Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 27

Urtean Zeharreko 21. astea

2019ko Abuztuaren 27a, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-21-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 23, 23-26 )

Aldi haretan, Jesusek honan berba egin eban:
- «Zoritxarrekoak zuok, idazlari ta farisear itxurazaleok! Menta eta anisa eta kumin-bedarraren hamarrenak emoten dozuez; baina baztarrean izten, Legean beharrezkoenak diranak: zuzentasuna, errukia ta leialtasuna. Hau zan egin beharrekoa, beste hareek baztarrean itzi barik. Gidari itsuok! Eltxoa irazi ta ganbelua iruntsi egiten dozue.

Zoritxarrekoak zuok, idazlari ta farisear itxurazaleok! Edateko ta jateko ontziak kanpotik garbitzen dozuez, baina barrua lapurkeriaz eta neurrigabekeriaz beterik daukee. Farisear itsu hori! Garbitu egizu lehenengo edanontzien barrukaldea, eta kanpokoa ere garbi geratuko da».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Mateoren ebanjelioak “aiene”ka jarraitzen dau. Hemen doguz gaur beste bi. Farisearren eta Legemaisuen itsutasuna azaleko legekerietan bakarrik agertzen da. Lehenengo “aiene” (23. a.), Legeko betebeharrak txikikerietaraino zehatz-mehatz betetzeko arduraz dabiltzanentzat da, ondoren Jaungoikoaren oinarrizko eskakizunak alde batera itziaz. Itxurazaleak, Legea betetzerakoan, ez dauke ez Jaungoikoa maitatzearen ardurarik, ez lagunurkoarenik, oinarrizko betebeharretan gorde behar diran jarrerak aintzat hartu ere egin barik: zuzentasuna, errukia eta leialtasuna zer diranik ere ez. Zehatz-mehatz, burua galtzeraino sarritan, Legea bete, beste ezerk ez deutse ardurarik emoten. “Eltxoa irazi eta gamelua iruntzi”: itzelezko irudi esanguratsua.

- 25. eta ondorengo bertsikuluetan Jesusek gizakiaren barrukaldea eta kanpokaldea bereiztuten dihardu. Garrantzitsua bihotzeko garbitasuna da, Jaungoikoa holangoak bakarrik ikusi daike-ta (Mt 5, 8), kanpokaldeko garbitasunak ez dauka zerikusi askorik, norbere burua zuritzera ere horrek daroalako sarritan. Kanpokoak barruko garbitasunaren erakusgarri izan behar dau eta ez “lapurkeriz eta neurrigabekeriz” beteriko barrua estaltzeko (26. a.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jaungoikoaren aurrerako huskerien arduraz ibili eta benetan oinarrizkoak diranak alde batera itziaz: horra Jesusek farisearrei zuzenduten deutsen salaketa, esaera zorrotzez eta irudi adierazgarriz egina. Eta, are gehiago jokabide hau zaindu beharreko zuzentasun eta karidadearen aurka badoa, hainbat okerrago. Hauxe da Jesusek bere sasoiko erlijino gidariei arpegira botaten deutsen salaketa gordina: barru garbia zaintzea ahaztu dabe eta, orduan, dana nahastuten da eta azpikoz gora jarten.

- Izan ere, Jesusek bere jokabidez eta erakutsiz, gizakiaren ERDIGUNERA, BIHOTZERA eroan gura gaitu. Profeten irakasbide garbiena jarraitzen dau, osotasuna aginpide haundiz emonaz. Jaungoikoagandik datorren Maisu argiak, gu ere geure barruari begira jarten gaitu, bihotz-hondoko eraginak aztertuz. Hortxe sortzen eta egosten dira motibazinorik onenak eta portaera narrasenak. Hor jarri behar da ardura guztia.

- Izan ere, farisearkeria gure erraietan ere ondo errotua dago. Horregaitik niri ere beharrezko egiten jat hau: eten barik nire bizitza Haren erakutsien espilu aurrean jarri, eta gogoeta zorrotzez eta beste fededun batzuen testigantzaz zuzenduten ahalegindu, isiltasunean otoitzean jardunez. Eta hori guztia azal hutsetan ez biziteko, geure buruari iruzur eginez. Gaurko Ebanjelioko irakatsiak niretzat, geuretzat ere badira. Anai-arreba, zeureganatzen ahaleginduten al zara? Ba al dozu horretarako gogorik, adorerik?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, ez eiguzu itzi bigarren mailako gauzetan indarrak alperrik galtzen, gizakien eta izadiaren arazo larrien aurrean ardura barik biziaz."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue