Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 26

Urtean Zeharreko 21. astea

2019ko Abuztuaren 26a, Astelehena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-21-L-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 23, 13-22 )

Aldi haretan, Jesusek honan berba egin eban:
- «Zoritxarrekoak zuok, idazlari ta farisear itxurazaleok! Itxi egiten deutsezue gizonei Zeruetako Erreinua; zeuok ez zaree sartzen, eta sartu nahi dabenei ez deutsezue sartzen izten.

Zoritxarrekoak zuok, idazlari ta farisear itxurazaleok! Otoitz luzeen atxakitan, alargunen ondasunak irunsten dozuez. Horregaitik, zuen epaia zorrotzagoa izango da.

Zoritxarrekoak zuok, idazlari ta farisear itxurazaleok! Or zabiltze itsasoan eta lehorrean, judutar barri bakar bat egiteko; eta eginda gero, zeuok baino birritan gehiago su-lezarako gai egiten dozue.

Zoritxarrekoak zuok, bide-erakusle itsuok! Honan esaten dozue: "Inok jauretxearen izenean zin egiten badau, ez dago behartuta; baina jauretxeko urrearen izenean egiten badau, behartuta dago". Zoro ta itsuok halakuok! Zer da gehiago: urrea, ala urrea bera santutzen dauan jauretxea? "Eta inok altarearen izenean zin egiten badau, ez dago behartuta; baina altara-gainean dagoan opariaren izenean zin egiten badau, behartuta dago". Itsuok halakuok! Zer da gehiago: oparia, ala oparia bera santutzen dauan altarea?

Altarearen izenean zin egiten dauanak, haren izenean zin egiten dau. Jauretxearen izenean zin egiten dauanak, haren izenean eta han dagoanaren izenean zin egiten dau. Eta zeruaren izenean zin egiten dauanak, Jaungoikoaren aulkiaren izenean eta han jesarrita dagoanaren izenean zin egiten dau.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- “Zoritxarrekoak zuok” salaketa sailean, zazpi biderrez errepikatuz (2, 13. 15. 16. 23. 25. 29), Jesusen ahotik urtendako berbarik zorrotzenak agiri dira. “Bihotzez otzan eta apal” lez agertzen danarentzat, besteen sufrimentuen aurrean bihotz-biguntzen danarentzat, pekatariakaz txeratsu eta behartsu eta txikiakaz samur danarentzat, Jerusalenen hondamendia gogoratuz negar egiten dauanarentzat, orain eta hemen farisearren erlijinozko azalhuskeria modu gogorrean kondenatzen ditu. “Zoriotxarrekoak”, profeten ahotan, zigor eta epai zorrotza adierazoten dabe eta dinoanaren samintasuna agertzen dabe zoritxar negargarri baten aurrean.

- Hemen hiru “Zoritxar” daukaguz. Lehengoa legemaisuen eta farisearren jarrereak sortua da, Jesus eta bere mezua ezetsiaz gainera, beste askori Erreinuan sartzea galazoten deutse-ta, gizaki guztientzat dan Jaungoikoaren dohaia alperrik galduz. Bigarrena lehenengoagaz bat eginda dago: misiolari azalhutsen ahaleginak ere kondenagarri dira, euren helburu bakarra, pertsona asko salbamen bidetik aldendutea da-ta, salbamen deiaren aurrean itxi, eta bihotz gogor, fanatiko eta arriskutsu bihurtzen diralako, nagusiak eurak baino ere areago. Hirugarrenean Jesusek “gidari itsuak” deitzen deutse (16. a.): euren kasuistika zorrotzez Legearen zentzun sakonena ilundu egiten dabe; baloreen jerarkia atzekoz aurrera ipinten dabe: urreak jauretxeak baino gehiago balio dau, altareak opariak baino gehiago; bereizketa eta barrutasuna falta jake. Euren erlijinotasunak, gehienez ere, Jaungoikoagazko gauzakaz dauka zerikusia, baina ez Jaungoikoagaz Beragaz. Itsuak dira eta ez dabe onartzen; areago, besteen gidari izan gura dabe.

- Hipokresia edo faltsukeria (hypokrités bere jatorrian antzezle bat da, bere mozorro eta guzti) beti zelatan dago, eurena benetako erlijino bakartzat jarriaz, Jaungoikoa alde batera itzita, ordezkotzat “salbagarri diran portaerak” kasuistika kutsuz proposatuz. Hipokritari zek ardura deutso? Gauza ikusgarriak: jauretxea, urrea, altarea, oparia... eta ahaztu egiten dau jauretxean bizi dan Ha, aulkian jesarrita dagoana (21. a.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Eskeintzen jakun pasartean Jesusen berba garratz eta zorrotzak agertzen jakuz, polemika giroan esanak. Jesusek erabili ohi dauan jokabidea beti onartzea eta hurtasuna, parkamena eta ulermena izanik, hemen (eta antzeko pasarte askotan) zorrotza eta burruka girokoa nabari da. “Zoro eta itsu halakuok”: hori da motiboa, lagundu beharrean, Erreinuko barritasunean sartzen galazoten deutselako; hau da, Jesus bizitzara daroan Atetzat hartzen ez deutse izten herritarrei; izan, horixe da gizakiaren eta Jaungoiko Beraren azken helburua eta guraria.

- Eta juduen pentsakeran, eta farisearrenean batez ere, autosalbamena sakon errotua dago, ekintzen bidez norbere burua norberak salbatzea; eta horixe da, hain zuzen, Jesusek dakarren barritasunaren aurkakoa: Jesusentzat salbamena Jaungoikoaren DOHAIA da, DOAN eskeintzen dan dohaia, gizakiak gogo apalez eta bihotz zabalez hartu behar dauana. Eta horren ondorena POZTASUN betea eta gainezkakoa da. Farisearrak, euren kasuistika bihurriaren bidez, gehiengoarentzat ezinezko bihurtzen eben. Horra Jesusen “hasarrearen” errazoia.

- Jesusen dohaiaren ONARPENA garbia, baldintza bakoa da, oraindik gainditu bako irakasgaia, baita neure bizitzan ere. “Badaezpada” hori automatismo itzela da gure bizitzan, eta kristau espiritualitatean indarrean dagoana. Jesusen proposamena DOANTASUN osokoa da, Jaungoikoa holan dalako, nahitanahiez. Farisearkerizko jarreretatik askatzea... a zelango arloa guretzat!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, salbamena dan Jaungoikoaren dohaina oso-osoan ZABALTZEA eskatzen deustazu. Egizu, arren, EGUNERO onartu dagidala pozezko DOANTASUN osoz."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue