Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 31

Urtean Zeharreko 21. astea

2019ko Abuztuaren 31, Zapatua

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-21-S-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 25, 14-30 )

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen bere ikasleei:
- «Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak utzi eutsezan. Bati bost talentu emon eutsozan; beste bati, bi; beste bati, bat bakarrik: bakotxari, bere trebetasunaren arauera. Eta gero joan egin zan.

Bost talentu hartu zituanak, hareekaz lanean hasi zan berehala, eta beste bost irabazi zituan. Bi hartu zituanak ere bardin egin eban, eta beste bi irabazi zituan. Bat hartu ebanak, ostera, lurrean zulo bat egin, eta han gorde eban bere nagusiaren dirua.

Handik luzarora, etorri zan morroi hareen nagusia, eta kontuak garbitzen hasi jaken. Hurreratu zan bost talentu hartu zituana, eta beste bost eroan eutsozan, esanez: "Jauna, bost talentu itzi zeunstazan; begira, beste bost irabazi dodaz". Nagusiak esan eutson: "Ederto, morroi zintzo eta leiala! Gitxian zintzoa izan zarealako, askoren buru egingo zaitut; sartu zaitez zure nagusiaren pozetan".

Hurreratu zan talentu bi hartu zituana, eta esan eutson: "Jauna, talentu bi itzi zeunstazan; begira, beste bi irabazi dodaz". Nagusiak esan eutson: "Ederto, morroi zintzo eta leiala! Gitxian zintzoa izan zarealako, askoren buru egingo zaitut; sartu zaitez zure nagusiaren pozetan".

Azkenean, hurreratu zan talentu bat hartu ebana, eta esan eutson: "Jauna, banekian gizon zorrotza zinana; erein ez dozun tokian hartu, eta zabaldu ez dozun tokian batzen dozuna. Beraz, bildurrez joan nintzan, eta lurpean gorde neban zure talentua. Hor daukazu zeurea!".
Nagusiak erantzun eutson: "Morroi gaizto eta alperra! Bazenkian, beraz, nik erein ez dodan tokian hartu, eta zabaldu ez dodanean batzen dodana. Horregaitik, nire dirua dirulariei itzi behar zeuntsen, nik, etortean, irabazi ta guzti jaso nengian. Kendu egiozue talentu hori, eta emon hamar daukazanari. Daukanari emon egingo jako-ta, eta gainezka eukiko dau. Eta morroi alper-huts hori bota kanpoko ilunpeetara. Han izango da negarra eta hagin-karraskadea!"».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Hemen erabili dogun egoerea nahiko ezaguna da, aintxina Ekialde Hurbileko familia giroko ohituren artean, puntu baten izan ezik: morroien eskuetan itzitako diru kopuru haundiak; baleiteke jaun haundiki baten kasua izatea eta azken epaikundeari garrantzi gehiago emotearren. Izan, ere, ohiturea zan, ugazabak urrunera joan beharra eukanean, bere ondasunak morroi zintzoenen esku iztea. Dirua morroi zuhurrenen kontura gelditzen zan, ugazabari irabazi ederragoak irabazteko. Ez da harritzekoa morroi arrunten esku hainbeste diru iztea: izan ere, baziran asko kulturaz eta ahalmenez ondo jantziak, Biblian bertan agertzen danez (esaterako, Egipton Jose, faraonen ondasun guztien buru izateraino heldu zana: Ha 37). Parabolako ugazabak, hain zuzen ere, bere dirua morroien trebetasunaren arauera banatzen dau (15. a.) eta errazoizkoa da, hiru kasuetan, euren esku daukezan bide zuzenak erabiliz frutua emonazoko eutsela.

- Parabolako lehenengo morroi bien erantzunak ez dau sortzen ezelango harrimenik (ugazabak uste ebana lortzen dau); hirugarrenaren jokabidea da zentzunbakoa. Zer da talentua lurpean gordete hori? Errabinoen legeen arauera, lurpean gordetako dirua hartzen ebanak ez eukan bere legezko ugazabari bihurtu beharrik; baleiteke holan morroiak bere burua salbau nahia ondoren gaiztoetatik. Egia esan, ez da ikusten ugazaba aberatsaren kontua benetan aintzat hartzen dauanik. Morroi honen konturik ez dakigu ezer, baina argi dago zerk ez deutson tutik ardura: bere ugazabaren alde irabazbidea egitea. Bildurrarena (25. a.) atxaki bat dirudi, bere jokabide okerra zuritzeko ekarria, dakarrena ere kontraesan bat dalako (26. a.: morroia benetan bildur izan balitz, zuzenago jokatuko eban eta ugazabaren hasarrea kendu). Azken epaiaren kutsu (28-30. aa.) gehiago dauka, epaiketa eskatologikoaren erakusgarri.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ebanjelioko testu honegaz amaitzen dogu Mateoren jarraipeneko irakurketa, hamabi astetan lagundu deuskuna. Eta “eskatologiko berbaldiaren” girotan burutzen da, Jaunaren etorrerearen aurrean kristauak izan behar dogun ZAIN EGOTEA jarrerea azpimarratuz. Eta hauxe da baliogarritzat jarten deuskun estiloa: hartutako dohai-talentuak frutu emoten jartea, asko nahiz gitxi izan. Hauxe da itxaroteko eta biziteko modurik onena.

- Asko dira hartutako dohaiak, eta era guztietakoak. Holan dala, “zain egotea” ez da bildur-ikarazko egoera bat, baikor eta eragile dan zerbait baino; kontua ez da “dirua gordeta eukitea” (parabolako morroiaren gehiegizko zuhurtasuna), hori barik, hutsean eta ez geure merezimentuz hartutako dohaiak frutu emoten jartea zentzunez, baina ausardiz. Hauxe da “Jaunaren zain egoteko” modurik onena.

- Mateo ebanjelariak eskeini deuskun Jesusen ibilbidea benetan ederra da: zain egon, ekinean eta jardunean. Frutu emon (edo talentuak), guztiak dohai hutsean hartu doguz ta. Gure aldetik erantzunik onena frutu emoten jartea da. Badozu gogorik? Hasiko gara?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna: Aitak dohaiz bete gaitu, bizitzako frutuak emon ahal daiguzan. Benetan gura dogu, Jauna. Lagun egiozu gure ahal- eginari."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue