Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 22

Urtean Zeharreko 20. astea

2019ko Abuztuaren 22a, Eguena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-20-J-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 22, 1-14 )

Aldi haretan, Jesusek, barriro ere parabolatan, honan esan eutsen abade nagusi ta herriko zaharrei:
- «Zeruetako Erreinua, bere semearen ezteguak ospatzen zituan errege baten antzekoa da. Bialdu zituan morroiak, ezteguetarako deituei hots egitera; baina honeek ez eben etorri nahi izan. Barriro ere bialdu zituan beste morroi batzuk, esanez: “Esaiezue deituei: prest daukat nire jai-bazkaria; zekorrak eta okelatarako gizenduak hilda daukadaz, eta dana prest dago: zatoze ezteguetara". Hareek, ostera, ez-entzun egin eben, eta bata bere lurretara joan zan; bestea, bere sal-erosketara; gainerakoak, barriz, morroiei heldu eta, txarto erabili ondoren, hil egin ebezan.
Hasarratu zan erregea, eta bere guda-mutilak bialdu zituan, hiltzaile hareek galtzera eta euren herriari su emotera.
Gero, esan eutsen bere morroiei: “Ezteguak prest dagoz, baina deituak ez eben merezidu. Zoaze, beraz, bide-kurutzeetara, eta aurkitzen dozuezan guztiei dei egiezue ezteguetara”. Urten eben morroiak bideetara, eta aurkitutako guztiak batu ebezan, txar eta on. Eta holan bete zan bazkaldarrez eztegu-lekua.
Sartu zan erregea bazkaldarrak ikusten, eta eztegu-jantzi bako bat ikusi eban han. Eta esan eutson: “Adiskide, zelan sartu zara hemen, eztegu-jantzi barik?”. Harek txistik ere ez. Erregeak orduan honan esan eutsen bere serbitzariei: “Esku-oinak loturik, bota egizue kanpoko ilunpeetara. Han izango da negarra ta hagin-karraskadea!”.
Asko dira deituak, baina gitxi aukeratuak».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Gaurko pasarte hau beste esparru zabal barri baten zati lez dator, Nekaldi aurrean azkenengoa (Mt 21, 1 – 25, 46). Jesus jauretxean dago. Judeguakana zuzentzen da, aurretiaz asmo txarrez itandu eutsoelako: Ze aginpidez irakasten dozu eta horrelako egintzak egiten? Hiru parabola zorrotzez erantzuten deutse: seme bien parabolea (21, 28-32), mahastilari hiltzaileena (21, 33-46) eta, azkenik, semearen ezteguetarako konbidapena (22, 1-14). Azkenengo hauxe da gaur irakurri doguna. Jesusek erabilten dabezan irudiak ondo ezagunak ziran israeldar jator batentzat: ezteguak eta jataldia, hau da, profetak Erreinua iragarteko erabilitakoak, Jaungoikoak bere Herriagaz behin betiko laster burutuko dauan batasun gozoa irudikatuz (25, 1-12).

- Lukasenean bai, baina Mateorenean ez dator “afari nagusirako” konbidapena (Lk 14, 16); bestela baino, erregeak bere semearen ezteguetarako konbidapena. Orduan eta larriagoa eta zentzunbakoagoa da deituen ezezkoa, Jaungoikoaren egitasmoa arbaiatuz. Testamentu Zaharrean Jaungoikoaren eta herriaren arteko senar-emazteen arteko batasuna iragarten da (Jr 2, 2; 31, 3; Ez 16, 1-43. 59-63); “Senar” da Jaungoikoak bere buruari emoten deutson izena (Is 54, 5). Mateok dakarren parabola honek, Jesus agindutako “Senar” lez aurkezten deusku (9, 15) eta konbidatuen portaera okerra azpimarkatzen dau.

- Horretarako ekartzen dabezan errazoiak huskeriak dira: nere lana eztegua baino garrantzitsuagoa dala. Batzuentzat eztegu hori hain da mezpretxugarria, konbidapena egitera doazenak barregarri erabili eta hil ere egiten dabez. Semearen ezteguetarako deia orain gitxien uste dabenentzat da. Jesusek erakutsi nahi dauana zera da: salbamena, bere herriak ukatzen dauana, orain jentilei eskeintzen jake. Berbakera hau gogorra iruditzen jake juduei: ez dabe Bera, ez bere irakaspena onartzen, ezta Erreinuan parte hartzera bere konbitearen unibertzaltasuna ere.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hori da Israel, Jaungoikoak errai samurrez zaindu dauana, horixe da oraintxe bertan Jaungoikoaren eskeintza arbuiatzen dauana, bere Semearen ezteguetarako konbidapena. Hauxe da gaurko ebanjelioko atalak eskeintzen deuskun drama astuna. Agintzarien eta Itunaren herria bere gauzen “arduraz” beterik dago, ezin dau Mesias Salbatzailea ezagutu, eta ez daki graziaren, betetasunaren ordua aprobetxatzen, Jaungoikoak hainbesteko pazientziz eta pedagogiaz prestatzen joan dan ordua. Horra Israelen drama eta gure historia askoren sinboloa.

- Ez da erreza antzeko ikuskizun bat: Jaungoikoak jai egin nahi dau, bere egitaraua jairakoa da eta jai eta eztegu honetara konbidatzen dau. Erreinua, ikusten danez, ez da zoritxar bat, bere eskabideak euki arren (behar ez dan moduan jantzi barik doana). Jazoten dana agirian dago: konbidatu batzuk euren gauzakaz beterik dagozala, edo mundu honetako arduraz katigatuta, eta horregaitik ez dabe onartzen Jaungoikoak eratu dauan doango konbidapen alaia. Eta harritzekoa da Jaungoikoaren erantzuna: arlote, baztertu, ezertarako ez diranak konbidatzen ditu. Salbamena GUZTIENTZAT dago zabalik.

- Holako Jaungoiko hau aurkitzeak ez dauka bardinik! Hamaika bider erakutsi deuskue bestelako Jaungoikoa ere, Jaungoiko honen antzik ez dauana! Bere jai-eztegura konbidatuak eta doan, gainera. Hori bai, “Kristoz jantzita egon beharra”, gizaki barriz, Erreinuaren barritasun hau bete-betean bizi ahal izateko.

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, erakutsi eiguzu ezagutzen eta eskertzen Aitak eskeini deuskuzan dohai bereziak. Ez eiguzu itzi mundu honetako gauzak eta bizitzako ardurak itsutu eta katigatu gaiezan, Erreinuko behin betiko ondasunetatik aldenduz."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue