Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 20

Urtean Zeharreko 20. astea

2019ko Abuztuaren 20a, Martitzena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-20-M-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 19, 23-30 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Benetan dinotsuet: aberatsa nekez sartuko da Zeruetako Erreinuan. Bai, errezagoa da ganbelua jostorratz-begitik pasetea, aberatsa Zeruetako Erreinuan sartzea baino».
Hori entzutean, zeharo harriturik, honan inoen ikasleak:
- «Nor salbau daiteke, orduan?».
Jesusek, begira-begira, esan eutsen:
- «Gizonarentzat ezinezkoa da hori; Jaungoikoak, ostera, dana egin leike».

Orduan Pedrok esan eutson:
- «Hara, gauza guztiak itzi doguz guk, Zugaz joateko. Zer izango da guretzat?».
Eta Jesusek erantzun eutsen:
- «Benetan dinotsuet: gauza guztien barriztatzea etorri daitenean, eta Gizonaren Semea bere aintza-aulkian jesarri, zuok ere, Nigaz etorri zareenok, hamabi aulkitan jesarriko zaree, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko.
Eta Nigaitik etxea edo anai-arrebak, edo aita-amak, edo umeak, edo lurrak izten dituanak, ehun halako jaso ta betiko bizia izango dau.
Lehenengo asko, azkenengo izango dira; eta azkenengo asko, lehenengo».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek gazteagaz topo egiteak eta handik sortzen diran ondorioak beti artegatzen dabe gizakia: aberats bat sartu ahal da Zeruetako Erreinuan? Ebanjelioak berak eskeintzen deusku Jesusen erantzuna. Zorroztasun harrigarriz aurkezten deusku eta “haruntzagorako” bidean jarten gaitu. Zerumuga horretara begira bizitzera dagoz deituak bere ikasleak. Paradoxa honek agirian ipinten deusku aberastasunak sortzen deuskuen arriskua Erreinuan sartzeko, eurok gizakiaren “jabe” bihurtzen diranean. Oinarrira jota, idolatria da hemengo eragozpena; jainko-txanponari kultua ere eskeintzen jako, giza-sakrifizio eta guzti: hurko-laguna!

- Salbamena Jaungoikoaren maitasunezko dohaia da; ez da gizakirik -nahiz pobre nahiz aberats izan- berak bakarrik bere burua salbau daikeanik. Konpromesu pertsonala, dana izteraino helduta ere, ez da salbamena eskuratzeko neurria, dohai hori onartzeko agerpena baino. Erreinua ez da fiskal-jokoan sartzen, trukean zer sari jasoko. Jesusen ikasleak erizpide horretan dagoz oraindik: “Hara, gauza guztiak itzi doguz guk, Zugaz joateko. Zer izango da guretzat?”. Zenbatekoa izango da gure saria?

- Maisuak Jaungoikoaren asmoen barruraino sartzen ditu Hamabiak: Gizonaren Semearen aintza berberean partekide izatea da dagokien salbamen dohaia, “gauza guztien barriztatzea etorri daitenean”; Beragaz jesarriko dira Israelgo herria epaituten, misinoa ere Beragaz konpartidu dabelako. Dagoeneko, ehun bider gehiago izango dabe, “Nigaitik” dana itzi dabelako, bere ikasle izatearren. Nor lehenengo eta nor azkenengo izango dan ebazteko, ez da giza logikarik, ezta gizonak erabilten daben sailketarik onartuko, Erreinuari dagokiona baino: Kristogaz bizitzazko hartuemona, horra benetako altxorra, Aitaren dohaia Bera da-ta.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Erreinuaren barritasunera zabaltzeko kapaz izan ez dan gazte aberatsaren ebanjelioko pasartea oinarritzat hartuta, Jesusek aurrera darrai bere irakasbidean. Lurreko diru eta ondasunak gizaki baten “jabe” egiten diranean, Erreinua eta horrek eskatzen dauana onartzea nekeza da; idolatria jabetzen da bihotzagaz, eta hain indartsu jabetu ere, jarraipena ezinezkoa egiten da; horrek eskatzen dauana zera da: bihotz-erdiko lekuan dagoana alboko bigarrenera aldatzea. Eta hau ezin-argiago agertzen deusku Maisuaren gogoetak herri-esaera zaharrez jantzita.

- Horregaitik, Jesusek Erreinuko atetik baldintza barik sartzea eskatzen deutse ikasleei, Bera sartu eta bertan irauten dauan lez. “Nigaitik” horixe da guzti honen sekretua: egoera barri honek Aitagan dau oinarri eragilea eta eusgarria, ukapen hori gordailu bihurtzen dauana. Hor dator saria: Beragaz batera Aitaren dohaian partekide izatea.

- Hau gogoeta samur sakona Jesus Maisuak eskeintzen deuskuna! Itzelezko konbidapena gaur niretzat ere! Izan ere, betikoa eta berezkoa da bidean gelditzeko joerea eta, holan, neure ondosunen gozamenez liluratzea eta bertan apatx egitea; horixe da, ba, idolatria argi eta garbia. “Zama arinez” bidea egiteko konbidapena egiten deust Maisuak, Erreinuko dinamikan sartu gura badot. Holan da-ta!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, beste behin egiten deustazun proposamena zehatza da: Erreinuko PROIEKTUAREN dinamikan sartzea eta holan bete-betean zoriontsu izan. Lagun egidazu hau barrutik ikusten eta zure alde apustu egiten."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue