Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 17

Urtean Zeharreko 19. astea

2019ko Abuztuaren 17a, Zapatua

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-19-S-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 19, 13-15 )

Aldi haretan, umeak ekarri eutsoezan Jesusi, eskuak gainean ipini eta euren alde otoitz egin egian; baina ikasleak hasarre egiten eutseen. Orduan Jesusek:
- «Itxi umeei, ez galazo Nigana etorten; holakoena da-ta Zeruetako Erreinua».

Eskuak ezarri eutsezan gainean, eta joan egin zan handik.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Irakurri dogun Ebanjelioko pasarte labur honetan Jesus txikiakaz, umeakaz hartuemonean ikusten dogu. Honeek Jaungoikoaren Erreinuaren barruan dagoz; ez beste guztien antzera, herriko partaide diralako; batez ere, euren izatez Jaungoikoaren begietarako balore berezi bat daukelako. Horra, Jesusi aurkezten deutsoe ume aldra bat, seguruenez euren amen eskutik, Maisuak karinoz onartu eta bedeinkatu dagizan, euren alde otoitz eginez (13. a.).

- Ikasleen portaerea, jarrera zakarra izateaz gainera, berehalako purrustada bat bada ere, mokoti aldrebes hareen saltsatik Maisua askatu gurarik; baleiteke sasoiko kultur giroko eraginez izatea (13. a.): umetxoen ardura gitxi hartzen zan, umeak ume lez ezetarako gauz ez ziralako. Izan ere, sasoi haretako kultur giroan nagusiak ez ebezan txikiak aintzat hartzen.

- Gizarte giroko kategoriaren gainetik, Jesusek jatorrizko duintasuna ipinten dau: “Itzi umeei, ez galazo Nigana etorten” (14. a.). Erreinua onartzeko euren prestasuna goraltzen dau Jesusek, ez bakarrik euren moraltasunez, txiki eta on izatera jarriaz; hori baino gehiago, euren errugabetasun eta prestasunagaitik, nagusien malizi eta esperientzi gaiztoetatik garbi. Jesusek berak ere gizartean ume esperientziaren arabera bizitzera jo eban, giza bizitzan umearoaren zentzuna berreskuratuz. Holan dala, Maisuaren berbetan agertzen danez, Haren eta umeen artean antzakotasun estua dago.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ebanjelioak argi eta garbi azpimarkatzen dabe Jesusek guztiei egiten eutsen harrerea; baina lehentasuna umeentzat eta orduko gizartean eta kulturan baztartuentzat izaten eban. Umeak, duda barik, gitxietsien artekoak ziran. “Halakoena da-ta Zeruetako Erreinua” horrek agertzen dau Jesusen jarraitzaileen jarrerea: sentzilotasuna, bihotz-garbitasuna, makaltasun sentimentua... horra Jesusen jarraitzaile baten “ezaugarriak”.

- Izan ere, umearen sentzilotasun eta makaltasunak jarrera bat adierazten dabe bizitzaren, Erreinuaren eta bere baloreen aurrean. Doantasuna dozu edegitasunaren eta onarpenaren berezko elementu naturala; holantxe izan beharko dau, Aitagan uste osoa jarri eta Beragandik hartzeko zain egon gura dauanak. Hementxe dago Jesusen “sekretua”, dana bestelakotzen dauana.

- Hemen barriro proposatzen jat beste estilo bat “itxura” jakin bategaz. Izan ere, “dirudunak” eta “sasijakintsuak” ezin dabe onartu gogo onez Erreinuaren dohaiaren doantasuna; euren harrokeriak galazoten deutse. Ikaragarrizko tentaldia, alperrik erabili era askotako plantak eguneroko bizitzan! Baina... hil-biziko kontua da: Erreinua eta bere dohaia onartu, edo harrokeriaz ukatu. Eta zuk... zer?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, bizitzan umearen errugabetasun, konfiantza eta prestasun jarrera proposatzen deustazu. Gura dot, Jauna. Behar dan guztian gogoratu egidazu."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue