantzuten deutso barrutik: "Itzi naizu bakean! Atea itxita deukagu, eta umeak eta danok ohean gagoz; ezin naiteke jagi emoteko". Baina adiskide harek ate-joka jarraitzen badau, hara zer dinotsuedan Nik: adiskide lez emoteko jagiten ez bada ere, gogaikarri izan ez dakion behintzat, jagi ta emongo deutsoz behar dituan guztiak.

Eta Nik hauxe dinotsuet: eskatu egizue, eta emongo jatzue; bilatu egizue, eta aurkituko dozue; jo atea, eta edegiko jatzue; eskatzen dauanak hartu egiten dau, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea joten dauanari edegi egiten jako.

Zuetako norbaitek, aita izanik, semeak ogia eskatuta, harria emongo ete deutso? Edo arraina eskatuta sugea emongo ete deutso, arrainaren ordez? Edo arrautzea eskatu ta lupua emongo ete deutso?
Beraz, zuok, gaiztoak izan arren, zeuon semeei gauza onak emoten badakizue, zenbatez gehiago emongo deutse zuen zeruko Aitak Espiritu Santua, eskatzen deutsoenei!».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Gaurko pasarteak Gure Aita otoitzaren azalpena eta jarraipena dirudi. Jaungoikoak Aita bihotzez maite gaituala uste badogu, Beragan uste osoa izan behar dogu. Uste osoa izateak ezaugarri batzuk ditu: era jakin batez agertzen dala, behin eta barriro ekinez eta iraupenez jardunez, hirutariko autorpen honetan adierazoten danez: “Eskatu egizue eta emongo jatzue; bilatu egizue eta aurkituko dozue; jo atea eta edegiko jatzue” (9. a.). Aitaren ontasunean uste on dauanak iraupenez egiten dau otoitz eta ez da nekatzen, badakialako ez dauala alperrik eskatzen.

- Uste onezko eta etenbako otoitza, beraz, eginkorra da eta hutsegin-ezina. Halan ere, Lukasek ezusteko bat eskeintzen deusku: uste onezko eta etenbako otoitzak beti lortuten dau Espiritu Santua (12. a.). Ez ditu lortuko nahitaez gura doguzan ondasun baliagarriak, baina beti pasakorrak, leitekenik onena baino: Erreinuko partekide egiten dauan dohaia, Erreinuari dagokionez bizi eta jokatzeko indarra damoskuna, tentaldian eutsiz, irainak parkatzera bultzatuz eta Jaungoikoaren nahia egiteko gai egiten gaituana. Horixe da Jaunaren otoitzean eskeinitako eskariak betetzen dituan dohaia, otoizlaria bera ere partekide dalarik. Gizatasunez egindako otoitzak ere gogotan hartzekoak dira, horreek ere eskuragarriak dira-eta.

- Halan ere, otoitzak, otoizlaria bera Jaungoikoaren munduan sartuz, Jainko-dohairik ederrik ederrena emoten deutso, Jainko-mundu horretan -Erreinuan- sartu ahal daiten. “Zeruan dagoan Aitatxo” horren ontasuna hain da zabal-haundia, geure makaltasunak eurak erabilten ditu, gugan dogun oinarrizko beharrizana ezagutu ahal daigun, gainerako beharrizanetan ezkutaturik dagoana: horregaitik, eskatzen dauan Espiritu Santua emongo jako, Jainkoaren salbamen unibertsalaren asmoetan sartu eta aurrera egiteko giltza.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Zehatz-mehatz eta labur esateko, Gure Aita otoitzetik eguneroko bizitzara erakarteko, Jesusek bizitzatik bertatik hartutako adibide bi ipinten deuskuz: lagun gogaikarriarena eta semearen eskabideak entzuten dituan aitarena. Bietan ziurtatzen deusku Jaungoikoak gure otoitza kontuan hartuko dauala. “Eskatu”, “bilatu” eta “deitu”, Aitaren ontasunean uste onean ziurtasuna daualako. Jesusen esperientzia berbera da, goragotik gauzak ikusten dituan Aitaren ikuspegia onartzen daualako.

- Ez da konformatzen behin-behinekoa emonez, haruntzago doa eta Espiritu Santuaren dohaia emoten deusku. Hau da, Erreinuko mundu barrian sartzeko gai dan Espiritua, Jaungoikoak eskeintzen deuskun dohairik ederrena, behin betiko ondasuna txastatu eta esperimentatu ahal daiguzan; horrek ez dau egundo huts egiten, Jaungoikoaren bizitza bera da-eta. Horrenbesteraino eroan eban otoitzak Aitaren aurrean, nahizta bere “gogoak” Aitaren proiektuakaz bat ez etorri.

- Hemen aurkitzen naz ni Aitaren aurrean eta otoitzean seme-hartuemonez eta uste onez beterik biziteko proposamenaren aurrean. Zeinbat itaun eta kezka sortzen dauan nigan Ebanjelioko pasarte honek! Eta... zein bestelakoa dan nire eguneroko otoitza, hau da, nire Jaungoiko-Aitagazko hartuemona! Espiritu Santuaren dohaia beharrezko jat bera ere, Erreinuaren eremuan sartzeko, Jaungoikoaren bizitzan bete-betean. Orduan bai betekadea nire bizitzan!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, otoitzerakoan Aitagaz dozun segurtasunak harritu egiten nau. Emoidazu zeure Espiritua, nigan ere Jaungoiko-Aitaren maitasunean uste oso eta betea nagusia daiten."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue